Eibar MOGIDU ekimenak paziente onkologikoak hartuko ditu, jarduera fisikoa bultzatze aldera

Ariketa bidelagun: bizi-kalitatea hobetzeko ekimen berria. Helburua da herritarren osasunarekiko eta ongizatearekiko konpromisoa indartzea.
MOGIDU Eibarko Jarduera Fisikorako Orientazio Zerbitzua paziente onkologikoak artatzen hasiko da datorren urritik aurrera, jarduera fisikoa tratamendu medikuaren osagarri gisa sustatu nahi duen ekimen baten bidez. Neurri honekin, Eibar Gipuzkoako beste 6 herrirekin batera arituko da proba pilotu batean, Onkologikoko eta Minbiziaren Aurkako Espainiako Elkarteko (AECC) profesionalek jarritako tratamenduari jarraipena emateko.
Jon Iraola Eibarko alkateak zerbitzu berri honen garrantzia azpimarratu du: “Badakigu ariketa fisikoa garrantzitsua dela paziente onkologikoen bizi-kalitatea hobetzeko orduan. Lankidetza honek aukera ematen digu gaixotasun honi aurre egin behar diotenei beste baliabide bat eskaintzeko, haien ongizatea hobetu eta indarberritze aldera”.
Bestalde, Andoni Ameztoy Kirol zinegotziak adierazi duenez, azpimarratzekoa da ekimen honen izaera berritzailea: “Zerbitzua zabaltzeak indartu egiten du egiten dugun herritarren osasunaren eta ongizatearen aldeko apustua. MOGIDU zerbitzuak erakutsi du baliabide indartsua dela hainbat kolektiboren artean jarduera fisikoa bultzatzeko, eta, orain, beste urrats bat egiten dugu kirolaz benetan baliatu daitezkeen pazienteei begira jarrita”.
Une hauetan, prozesuaren hasieran eta amaieran egingo diren deribazio-protokoloen eta proba fisikoen azken urratsak aztertzen ari dira. Horrez gain, MOGIDUren eta Onkologikoaren arteko elkarlana noranzko bikoa izango da, eta horrek pazienteei beren prozesu terapeutikoan aukeran duten jarduera fisikoa ezagutzea ahalbidetuko die.
Gaur egun, MOGIDUk Toribio Etxeberrian eta Eibarko Ospitalean eskaintzen du zerbitzua, baita Astelena frontoiko bulegoan ere. Arreta-ordutegia hauxe da: astearteetan 11:00etatik 17:00etara, eta ostiraletan 09:30etik 13:30era. Informazio gehiago nahi izanez gero, interesatuek 688724174 telefonora deitu edota mogidu@eibarkirola.eus helbide elektronikora idatz dezakete.