Bost proiektu berrik hartuko dute parte HELDU! ekintzailetza-programaren bosgarren edizioan
Edizio honetako proiektuak berritzaileak eta sektore anitzetakoak dira.
Eibarko Udalak, Debegesarekin elkarlanean, HELDU! ekintzailetza-programa jarri du martxan, bosgarren urtez jarraian, enpresa-ideiak baliozkotzea eta testatzea helburu, prestakuntza eta aholkularitza profesionalaren bidez.
Gaur, irailak 2, programaren irekiera-ekitaldia egin da, eta bertan aukeratutako proiektuen arduradunez gain, Udaleko eta Debegesako ordezkariak egon dira.
Eibarko alkate Jon Iraolak nabarmendu duenez, “HELDU!-ren bosgarren ediziora iristeak erakusten du programa finkatu baten aurrean gaudela, eta, batez ere, erabilgarria dela ideia bat duten eta enpresa-proiektu bihurtzeko urratsa eman nahi duten pertsonentzat. Udalean baldintzak sortzen jarraitu nahi dugu, Eibarren ekintzaile izatea aukera erreal bat izan dadin. Aurten aukeratutako bost proiektuak gure inguruan dagoen talentuaren eta berrikuntza-gaitasunaren erakusgarri dira, eta espero dugu programa honek laguntzea ideiak baliozkotzen, aukerak identifikatzen eta haiek garatzeko urrats sendoak ematen”.
Bestalde, Garapen Ekonomikorako zinegotzi Vanesa Hortasek adierazi duenez, “HELDU!-k edozein proiekturen lehen etapetan funtsezkotzat jotzen dugun zerbait eskaintzen du: akonpainamendua. Ekintzaile izateak erabaki asko hartzea eta zalantza ugariri aurre egitea dakar, eta lau hilabetez prestakuntza praktikoa, aholkularitza espezializatua eta ideia profesional eta enpresekin kontrastatzeko aukera izatea oso baliagarria da. Gainera, edizio honetako proiektuek —ingeniaritza, zibersegurtasuna, fabrikazio gehigarria eta kultura- eta sormen-industriak barne hartzen dituztenak— gaur egun ekintzailetzarako eta berrikuntzarako dauden aukeren aniztasuna islatzen dute. Parte-hartzaileek HELDU!-k eskaintzen dituen baliabide guztiak ahalik eta gehien aprobetxatzea nahi dugu eta programa enpresa proiektu sendo eta ibiltarien hasiera izan dadila”.
2026ko proiektuak
Aurtengo edizioan parte hartuko duten proiektuak beren izaera berritzaileagatik eta sektore ugariengatik nabarmentzen dira: ingeniaritza eta soluzio industrialak, zibersegurtasuna, fabrikazio gehigarria, 3D inprimaketa eta Industria Kulturalak eta Sortzaileak.
Aurkezpen-saioan, parte-hartzaileek beren proiektuak azaldu, hasierako helburuak partekatu eta ekintzaile izateko dituzten motibazioen berri eman ahal izan dute.
Formakuntza praktikoa eta adituen laguntza
HELDU! programak lau hilabetez laguntzen die ekintzaileei, emaitzak lortzera bideratutako ikaskuntza-prozesu guztiz praktiko baten bidez.
Parte-hartzaileek 100 ordu baino gehiagoko prestakuntza eta aholkularitza jasoko dute arlo ezberdinetako profesional adituen eskutik. Bertan, beren enpresa-ideia errealitate bihurtzeko behar dituzten alderdiak jorratuko dituzte: negozio-ereduaren definizioa eta haren baliozkotzea, estrategia, finantza-plana, marketina eta salmentak, taldeak eta pertsonak, komunikazioa eta alderdi juridikoak.
Gainera, epe horretan zehar, beste baliabide osagarri batzuk jarriko dira ekintzaileen eskura: tresna eta metodologia berritzaileak, ekintzaileen komunitate baterako sarbidea, instalazioak, finantzaketa bideak eta balizko inbertitzaileekin kontaktua, BPTD Elkarteko enpresa eta erakundeekiko kontrastea, eta baita ikusgarritasuna eta networkingerako aukerak ere.