Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Balkoiak eta leihoak apaintzeko lehiaketa antolatu du Udalak

2018/04/19

Eibarko Udaleko ingurumen Sailak Debegesa Garapen Agentziaren lankidetzarekin antolatua, herritarren parte-hartzearen bidez, Eibarko ingurumen kalitatea eta itxura hobetzea du helburu. Lehiaketa eibartar guztiei zabalik dago. Horretarako, aurrez izena eman beharko da apirilaren 24tik maiatzaren 15a arte, Pegoran, edo apirilaren 25ean, Untzaga plazan egingo den lore banaketan.

Eibarko Udaleko Ingurumen Sailak herriko balkoiak eta leihoak apaintzeko antolatu duen lehiaketan parte hartzeko gonbidapena luzatu die herritarrei. Ekimena Debegesa Garapen Agentziaren lankidetzarekin antolatu du Udalak.

Lehiaketa honen helburua da, herritarren parte-hartzearen bidez, Eibarko ingurumen kalitatea eta itxura hobetzea, eta landareei eta loreei garrantzia emanez, herrigune atseginagoa eta ederragoa lortzea, eta bide batez, herritarren artean, landareak zaintzeko ohitura zabaltzea.

Lehiaketa eibartar guztiei zabalik dago. Horretarako, aurrez izena eman beharko da, apirilaren 24tik maiatzaren 15a arte, Pegoran edo apirilaren 25ean, 10:00etatik 13:00etara, Untzaga plazan egingo den lore banaketan. Izena ematean nahitaezkoa izango da etxe guztietara banatu den inprimakia bete eta entregatzea. Inprimakia Pegoran eta udal webgunean ere eskuragarri egongo da.

Sariei dagokienean, herri mailako bi sari izango dira, 150 eurokoa bakoitza, Eibarko Merkataritza Gune Irekiko kide diren saltokietan erabiltzeko. Gainera, eskualde mailako beste sari bat emango da, 200 eurokoa, irabazleak bere herriko saltokietan erabil dezan.

Ekimen honi buruzko informazio gehiago eskuratu nahi dutenek 943 70 84 08 telefonora dei dezakete edo ingurumena@eibar.eus helbidera idatzi. Halaber, lehiaketaren oinarriak udal webgunearen Ingurumena atalean eskuragarri izango dituzte: www.eibar.eus.

Epaimahaiak uztailean zehar ikusi eta baloratuko ditu balkoi eta leiho parte-hartzaileak, lore apainketa ederrenak saritzeko.

Eibarren ez ezik, Deban, Elgoibarren eta Ermuan ere egingo da balkoiak eta leihoak apaintzeko lehiaketa.