Alkateak Memoria Demokratikorako Estatu Idazkaritzari eskatu dio Untzaga plaza eta Udaletxea memoria-leku izendatzeko

Eibarko Udala.

Eibarko Udala.

2023/05/12

Jon Iraolak Ministerioari igorritako gutun batean, espazio horietan bizi izandako esangura handiko gertakari historikoak aipatzen ditu, horiek justifikatzen baitute eskabidea. Deklarazio honen ondorioz, Udala behartuta egongo da leku hauek modu egokian identifikatu, azaldu, seinaleztatu eta iraunaraztera.

Jon Iraola Eibarko alkateak gutun bat bidali du Memoria Demokratikorako Estatu Idazkaritzara, Espainiako Gobernuko Lehendakaritza, Gorteekiko Harreman eta Memoria Demokratikoaren Ministerioaren mendeko organora, non Untzaga plazaren bi aldeak eta udaletxea Memoria Leku izendatzeko eskatzen duen.

Iraolak honela justifikatu du eskabidea: “Espazio horiek betetzen dituzte halakotzat hartzeko behar diren baldintzak, garrantzi handiko hainbat gertaera historikoren agertoki izan baitira, eta, Eibarko hiriaren historiaz gain, kasu batzuetan, gertakizun horiek Estatuaren historiaren bilakaera ere definitu dute”.

Eskaeraren jatorria Memoria Demokratikoari buruzko urriaren 19ko 20/2022 Legean dago. Gobernu Zentralak onartu zuen lege hori, eta II. Tituluko IV. Kapituluko 4. atalean memoria demokratikoaren lekuak aipatzen dira bertan. Lege horrek ezartzen du zer irizpide eta baldintza bete behar diren Estatuko udalerrietako toki jakin batzuek izendapen hori jasotzeko.

Alkateak bere idazkian gogoratzen duenez, “zehazki, Untzaga plaza, non udaletxea kokatuta dagoen, izan zen II. Errepublika aldarrikatu zuen lekua 1931ko apirilaren 14ko lehen orduetan. Gertakizun horrek islatu zuen oinarrizko eskubideak eta askatasunak eta balio demokratikoak berreskuratu eta lortzeko Eibarko herritarren borroka”, adierazi du Iraolak.

Gutunean esaten denez, “gertaera horrek inoiz ez bezalako gizarte-mugimendu bat eragin zuen, udalerriaren mugak gainditu eta, zalantzarik gabe, gero gertatuko zenaren hariak ehunduko zituen estatu-errebindikazio bihurtu zen.” Gehitzen duenez, halaber, Plaza dagoen lekuan egonda, Gerra Zibilean eraso eta liskar gehien izan ziren guneetako bat izan zen.

Alkateak Ministerioari bidalitako idatziarekin batera, Udal Artxiboko arduradunak egindako txosten bat igorri da, zeinean, XX. mendean Untzaga plazan izandako gertakariak azaltzen diren eta zergatik merezi duen espazio horrek identifikatzea eta babestea.  

Hala, gertaera historiko horien garrantzia “eta memoria kolektiboan izan zuen eragina kontuan hartuta —baldintza biak Memoria Demokratikoaren Legean jasotakoak—”, Iraolak zera eskatzen dio Gobernuari: “Eskaera baloratzea eta aztertzea, Eibarko Untzaga plaza eta, hedaduraz, Eibarko udaletxea bera ere Memoria Demokratikoaren Leku izendatuak izan daitezen.”

Espazio bat ‘Memoria Demokratikoaren Leku’ izendatzeko baldintzak

Gobernu Zentralak onartutako Legearen arabea, ‘Memoria Demokratikoaren Lekua garrantzi bereziko gertaerak garatu diren espazioa, higiezina, parajea edo kultura-ondarea da, dela esanahi historikoagatik, dela esangura sinbolikoagatik, dela oroimen kolektiboan izandako eraginagatik. Gertakari horiek honako gaiak dituzte oinarri:  memoria demokratikoa, Espainiako herritarrek beren eskubide eta askatasunen alde egindako borroka, emakumeen memoria, 1936ko uztaileko estatu-kolpearen ondorioz herritarren aurkako errepresioa eta indarkeria, gerra, diktadura, erbestea eta balio demokratikoak berreskuratzeko eta sakontzeko borrokari aurre egitea.

Memoria Demokratikoaren Leku izendatu ondoren, toki horien Estatuko inbentario bat sortuko da, leku horien publizitatea eta zabalkundea egiteko. Inbentario hori mapa integratu batean jasoko da, informatu eta oroitzeko xedez.

Inskribatutako memoriaren leku bakoitzak erregistro-fitxa bat izango du, eta bertan jasoko da ondasunaren identifikazioa, inskripzioa justifikatzen duten balio material, historiko edo sinbolikoen informazio dokumentatua, bai eta mugaketa kartografikoa ere.

Azkenik, memoria demokratikoaren leku deklaratutako ondasunen titular diren administrazio publikoek haien iraunkortasuna, identifikazioa, azalpena eta seinaleztapen egokia bermatu beharko dituzte.