Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Barrena kaleak supermerkatu berri bat izango du hurrengo hilabeteetan

 Etorkizuneko supermerkatua kokatuko den lokalen irudia.

Etorkizuneko supermerkatua kokatuko den lokalen irudia.

2021/05/06

DIA taldea jarriko da lehen Lidl zegoen lekuan, jabeek eta enpresak Alkatetzari adierazitakoaren arabera. Nahiz eta lokalaren eta enpresaren arteko akordio pribatu bat izan, Alkatetzak gestioak egin ditu supermerkatu berria ezartzen lagundu dutenak.

DIA enpresak supermerkatu berri bat zabalduko du datozen hilabeteetan Barrena kalean, duela gutxira arte Lidl zegoen lokaletan. Lidlek behealdean bere denda itxi behar zuela jakin zenetik, Udalaren lehentasuna izan da gabezia hori konpentsatzen saiatzea, kezka baitzuen alde horretako herritarrak zerbitzu barik geratzen zirelako.

Lidlen itxieratik, Miguel de los Toyos aurreko alkateak, lehenik, eta Jon Iraola oraingo alkateak, ondoren, lokalen jabeekin egin dute lan, udal eskumenetatik, toki horretan supermerkatu berria ezartzen laguntzeko. “Lidlek Barrenako zentroa ixteko erabakiaren berri izan bezain laster, Alkatetza, Udalari dagokion erantzukizunez jokatuz, lanean hasi zen halako zerbitzu bat auzoan ematen jarraitzeko”, adierazi du Jon Iraolak.

Lehenengo gestioetan hainbat operadorerekin harremanetan jarri ziren, leku horretan ezartzeko interesa zuten ala ez jakiteko. Gainera, bilerak egin ziren lokalen jabeekin Udalaren lankidetza eskaini eta akordioak erraztu ahal izateko. Negoziazio horien ondorioz, DIA leku horretan jartzeko asmoak aurrera egin zuen.

Ibilgailuen trafikoa eta oinezkoen igarobidea berrantolatzea

Halaber, supermerkatua jartzeko negoziazioen baitan, talde sustatzaileak trafikoa eta oinezkoen mugikortasuna berrantolatzeko jarduera batzuk proposatu zizkion Udalari, inguruen irisgarritasuna hobetzeko, denda berriaren osagarri gisa.

Proposamen horiekin, eta auzoan beste premia batzuk antzeman ondoren, hainbat lan aurreikusten dira.

Batetik, Barrena 46 zenbakiaren parean, zabaldu egingo da espaloia, zati horretan oinezkoen igarobidea errazteko, eta, bestetik, trafikoa berrantolatzeko jarduerak egingo dira.  Eta, bestalde, Udal Gobernua lanean ari da kale horretako 21 eta 23 zenbakien ingurua hobetuko duen proiektu bat idazteko. Horrez gain, supermerkatu berriaren parkingaren irteeran, erreforma bat egingo da aparkalekutik irteten diren ibilgailuek Elgoibarrerako norabidea hartu ahal izateko; horrek erraztu egingo ditu lokalaren sarrera-irteerak, eta, ondorioz, sarbidea erosoagoa egingo du.

”Jabeen jardunbide egokiari, supermerkatuaren jarrera onari, eta Udalaren konpromisoari esker, Barrenan DIA bat izango dugula iragarri ahal dugu”, ziurtatu du Jon Iraolak. “Eta, proiektu hau lokalaren jabeen eta DIAren arteko negoziazio pribatu bat izan arren, Alkatetzan zerbitzu komertzial baten gabeziaz eta auzotarren kezkaz arduratuta egon gara beti.  Beraz, oso albiste ona da auzorako", gaineratu du alkateak.