Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Bigarren prozesu parte hartzaile bat garatzen ari da Udala, Errebal Plaziaren erabilera soziokulturalak zehazteko

Bigarren prozesu parte hartzaile bat garatzen ari da Udala, Errebal Plaziaren erabilera soziokulturalak zehazteko

Artxiboko argazkia.

2019/10/22

Prozesuan definitu nahi da zer jarduera izango dituen eraikitzen ari den ekipamendu kulturalak, bai funtzio anitzeko espazio estalian, bai lehen eta bigarren solairuan kokatutako balio anitzeko espazioan. Hiru fasetan egingo da, eta herriko kultur, gizarte eta kirol arloko kolektiboek hartuko dute parte, bai eta merkatariek eta ostalariek, ordezkari politiko eta teknikoek, eta inguruko auzotarrek ere.

Udala prozesu parte-hartzaile bat egiten ari da Errebak Plaziaren gainean.  Oraingoan, prozesuaren helburua izango da eraikitzen ari den ekipamendu kulturalak izango dituen alderdi soziokulturalak definitzea; izan ere, haren erabilera ez zen zehazten 2013an egin zen prozesu parte-hartzailearen ondorioetan. Hain zuzen, jakin nahi da zein diren Errebali buruzko iritziak, funtzio anitzeko espazio estalirako dauden espektatibak eta erabilerari buruzko ideiak eta iradokizunak. Halaber, proposamenak jaso nahi dira lehen eta bigarren solairuetan kokatutako balio anitzeko bi espaziori buruz, zeinak proiektuan tailer gisa  definitzen diren.  

Prozesu parte-hartzaile honek guztira bi hilabeteko iraupena izango du, eta Sedena SM enpresaren soziologoak zuzentzen ari dira; enpresa hori aditua da azterketa soziokulturaletan eta ekipamenduen kudeaketan eta aurkeztu duten proposamenak hiru fase ditu.

Haietako lehena martxan da dagoeneko eta aurreikusten du guztira hiru eztabaida-mahai antolatzea eta hortik ideiak sortzea. Mahaietako bakoitzean gehienez ere hamabi lagunek parte hartuko dute. Mahai horietako bi urriaren 10 eta 19an egin dira, eta herriko kultura, gizarte eta kirol arloko hainbat kolektibotako ordezkariek hartu dute parte; kolektibo horiek Eibarko 60tik gorako elkarteen artetik aukeratuak izan dira.  Jarraitu den irizpidea izan da mahai pluralak izatea eta Eibarko asoziazionismo osoa ordezkatu ahal izatea

Parte hartzera gonbidatu ziren klub eta entitateak hauexek izan ziren: Eibarko Klub Deportiboa, Egoaizia, Kezka, Eibar Igerixan, Jaixak Herrixak Herrixandako, emakumeen taldeak, Ikasleen Gurasoen Elkarteak, Astixa, Koro Gaztea, Danborrada, Musika Banda, Ipuruako Gimnasia Erritmikoaren Kluba, Igerixan, Casa Cantabria, Rugby Taldea, Eibart Urbat, Eibarko Txirrindularien Kluba, Errebal Plataforma, Ikasten, Eibarko Kirol Elkartearen Fundazioa eta Casa Galicia As Burgas.

Hirugarren eztabaida-mahaia bihar izango da, urriak 23, eta udaleko alderdietako ordezkariz eta Udaleko teknikariz osatua egongo da.

Bigarren fasean, datorren astean, elkarrizketa luzeak egingo zaizkie Errebaleko dozena bat merkatari eta ostalariri.

Azkenik, hirugarren fasean, inkesta bat egingo zaie telefonoz gune horretako laurehun pertsonari.

Horrekin guztiarekin, enpresak txosten bat egingo du balioko duena tailerren espazioak definitzeko eta funtzio anitzeko espazioaren erabilerak zehazteko. Informazio hori obra-exekuzioaren proiektuan sartuko da eta jarraitu beharreko lan-ildoak ezarriko ditu, Errebal Plazia eraikinaren alderdi soziokulturalaren kudeaketan.

Horrekin guztiarekin, Eibarko Udalak lortu nahi duen helburu nagusia da erakarpen-gune bat sortzea Koliseoarekin batera, zentralitate berri bat ahalbidetuko duena Untzaga plazarekin elkarbizitzan.