Aurten 'Zuhaitz Eguna' martxoaren 8an egingo da Eibarren, 500 zuhaitz eta zuhaixka autoktono landatuta
Ingurumen Sailak Pagaegikortako udal-lurzatiaren basoberritze-lanekin jarraitzen du, herritar guztiei irekita dagoen ekimen honen bidez. Ekintza hau Urko inguruko basoak leheneratzeko proiektuaren II. fasearen barruan kokatzen da.
Eibarko Udaleko Ingurumen Sailak, Lurgaia Fundazioa, Eibarko Baso Biziak eta Eibarko Klub Deportiboa erakundeekin elkarlanean, Zuhaitz Egunaren edizio berri bat antolatu da martxoaren 8rako, iganderako. Eibartarrei zuzendutako ekintza honen helburua da zuhaitz eta zuhaixka autoktonoak landatzea eta udal-lurretan bertako basoa berreskuratzea.
Herritar guztiei irekita dagoen ekimen honetan, 20 espezie autoktono baino gehiagoko 500 zuhaitz eta zuhaixka landatzea aurreikusten da (haritzak, pagoak, hurritzak, gaztainondoak, lizarrak, ezkiak, madariondo eta sagarrondoak...).
Ingurumen Arloko zinegotziak, Eva Juez Garmendiak, jardunaldiaren balioa azpimarratu du: “Gure ingurune naturala zaintzearen gaineko kontzientziazioaz harago, jarduera honek naturarekin konektatzeko eta familia zein lagunen artean kalitatezko denbora partekatzeko aukera paregabea eskaintzen du”.
Pagaegikortako lursailera taldean igoko da, eta bi elkargune izango dira: lehenengoa, 08:30ean, Eibarko Klub Deportiboan (Toribio Etxebarria 16), eta bigarrena, 09:30ean, Urkora igotzeko Izua auzoko aparkalekuan. Zuhaitzen landaketa Pagaegikorta baserriaren inguruan egingo da, eta 13:30ak aldera amaituko da, J.M. Mogel ikastolan egingo den hamaiketako batekin. Plazak mugatuak dira, eta jardueran parte hartzeko ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea Lurgaia Fundazioan, info@lurgaia.org helbidera mezu bat bidalita, honako datu hauekin: parte-hartzaileen izen-abizenak, adina, telefonoa eta aukeratutako elkargunea. Onarpenaren berrespena jasotzea beharrezkoa izango da, eta izen-ematea martxoaren 5era arte (barne) egin ahal izango da. Parte-hartzaileei gomendatzen zaie etxetik ura, mendiko edo uretarako botak eta arropa erosoa eramatea.
Boluntariotza-ekimen honetaz gain, otsailaren 24an eta 25ean, Amaña Ikastetxeko eta J.A. Mogel Ikastolako Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ehun ikasle baino gehiagok 300 zuhaitz eta zuhaixka landatu dituzte. Landaketaz gain, bertako basoaren berreskuratze-proiektua lantzen ari den eremua bisitatu, eta hegazti eta kiropteroentzako habia-kutxen tailer bat egin dute, zeinean habia-kutxa eredu eta ezaugarri desberdinak aurkeztu eta baso-ekosistemetako biodibertsitatearen garrantziaz hitz egin den. Kutxa horiek (15 kiropteroentzat eta 9 hegaztientzat) datozen egunotan jarriko dira lursail desberdinetan. Gazteak ingurumen-leheneratzean inplikatzeak ekologia eta jasangarritasunari buruz irakasteaz gain, lurraldearekiko lotura emozionala eta ingurunea zaintzeko erantzukizuna sustatzen ditu.
Zinegotziak adierazi duenez, “Biodibertsitatearekiko eta bertako basoen birsorkuntzarekiko konpromisoari eusten diogu. Baso-masa hauek funtsezko elkarreragin ekologikoak sustatzen dituzte, eta horrek ekosistemari erresilientzia eta egonkortasuna ematen dio; gaur egungo klima-erronken aurrean lurraldeak egokitzeko gaitasuna izan dezan ezinbesteko faktoreak dira. Gainera, bertako basoak eta haietan gertatzen diren prozesu guztiak berreskuratzeak ondare natural, paisajistiko eta kulturala berreskuratzea dakar”.
Eva Juezek herritarrak animatu ditu 2026ko Zuhaitz Egunean parte hartzera: “Ospakizun honek adin guztietako herritarrak basoberritzearen protagonista izatera gonbidatzen ditu, gure baso-ondarea berreskuratzearen balioa zuzenean ezagutzeko aukera emanez”. Herritarren inplikazioa funtsezkoa da, balio ekologikoak zabaltzeaz gain, gure ingurune naturalarekiko pertenentzia-sentimendua eta konpromiso partekatua indartzeko.”.
Bultzada berria basoari Eibarren
Boluntariotza-ekimen hauek Pagaegikortako baso-leheneratze proiektuaren II. fasearen parte dira. Ekimen hau 2023an hasi zen, Udalak Pagaegikorta baserria eta haren lursailak —23,5 hektareako azalera, bi eremutan banatuta— erosi zituenean: handiena, baserriaren ondoan, Urkoren magaletan; eta bestea, Garagoiti-Kalamua inguruan, Markina-Xemein eta Elgoibar udalerrien mugatik gertu. Lurren erosketa egiteko, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren dirulaguntzak jaso ziren. Azken horrek proiektuaren I. fasea ere partzialki finantzatu zuen.
Lehen fasean 16 hektarea leheneratu, eta 8.614 zuhaitz eta zuhaixka landatu ziren (27 espezie desberdinetakoak). Horietako batzuk boluntariotza-ekimenetan landatu ziren (2024 eta 2025eko Zuhaitz Egunetan, eta hainbat ikastetxerekin egindako landaketen bidez: J.A. Mogel Ikastola, Armeria Eskola eta IES Uni Eibar-Ermua). Halaber, baso-pisten leheneratzea, espezie exotiko inbaditzaileen kontrola eta anfibioentzako putzuen sorrera egin ziren. Putzu horiek funtsezkoak dira anfibio espezieentzat eta, zeharka, ugaztun txiki, hegazti, intsektu, landare eta algentzat.
2025eko azaroan, Udalak Urko inguruan 28,18 hektareako lur-sail berri bat erosi zuen, aurretik eskuratutako lursailen mugakidea. Horrela, 50 hektarea baino gehiagoko azalera lortu da Urko mendi inguruetan; non gaitasun handia dagoen ekosistemen funtzionaltasuna berreskuratzeko.
Bigarren fase honetan, gutxi gorabehera 10 hektarea gehiago leheneratuko dira, Urkoren hegoaldean eta magaletan. Industriarako baso-landaketa egitearen ondorioz, eremu horiek gogor eraldatutako paisaiaren parte dira; beraz, baso horiek leheneratzeak biodibertsitatea berreskuratzeko itxaropena ematen du, eta gizakiaren jarduerak degradatutako lurraldeak berreskuratzea posible eta beharrezkotzat jotzen du.
Bigarren fasearen aurretik, dagoeneko 300 zuhaitz autoktono inguru landatu dira, birkolonizazio lagunduaren hasierako esperimentazio baten barruan: teknika horrek baso natural bateko berezko landaredia ezartzea errazten du, bestela lurzoruaren baldintzak, hazi faltak edo espezie exotikoen presioak direla eta, bere kabuz birsorkuntza motela edo ezinezkoa izango litzatekeen eremuetan.
Fase berri honetan 2.665 zuhaitz eta zuhaixka autoktono landatzea aurreikusten da; gehienak langile espezializatuek landatuko dituzte. Hala ere, proiektuak komunitatearekin partekatutako jarduerak ere jasotzen ditu, hala nola Zuhaitz Eguna eta ikastetxeekin egindako landaketak, eragin sozial eta hezitzaile handikoak. Eva Juez Garmendiak adierazi duenez “Landaketa honekin, Zuhaitz Egunarekin, bizia landatzen dugu, eibartar guztion onerako”.
Lursail berria erosteko, Udalak 23.154,30 euroko dirulaguntza jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentutik. Era berean, Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak 63.282,99 euroko dirulaguntza eman dio Udalari bertako basoa berreskuratzeko proiektu honen II. fasea garatzeko, lurzoruaren erosketa barne.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesa, hainbat eragileren parte-hartzea (Lurgaia Fundazioa, Eibarko Baso Biziak, Eibarko Klub Deportiboa eta ikastetxeak) eta herritarren inplikazioa dira adibiderik onena erakusteko nola erakundeen arteko lankidetzak helburuak emaitza zehatz bihurtzen dituen, ekosistemak leheneratzeaz gain, biodibertsitatea berreskuratu eta gure lurralderako benetako ingurumen-onurak sortzen dituzten proiektuak errealitate bihurtuz.