Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Alkateak iragarri du poliziaren presentzia indartu dela lapurretak gutxitzeko

Jon Iraola alkatea eta Javier Ziaran udaltzain burua prentsaurrekoan.

Jon Iraola alkatea eta Javier Ziaran udaltzain burua prentsaurrekoan.

2023/03/29

Jon Iraolak Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak martxan jarritako planaren berri eman du, zeina Ertzaintzarekin eta Udaltzaingoarekin batera egiten ari den. Plan hau Alkatetzak Segurtasun sailburuari duela gutxi premiazko neurriak hartzeko igorritako eskaeraren ondorioa da.

Jon Iraola Eibarko alkateak Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak egindako Planaren berri eman du gaur. Plan horretan, duela gutxi herrian izaten ari diren lapurretak eta lapurreta-saiakerak murrizteko neurriak jasotzen dira.

Plana duela egun batzuk bidali zion alkateari Eibarko Ertzaintzaren buruzagitzak, eta prentsaurreko batean eman dute horren berri. Bertan, alkateak berak parte hartu du, Javier Ziaran udaltzainburuarekin batera.

Martxoaren hasieran Jon Iraola alkateak Segurtasuneko sailburu Josu Erkorekari idazki bat bidali zion, zeinean eskatzen zuen premiazko neurriak har zitezela Eibarren segurtasuna indartzeko, herriko hainbat merkataritza- eta ostalaritza-establezimendutan gertatzen ari ziren lapurreten aurrean, eta dispositibo eta baliabide gehiago jar zitezela delituzko ekintza horiek murrizteko.

Erkorekari idatzitako gutunean hauxe zioen alkateak: “Halakoak egunero gertatu ez arren, azken asteetan gero eta ohikoagoak bihurtu dira, eta, horren ondorioz, segurtasun ezaren eta haserrearen sentsazioa areagotu egin dira herritarren artean, oro har, eta, bereziki, sektore kaltetuenetan, ostalaritzan eta merkataritzan, hain zuzen”.

Egoera hori ikusita, alkateak hauxe eskatzen zion Segurtasun sailburuari: “Gure herrian dagoen ertzain-kopurua handitzea, eta, ondorioz, eibartar guztien segurtasuna bermatzea”. Horretarako, zioen “gure Udaltzaingoak eman dezakeen laguntza guztia izango du”.

Eskaera hari erantzunez, Segurtasun Sailak, udalerrietako Segurtasun Publikoaren arloko arduradunak,  ekintza-plan espezifikoa prestatu du, Ertzaintzak Udaltzaingoarekin koordinatuta garatutzen ari dena, eta Eibarko espazio itxietan lapurretak murriztea helburu duena.

Planak proposamen batzuk jasotzen ditu Eibarko kaleetan Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren presentzia areagotzeko egun eta ordutegi jakinetan, bai eta beste neurri batzuk ere, dokumentuaren izaera eta lortu nahi diren helburuak direla-eta konfidentzialtasun-arrazoiengatik publiko egin ez direnak.

Jon Iraola alkatea pozik agertu da, “bere garaian Segurtasun Sailari helarazi nion kezka ulertu egin delako eta, horren ondorioz, Plan hau egin delako. Orain, espero dut hartuko diren neurriek eta Eibarko segurtasun-errefortzuak lapurretak eta lapurreta-saiakerak gutxitzea ekarriko dutela”.

Horren harira, alkateak zera azpimarratu du: “Oso kezkatuta gaude Eibarko kaleetako segurtasunarekin.  Gure lehentasun nagusienetako bat da, eta, horregatik, egunero dihardugu lanean Eibarko Udalean ditugun eskumen eta baliabideekin, baina, gertakariek hartara behartzen bagaituzte, Eusko Jaurlaritzari beharrezkoak diren neurri eta baliabide guztiak har ditzala eskatzen jarraituko dugu, eibartarren artean segurtasun handiagoa bermatzeko.”

Hain zuzen, eta gai honekin lotuta, bihar, osteguna, Eskualdeko Segurtasun Batzordea egingo da Eibarren.  Batzarra urtero antolatzen du Ertzaintzak eta bertan parte hartzen dute Debabarreneko udaletako ordezkari politikoek eta udaltzainek.  Batzar horretan, Ertzaintzaren agenteek 2022an eskualdeko herrietan izan diren delituen berri emango dute.