Eibarko Udala
obrak

Arragueta kalea eraldatzeko falta zen eraikina erosi du Udalak

2025/05/23
Artxiboko argazkia. Arragueta 16.
Artxiboko argazkia. Arragueta 16.

16 zenbakia erosteak eraispena burutzea eta Arragueta eta Bidebarrieta arteko konexioa egitea ahalbidetuko du. Berrurbanizazio-lanak aurten bertan hastea aurreikusi du Udalak; inbertsioa milioi bat euro baino gehiagokoa izango da.

Eibarko Udalak duela gutxi erosi du Arragueta kaleko 16. eraikina, eraispena egiteko udal-ondarean sartu beharreko azken higiezina. Erosketa honek ahalbidetu egingo du eremua berrurbanizatzeko proiektua desblokeatzea. Horrela, Arragueta eta Bidebarrieta kaleen arteko oinezkoen lotura erraztuko da, pasabide arinago eta irisgarriago bat eginda.

16 zenbakiaren eraispenak, jada eginda dagoen 15 eta 17 eraikinen eraispenarekin batera, beharrezkoa den espazioa lagako du, Udalak bultzatutako hiri-hobekuntzako planaren funtsezko elementuetako bat gauzatzeko. Jon Iraolak: “Erosketa honekin amaiera ematen diogu etapa bati. Dagoeneko esan dezakegu prest gaudela Eibarko gune historiko hau eraldatzeko. Esku-hartze honek mugikortasuna ez ezik herriaren identitatea eta kalitate urbanoa ere indartzen ditu”.

Proiektuak 1.033.000 euroko inbertsioa izango du guztira (BEZa barne), eta 2025eko udal-aurrekontuetan sartuta dago, Udalak berak baieztatu duen bezala. Lizitazio-prozesua datozen hilabeteetan hastea aurreikusten da, eta obrak eraispenak amaitu ondoren hasiko dira.

Arragueta kaleko berrunbanizazioak, Arikitza eta Urkizu arteko tartean,  irisgarritasuna, segurtasuna eta hiri-ingurunea hobetzeko hainbat jarduketa jasotzen ditu. Besteak beste, espaloiak zabaldu dira eta galtzada berriztu. Espaloiek tarte batzuetan hiru metroko zabalera izango dute,  eta galtzada asfalto inprimatuzkoa izango da, adokinatu-itxurarekin. Galtzada eta espaloia maila berean egongo dira, mugikortasuna errazteko.

Alberto de la Hoz Trafiko eta Mugikortasun zinegotziak honako hau nabarmendu du: "Proiektu honekin ibilgailuen trafikoa hobetuko da, espaloiak zabaltzean oinezkoentzat oso beharrezkoa den espazio bat irabazteaz gain. Urte asko izan dira, baina azkenean Arragueta oinezkoentzako gune atsegina izango da eta inbutua kenduko zaio Urkizu eta Errebal arteko mugikortasunari ".

Proiektuak, halaber, azpiegiturak berritzea, argiteria publikoa modernizatzea eta hiri-altzari berriak jartzea aurreikusten du, kale hori erosoagoa, seguruagoa eta erakargarriagoa izan dadin bizilagunentzat eta bisitarientzat.

Alkateak esku-hartze honen izaera eraldatzailea azpimarratu du: “Berrurbanizazio honek eibartarren eskaera historiko bati erantzuten dio. Apustu bat da hiri bizigarriago baten alde; hiri bat, espazio publiko irisgarriak eta pertsonentzat pentsatuak dituena. Irmo jarraitu beha dugu lanean, eraldaketa hau errealitate izan dadin lehenbailehen".