Eibarko Udala
zerbitzuak

Aurten itxarongela bat egingo da Eibarko autobus-geltokian

2026/01/19
Infografia.

Erabiltzaileek espazio itxia, irisgarria eta erosoa izango dute. 100 metro koadro izango dituen proiektu honen zati bat LJE funtsekin finantzatuko da.

Eibarko Udalak iragarri du, urte honetan zehar, Egogaineko bus-geltokian itxaroten egoteko lokal bat egokituko dela. Espazioaren 100 metro koadroetan itxarongelak, takillak, komunak eta erabiltzaileak eroso egon daitezen eta ibilbideen gaineko informazioa kontsultatu dezaten zerbitzu guztiak egongo dira.

Lokal hau herritarrek askotan egindako eskaera bati erantzutera dator.  “Proiektu honekin gure herrian aspaldi dagoen premia bati erantzungo diogu, eta, era berean,  zerbitzua erabiltzen duten herritar askoren egunerokoa erraztuko dugu, izan behargin, ikasle edo bisitariak “, azaldu du Jon Iraola alkateak.

“Lokal berri honek, autobusaren zain daudenen erosotasuna hobetzeaz gain, gure herria irisgarriago eta funtzionalago egiteko dugun konpromisoa ere erakusten du. Eguneroko mugikortasuna kontu arin eta segurua izan dadin nahi dugu, eta, horrez gain, eibartarrek beren eguneroko joan-etorriei arreta jartzen zaiela senti dezaten”, gaineratu du Jon Iraolak.

Espazio berriak bi sarbide izango ditu: bata, Egogain kaletik, supermerkatuaren ondoan; bestea, San Andres pasealekutik, Ardantzako tren-geltokiarekin konektatuz. “Hobekuntza handia ekarriko du hiri-mugikortasunari eta zerbitzu publikoen kalitateari begira. Lokalak onura ekarriko die egunero Eibartik ateratzen direnei”, azaldu du Ekonomia Garapen, Enplegu eta Berrikuntza Saileko zinegotzi Vanesa Hortasek.

Birgaitze honen proiektua planifikazioaren azken fasean dago. 350.000 euro inguruko kostua izango duen egitasmoak Eusko Jaurlaritzaren Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren dirulaguntza izango du, LJE funtsen bitartez. Obrak datozen hilabeteetan hastea aurreikusten da eta urte honetan zehar lokala guztiz erabilgarri egotea.

Espazio berri hau irekitzean, Eibarrek irisgarritasunarekin, mugikortasuna hobetzearekin eta herritarren premiei arreta jartzearekin duen konpromisoa indartzen da, herriko bidaiari guztientzako zerbitzu moderno, funtzional eta segurua eskainiz.