Udalak ikerketa bat jarri du abian, nahi gabeko bakardadeen errealitatea ezagutzeko eta gizarte-kohesioa indartzeko
Matia Institutuarekin batera bultzatutako “Eibar Bakardadeak” proiektua ekainaren 1ean abiatuko da, elkarrizketak, eztabaida-taldeak eta herritar guztiei irekitako inkesta batekin. Udalak eibartarrak parte hartzera animatu nahi ditu, herriko errealitate sozialaren argazki zabala lortu eta ongizate komunitarioko politika berrietan aurrera egiteko.
Eibarko Udalak, Matia Institutuarekin elkarlanean, “Eibar Bakardadeak” izeneko ikerketa jarri du abian. Ekimenaren helburua da herrian nahi gabeko bakardadeen errealitatea hobeto ezagutzea eta etorkizuneko jarduera komunitarioen diseinuan aurrera egitea, lotura sozialak eta ongizate kolektiboa sendotzen laguntzeko.
Landa-lana ekainaren 1ean hasiko da, eta herritar guztiei zuzenduta dago. Helburua da adin, jatorri eta egoera ezberdinetako esperientziak, pertzepzioak eta iritziak biltzea. Udalak azpimarratu du ez dela beharrezkoa bakarrik sentitzea parte hartzeko, zeren eta helburua baita Eibarren gizarte-harremanak nola bizi diren eta nola hautematen diren erakutsiko duen ikuspegi zabal eta erreal bat lortzea.
Jon Iraola alkateak ekimen honen balioa azpimarratu du herri kohesionatuago eta hurbilago bat eraikitzen jarraitzeko. “Gure errealitate soziala hobeto ezagutu nahi dugu, komunitate gisa ditugun erronkei modu eraginkorragoan erantzun ahal izateko. Nahi gabe jasaten den bakardadeak edozein adinetako pertsonei bizitzako une ezberdinetan eragin diezaieke, eta udaletik uste dugu herritarrei entzutea dela arduraz jokatzeko lehen urratsa”, adierazi du.
Sonia Archeli Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak, bere aldetik, udalerriko ahots guztiak entzutearen garrantzia azpimarratu du: “Azterketa honen bidez, hobeto ulertu nahi dugu bakardadeen errealitate konplexua, ez baitio profil zehatz bati bakarrik eragiten eta bizitzako une desberdinetan gerta daiteke. Funtsezkoa da pertsona askoren begirada izatea, edozein dela ere haien egoera. Horrela bakarrik diseinatu ahal izango ditugu erantzun egokiagoak, eta komunitatea indartu”, azaldu du.
Azterlanak parte hartzeko hainbat bide jasotzen ditu. Besteak beste, elkarrizketa sakonak (ordubete ingurukoak) egingo zaizkie herriko pertsona batzuei etxean edo aurrez adostutako espazio batean.
Gainera, eztabaida-talde bat osatuko da tokiko komunitateko eragileekin, udalerriko kolektiboekin zuzenean lan egiten dutenen esperientzia eta ikuspegi profesionala jasotzeko.
Horrez gain, herritar guztiei zuzendutako inkesta bat egingo da, euskaraz eta gaztelaniaz. Online zein paperean bete ahal izango da, eta 20-25 minutu iraungo du.
“Herritarren parte-hartzea funtsezkoa izango da azterketa honek Eibarko errealitatea modu fidelean islatu dezan. Zenbat eta pertsona gehiagok parte hartu, orduan eta osoagoa izango da argazki sozial hori, eta hobeto bideratu ahal izango ditugu gure politika publikoak herritarren benetako beharretara”, gaineratu du Iraolak.
Parte-hartzea bultzatzeko, udalak komunikazio-estrategia bat zabalduko du hainbat udal- eta komunitate-kanalen bidez, besteak beste, udalaren webgunean eta sare sozialetan, gizarte-, kultura- eta kirol-zentroetan, ikastetxe eta elkarteetan, bai eta Liburutegian, Andretxean edo Gaztelekuan. Baliabide soziosanitarioek ere lagunduko dute horretan, hala nola osasun-zentroek eta farmaziek.
Gainera, aurrez aurreko puntuak ere egongo dira, paperezko galdetegiekin, eta horiek betetzeko laguntza emango da, arrakala digitala murrizteko eta denek baldintza beretan parte hartu ahal izatea bermatzeko.
“Edozein bizilagunek parte hartzeko aukera izatea nahi dugu, haren konpetentzia digitalak gorabehera. Horregatik aurreikusi ditugu online aukerak eta baita aukera presentzialak, irisgarriak eta hurbilekoak ere”, nabarmendu du Archelik.
Udalak herritar guztiak animatu nahi ditu ekainaren 1etik aurrera parte hartzera eta ekimen hau beren ingurune hurbilean partekatzera.
“Ikerketa hau lan kolektibo bat da lagunduko diguna herri gisa nola gauden hobeto ulertzen, eta Eibar kohesionatuago eta zaintzaileago bat eraikitzen”, amaitu du zinegotziak.
Interesa duten pertsonek inkesta eskuratzeko aukera izango dute hurrengo asteetan zehar udaleko eta herriko kanaletan zabalduko diren QR kodeen eta loturaren bidez.