Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Diru-laguntzak, langabezian egon edo lan hobearen bila dabiltzan pertsonek prestakuntza-ekintzak egiteko

Diru-laguntzak, langabezian egon edo lan hobearen bila dabiltzan pertsonek prestakuntza-ekintzak egiteko

Eibarko Udala.

2018/05/30

Ekainaren 11tik aurrera eskatu ahalko dira diru-laguntzak. Lanbide heziketako ikasketak, lan-aukerak hobetzeko ikastaroak eta hizkuntza-ikastaroak lagunduko dira diruz. Udalak 30.000 euro bideratu ditu programa honetarako, iaz baino 10.000 gehiago; pertsona bakoitzeko 500 euro arteko diru-laguntzak banatuko dira.

Eibarko Udalak berriz ere martxan jarri du langabezian egon edo lan hobearen bil dabiltzan eta Eibarren erroldatuta dauden pertsonek prestakuntza-ekintzak egiteko diru-laguntzen programa. Garapen Ekonomiko, Enplegu eta Berrikuntza sailak bultzatutako ekimenaren helburua da lanik ez duten edo lan prekarioak dituzten pertsonen kualifikazioa indartzea, desenplegu-indize nagusienak prestakuntza gutxien dutenen artean aurkitzen direlako.

Prestakuntza-ekintzak egiteko udal programa hau hirugarren aldiz egingo da; iaz oso harrera ona izan zuen eta 32 eskaera egin ziren guztira. Ekintzak diruz laguntzeko partida, iaz 20.000 eurokoa izan zena, handitu egin da aurten, eta 30.000koa izango da.

Diru-laguntzak jasotzeko Eibarren erroldatuta egon behar da, eta lan hobearen bila ari direnen kasuan, egiten dituzten prestakuntza-ekintzak ezin dira unibertsitate-ikasketak izan. 2017ko irailaren 1ean hasitako prestakuntza-ekintzak izan beharko dira, eta 2018an amaitzen direnak; edo 2018an hasitakoak eta 2019an amaitzen direnak.

Onuradunek, 2015eko urtarrilaren 1etik gutxienez Eibarren erroldatuta egoteaz gain, 23 urte edo gehiago izan beharko dute 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera, eta langabezian edo lan hobearen bila ibili. Laguntza hauei begira, enplegu-hobekuntzako egoeratzat honako hauek hartzen dira: iraupen jakineko kontratuak (urtebetetik beherakoak), denbora partzialeko kontratuak, eta hileko soldata garbia —aparteko pagen hainbanaketa barne— 1.200 eurotik beherakoa izatea.

Gainera, diru-laguntza hauek jasotzeko, onuradunak prestakuntza-ekintza gainditu beharko du eta % 85eko asistentzia izan.

Programaren helburua da diruz laguntzea gradu ertaineko kurtsoak, Lanbide Heziketakoak eta enplegagarritasuna handitzen duten beste era bateko kurtsoak, hala nola hizkuntza-ikastaroak, egiten dituzten pertsonei. Ez dute diru-laguntzarik jasoko 2017ko deialdian eskatu zuten pertsonek, baldin eta beste ikastaro batzuk edo maila handiagoko ikastaro batzuk egiten ez badituzte.

Eman daitekeen gehieneko diru-laguntza 500 eurokoa izango da. B, C eta D motako gidabaimena ateratzeko kurtsoak ere sartuko dira. Diruz lagunduko den gastutzat honako hauek hartuko dira: prestakuntza-ekintzaren kostua, Lanbideren prestakuntza-zentroen direktorioan sartutako prestakuntza-zentro batean egiteko behar diren materialak, eta prestakuntza-zentrora joateko garraio-gastuak.

Diru-laguntza hauek jasotzeko epea ekainaren 11n hasi eta 2018ko azaroaren 20an amaituko da, eta eskaera Pegoran entregatu beharko da, deialdiaren oinarrietan zehazten diren dokumentuekin batera.