Bittor Sarasketako epaitegi zaharreko eraikinean gazteentzako apartamentuak egiteko lanak hasiko ditu Eusko Jaurlaritzak aste honetan
Bittor Sarasketa kaleko 5. zenbakian dagoen epaitegi zaharreko eraikinean gazteentzako apartamentuak (zuzkidura-bizitoki) egiteko lanak aste honetan bertan hasiko dira, Eibarko Udalak exekuzio-proiektua onartu eta Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailari obrak egiteko lizentzia eman ondoren.
Eusko Jaurlaritzak Udalari jakinarazitako aurreikuspenen arabera, obrak uztailaren 15a baino lehen hasiko dira, hala, uda aprobetxatuz, egin beharreko eraikineko barne-eraispenak egin ahal izateko.
Epaitegi zaharreko eraikinak urteak daramatza hutsik eta oso hondatuta dago. Horregatik, Eusko Jaurlaritzak birgaitu egingo du, egitura eta eraikuntza-parametroei eutsiz eta erabilera berri batera egokituz. Horretarako, beheko solairuaren eta lehenengo solairuaren artean dagoen solairuartea eraitsiko da, eta komunikazio-nukleoa aldatuko da, erabilera berrira egokitzeko. Gainera, estalkia laua izango da, eta bertan eguzki-xaflak jarri eta hainbat terraza sortuko dira.
Proiektuan eraikinaren birmoldatze integral bat egingo da, udalerrian bizi diren gazteentzako alokairuko 19 zuzkidura-bizitoki sortzeko (pertsona batentzat edo birentzat). Ordainduko den errenta gazteen ahalmen ekonomikoari egokituta egongo da eta merkatu librekoa baino askoz ere txikiagoa izango da, gaur egun hirian dagoen eskaerari erantzun ahal izateko.
Hiru solairu izango ditu eraikinak eta solairu bakoitzean sei apartamentu egongo dira, haietako bost logela batekoak izango dira eta bat bi logelakoa. Logela bateko etxebizitzen azalera 35 eta 39 metro kuadro bitartekoa izango da eta bi logelako etxebizitzek 58,5 metro kuadro izango dituzte.
Etxebizitza egokitu bat ere egingo da eraikinaren etxabean eta 57,62 metro kuadro izango ditu.
Adierazi behar da apartamentu guztiek edukiko dutela terraza txiki bat.
Zuzkidura-bizitokiak —Eusko Jaurlaritzak duela urte batzuetatik bultzatzen duen formula— instalazio eta zerbitzu komunak dituzten egoitzak dira, eta nahitaez txandakatu behar dira. Halako apartamentuez baliatzeko muga bat dago denboran, eta, beraz, txandakatu egiten dira; gehieneko epea 5 urtekoa da.
Beheko solairuan, lokal bat egingo da gutxi gorabehera 150 metro koadrokoa; lokal hori Eusko Jaurlaritzak lagako dio Udalari, Udalak berak eskatuta, eta baita sotoko beste 250 metro koadro ere. Udalaren helburua da etxabean zentro ludiko bat sortzea erdiguneko ekialdeko familiei zerbitzua emateko.
Horrela, eraikinak bi sarrera izango ditu beheko solairuan, bat etxabeko kotan, egungo sarbidea dagoen tokian eta bestea fatxadan, apartamentuei sarbidea emateko.
Epaitegiko eraikin zaharra birgaitzeko proiektua abian dela eta, Jon Iraola Eibarko alkatea pozik agertu da; izan ere, “Eusko Jaurlaritzak bigarren bizitza bat emango dio eraikin horri, eta, gainera, gure gazteentzako eta haien emantzipaziorako bideratu diren apartamentuak egiteaz gain, zentro ludiko bat ere egingo da, inguruko familiek elkarrekin egoteko eta disfrutatzeko toki bat izan dezaten.”