Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibar TEK komunitatearen parte izateko izen-emate epea zabalik

TEK Eibar komunitatea aurkezteko prentsaurrekoaren irudia.

TEK Eibar komunitatea aurkezteko prentsaurrekoaren irudia.

2024/02/27

Eibarko Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Jasangarritasun Departamentuaren eta Next Generation europar funtsen lankidetzari esker, Eibar TEK (Tokiko Energia Komunitatea) sortu da.

Gaur goizean aurkeztu da prentsaurrekoan TEK Tokiko energia-komunitatearen egitasmoa. Bertan izan dira Jon Iraola alkatea, Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen diputatua, Alberto Albistegi Ingurumen zinegotzia, Ana Aramberri Eibar Merkataritza Gune Irekiaren ordezkaria eta Edinorren ordezkari bat.

Tokiko energia-komunitate honek anbizio handiko plan bat du energia-autokontsumoko komunitate zabal bat eratzeko; horretarako, panel fotovoltaikoak jarriko dira eraikin publikoen teilatuetan, eta hortik sortzen den energia herritarrek erabili ahal izango dute. 

Honek herriaren berroneratze-lanetan ere lagunduko du. Udalak berak lagatako teilatuetan 3 instalazio fotovoltaiko jarriko dira.  Izan ere, orain posible izango da energia berriztagarria kontsumitzea autokontsumoaren bidez, obrarik egiteke, energia-aurreztuta eta jarraitzeko konpromisorik gabe.

Ekimenak berroneratze-lanetako programa integral bat jasotzen du, arreta berezia jarriz birgaitze-jarduketetan, irisgarritasunaren hobekuntzan eta bizitegi-eraikinetako energia-eraginkortasunean.  Proiektu hau aurrera eramateko, 197.000 euro inguruko aurrekontu bat egongo da; 100.000 euro Gipuzkoako Foru Aldundiaren Jasangarritasun Departamentuko deialdiko dirulaguntzetatik etorriko dira. 

Jon Iraola Eibarko alkateak prentsaurrekoaren hasieran eskerrak eman dizkio Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuko diputatuari emandako laguntzagatik, eta zera gogorarazi du: “Eibar Euskadin lehen herria izan zen industria-enpresen komunitate energetikoa sortzen. Oso pauso garrantzitsua izan zen ingurumenaren arloan. Unea da herritarrak energia berriztagarrien bidera batu daitezen, eta, hala, karbono-aztarna murriztu dadin”. Azkenik, eibartarrak gonbidatu ditu proiektuan parte hartzera eta ahaleginak egitera aldaketa klimatikoaren aurka borrokatzeko.  Komunitate energetiko hau aukera ezin hobea da energia garbiaren aldeko apustua egiteko.

Jose Ignacio Asensio foru diputatuak nabarmendu duenez, Gipuzkoako Jasangarritasun Departamentuaren helburua da udalerri guztiek energia-komunitate propioa izatea.  Gaur egun, 51 energia-komunitate daude martxan Gipuzkoako 41 udalerritan, Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak bultzatuta eta eraikin publikoen estalkiak doan lagatzen dituzten udalekin lankidetzan.  “Helburua da Gipuzkoako udalerri guztiek beren komunitate propioa edukitzea. Urrats oso garrantzitsua da herritarrek eskubide soziala baitute energia garbia baldintza ekonomiko onuragarrietan izateko; eta aurrerapauso handia da energiaren demokratizazioak kolektibo guztiak barne har ditzan, inor atzean utzi gabe. 

Asensiok gogorarazi duenez, “bereziki, bizi ditugun garai hauetan, non eszenatoki energetikoa oso zaila den eta prezioen inflazioa oso altua, ezinbestekoa da familiei etxeko ekonomiaren zama arintzea; energia-fakturan % 30 aurreztea oso bultzada positiboa da horretarako.  Energiaren demokratizazioan aurrera egitea eta erregai fosilekiko mendekotasun txikiagoa izango duen kultura eraginkorrago, justuago eta jasangarriago baterantz jotzeak pertsonen  bizi-kalitatea hobetzea ekarriko du.

Proiektuaren arabera, 1.093 m2-ko azalera erabilgarrian gutxi gorabehera 163 kW-ko edukiera duten 364 eguzki-panel jarriko dira. Ekimen honen helburua da 246 erabiltzaile inguruk, udalerriko etxe partikular eta denda txikiek, besteak beste, proiektutik onura atera ahal izatea; betiere baldintza izango da instalazioren batetik bi kilometroko erradioan kokatuta egotea.  Instalazioak Portalean, Arrateko Andra Maria ikastetxean eta Amañako ikastetxean egongo dira.

Eibarko TEK proiektuak deskarbonizazio-prozesuan eta herria toki jasangarriagoa izaten lagunduko du; eibartarrei aukera emango die energia modu eraginkorragoan sortzeko eta kontsumitzeko, ingurumenarekiko arduratsu jokatuz eta % ehunean herritarrengan pentsatuz. 

Ekimenari buruz gehiago jakin nahi dutenek Coliseo eraikinean eta Errebal Plazan martxoan egingo diren bi hitzaldietako batera jo dezakete.

  • Martxoak 12 , 18:30ean, Coliseo Antzokian
  • Martxoak 14, 12:00etan, Errebal eraikinaren aretoan

Establezimenduei zuzendutako hitzaldia, martxoaren 19an, 15:00etan, Errebal Plazan.

Informazio gehiago jaso nahi izanez gero, www.tekeibar.eus webgunean kontsultatu daiteke edo 900 859 695 telefonora deitu astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 18:00etara.