Arrateko Plan Bereziaren parte hartze prozesua: emaitzak
Arrate, Santakurutz eta Garagoitxi Babestu eta Zaintzeko Plan Berezirako parte-hartze prozesuaren saioak urtarrilaren 25ean eta otsailaren 1ean izan ziren, eta emaitzak plazaratu ditu Udalak. Guztira, 65 bat pertsonak hartu zuten parte prozesuan, eta Udalak ondorioen berri emango die parte-hartze egunean eman zuten e-posta helbidearen bidez.
Prozesuak bi helburu zituen; batetik, herritarrei plan bereziaren berri ematea eta zer helburu dituen azaltzea; eta bestetik, Arrate, Santakurutz eta Garagoitxirako ideiak taldean lantzea, eta, aproposak izanez gero, plan berezian sartzea.
Horretarako, parte-hartze prozesuaren lehen saioan Lurraldekoa izeneko tailerra egin zuten, Santakurutz, Izua eta Garagoitxi esparruetarako ideiak lantzeko. Bigarren saioan, berriz, Arraterako ideiak landu ziren bakar-bakarrik.
Herritarrek saioetara ekarritako ideiei esker, begi bistan geratu zen inguruan badaudela benetan kontuan hartu beharreko elementuak, haien inguruko iritzi oso baikorra baitzuten herritarrek; hala nola, paisaiaren edertasuna, abeltzantzak eta artzantzak inguruari egiten dioten ekarpena, inguruari bere horretan eusteak duen garrantzia, jolaserako dauden guneak eta lur horietan barrena egin daitezkeen ibilbideak, besteak beste memoria historikoaren ingurukoa. Baina, hobetu beharra duten alderdiak ere nabarmendu zituzten herritarrek: egoera txarrean daudela bide batzuk, txoko batzuetan garbiketa egin beharra dagoela eta hainbat gunetan mantenu falta dagoela.
Parte-hartze prozesuan bildutako emaitzak plan bereziaren hasierako onarpena izendatuko den idazkia prestatzeko erabiliko dira, eta teknikarien taldea horretan dabil dagoeneko.
Martxoaren 16an, emaitzen berri jaso zuen Arrate, Santakurutz eta Garagoitxiko Plan Bereziaren Kontsulta Taldeak. Talde hori berariaz sortu zen, beren ideiak eta ezagutzak planaren diseinura eta garapenera ekar zitzaten. Talde horretan planeko lursailetan interesak dituzten taldeak eta elkarteak daude, eta espazioaren ezagutza handia dute: Andirao (Eibarko Baserritarren Elkartea), Club Deportivo Eibar, mendi taldea, Debemen, Debegesa, planak barne hartzen dituen inguruetan dauden aisialdi-tokietako eta jatetxetako titularrak eta Udaleko teknikariak eta alderdi politikoen ordezkariak.
Horrez gain, eta plan bereziak ahal beste ekarpen eta ikuspegi izan ditzan –denak baitira garrantzitsuak-, planaren arduradun diren Udaleko teknikarien taldeak bilera gehiago egingo ditu inguruak ezagutzen dituzten beste eragile batzuekin: Arrate Irratia, Gotzaindegia, basogintzarekin eta nekazaritzarekin lotutako erakundeak, eskualdeko basozaina, herritar partikularrak, etab. Bilera batzuk egin dituzte honezkero eta beste batzuk aurki egingo dituzte.
Ekar dezagun gogora babes eta zaintza plan berezia Eibarko Udalak sustatu duela, inguru horretako hiri-antolamenduko plan orokorraren atal gisa. Helburu nagusia da inguru hori babesteko araudia sortzea eta bertan egin litezkeen esku-hartzeak bideratzea, kontuan hartuta eibartarrek oso maite dutela tokia eta Eibarko birikatzat hartzen dutela. Esparruak lurzoru ez urbanizagarri 320 hektarea ditu, haietatik 300 jabe pribatuenak dira eta 20 Udalarenak.