Hemen da berriz ere Amañako pilota-torneoa

Torneoak 180 parte-hartzaile gaztetik gora batu ditu aurreko edizioetan.
Eibarko pilotarako zaletasunak bizirik jarraitzen du. Maiatzean indarrarekin dator Amañako VI Pilota Torneoa, Amaña es la caña elkarteak antolatuta.
VI. edizio honetan 93 bikotek eman dute izena. Kopuru horrek argi uzten du ekimenak auzoan duen arrakasta eta sortzen duen ilusioa. Torneoa bi eszenatoki enblematikotan jokatuko da: Amañako frontoia eta Astelena Frontoia; zazpi jardunaldi izango dira, maiatzaren 10, 17, 24 eta 31n, eta ekainaren 7, 14 eta 21ean.
Ekimena, auzotarrek bultzatua, oinarriko kirolaren erreferente bihurtu da herrian, eta pilotak oraindik ere belaunaldi berrien artean pasioa sortzen duen jarduera dela berresten du.
Jon Iraola Eibarko alkateak ekimen honen balio soziala azpimarratu du: “Amañako torneoa gure auzo-elkarteen indarraren eta gazteekiko duten konpromisoaren isla da. Udalarentzat pozgarria da kirola, kultura eta auzoa batzen dituen hitzordua babestea”.
Andoni Ameztoy Kirol zinegotziak ere balioan jarri nahi izan du hitzordua: “Pozgarri da ikustea euskal pilotak oraindik ere hainbeste haur erakartzen dituela. Honelako ekitaldiek ohitura osasungarriak bultzatzeaz gain, errespetuan eta elkarbizitzan oinarritzen den kirola sustatzen dute.”
Amaña es la caña auzo-elkartetik honela adierazi dute: “Gure asmoa txapelketa erakargarri bat antolatzea zen, kirola eta giro ona gustuko dituztenk elkartzeko. Baina, gaur egun, hortik haratago doa txapelketa, benetako erreferentea baita; izan ere, klub askoretzako topagunea da”.