Eibar Mogidu ekimenak paziente onkologikoak hartuko ditu, tratamendua jasotzen duten bitartean jarduera fisikoa bultzatze aldera
Otsailaren 3an hasiko da zerbitzua, pazienteak Onkologikotik eta Minbiziaren Aurkako Espainiako Elkartetik bideratuta. Osasun-ekimen honen barruan dauden Gipuzkoako zazpi herrietako bat da Eibar.
Eibar Mogidu Jarduera Fisikorako Orientazio Zerbitzuak bere jarduketa-esparrua zabalduko du otsailaren 3tik aurrera; izan ere, Onkologikotik eta Minbiziaren Aurkako Espainiako Elkartetik bideratutako pazienteak ere artatuko ditu. Ekimen honen helburu nagusia da tratamenduan dauden pertsonei aktibo egoten laguntzea, eta, hala, osasun-profesionalek emandako gomendio terapeutikoei jarraipena ematea.
Programa honetan parte hartzen duten Gipuzkoako zazpi herrietako bat da Eibar, eta minbizia duten pertsonen sendatze-prozesuan eta ongizatean jarduera fisikoa txertatzearen aldeko apustua egiten du.
Jon Iraola Eibarko alkateak proiektuaren balio soziala eta sanitarioa nabarmendu du: “Eibar Mogiduk erakusten du erakundeen arteko elkarlanak herritarren bizi-kalitate hobetu dezakeela. Gaixo onkologikoak ere artatzeak indartu egiten du gure konpromisoa herri osasuntsuago eta solidarioago bat izateko, baita gero eta zerbitzu publiko osoagoak izateko ere.
Andoni Ameztoy Kirol zinegotziak ekimenaren dimentsio prebentiboa eta terapeutikoa azpimarratu du: “Jarduera fisikoa funtsezko tresna da ongizate fisikoa eta emozionala hobetzeko. Zerbitzua zabaltzean, urrats bat gehiago ematen ari gara inor atzean geratu ez dadin, bereziki egoera zaurgarrian dauden pertsonen kasuan”.
Lankidetzak bi noranzko izango ditu, hala, zerbitzuko orientatzaileak bai Onkologikoak bai Minbiziaren Aurkako Espainiako Elkarteak informazioa emango diete erabiltzaileei bultzatutako jarduera fisikoari eta programa espezifikoei buruz. Lankidetza-sare honek Eibar Mogiduren helburu estrategikoetako bat sendotzen du: erakundeen eta tokiko eragileen arteko elkarlana, pertsona ez-aktiboek edo zailtasun funtzionalak dituztenek jarduera fisikoa egiten jarrai dezaten, modu seguru eta egokituan.
Gaur egun, jarduera Fisikorako Orientazio Zerbitzuak Toribio Etxebarriako Osasun Zentroan, Eibarko Ospitalean eta Astelena pilotalekuko bulegoan ematen du arreta. Arreta-ordutegia hauxe da: astearteetan 11:00etatik 17:00etara, eta ostiraletan 09:30etik 13:30era. Informazio gehiago nahi izanez gero, interesatuek 688724174 telefonora deitu edota mogidu@eibarkirola.eus helbide elektronikora idatz dezakete.