Eibar iraunkortasunerako bidean: 217 pertsonak baino gehiagok eman dute izena TEK Eibar energia komunitatean

TEK Eibar aurkezpenaren irudia.

TEK Eibar aurkezpenaren irudia.

2024/06/11

Eibarko Udalaren, Eibar Merkataritza Gune Irekia elkartearen eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuaren laguntzari esker bultzatutako ekimena da. Martxan ipini ahal izateko NextGeneration funts europarren laguntza eduki du.

Eibarko TEK, energia-komunitate batean oinarritutako proiektua, Eibarko biztanleek eta denda txiki zein ertainek tokiko energia kontsumitu ahal izango dute, faktura elektrikoa murriztuz.

Gaur goizean, Jon Iraola alkateak, Alberto Albistegui Obra eta Ingurumen zinegotziak, Ana Aramberri Eibarko Merkataritza Gune Irekiko ordezkariak eta Edinorreko Josu Etxebarriak aurkeztu dituzte datuak prentsaurreko batean.

Proiektu berritzaileak eraikin publikoen 1.093 m²-ko azalera erabilgarria hartzen du eta 364 eguzki-panel ditu, 163 kW-ko edukiera dutenak. Tokiko energia-komunitatearen helburua 246 erabiltzaile ingururi eguzki-energia ematea da, etxebizitzetan edo dendetan obrak egin beharrik gabe. Portalea, Amaña Eskola eta Arrateko Andra Mari eraikinetako instalazioak ia amaituta daude, eta espero da Eibarko herritarrak beren energia kontsumitzen hasi ahal izatea 2024ko irailean.

TEK Eibarko energia-komunitateak harrera bikaina izan du udalerriko biztanleen artean, % 69tik gorako okupazio-tasarekin. Proiektu honetan parte hartzeak etorkizun jasangarriago baterako gero eta interes eta konpromiso handiagoa islatzen du, eta azpimarratzen du gizabanako bakoitzak berebiziko garrantzia duela energia-praktika arduratsuak sustatzeko.

Kanpainaren azken fasea amaitu ondoren, TEK Eibarrek bere bazkideekin partekatuko ditu energia batera erosteko prezioak, merkatuko tarifarik onenen artean aukeratu eta fakturetan aurreztea lortzeko. Irailean, ekimen honekin bat egin duten auzotar eta denda txiki guztiak merkatuko tarifarik onenez eta udal eraikinetan jarritako panelek sortutako eguzki-energiaz gozatuko dutela aurreikusten da. Era berean, irailean batzar orokorrerako deia egingo zaie bazkideei, TEK Eibar proiektuaren garapenari buruzko informazioa partekatzeko.

Energia-komunitateari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, www.tekeibar.eus webgunea bisitatu daiteke, edo 900 859 695 telefono-zenbakira deitu, astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 18:00etara.