Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

67 taldek eta 600 jokalari baino gehiagok parte hartuko dute Jugger 2023 mundu-txapelketan

Jugger 2023 mundu-txapelketako aurkezpenaren irudia.

Jugger 2023 mundu-txapelketako aurkezpenaren irudia.

2023/07/18

World Club Championship, modalitate honetako munduko ekitaldirik handiena, bi urtean behin antolatzen dena, Unben egingo da asteburu honetan, bat etorriz Eibar Kirolaren Europar Hiria 2023 izendapenaren helburuekin. Eibar izango da txapelketa hau hartuko duen Espainiako lehenengo hiria.

67 taldek eta 600 jokalari baino gehiagok parte hartuko dute World Club Championshipean. Bi urtean behin egiten den munduko jugger ekitaldirik handiena da, eta aasteburu honetan jokatuko da, Eibarren. Zehazki, ekitaldia uztailaren 21, 22 eta 23an izango da Unbeko kirol instalazioetan.

Hitzordu honek interes handia piztu du, izan ere, munduko hainbat lekutako jokalariek parte hartuko dutela baieztatu dute, hala nola, Suedia, Suitza, Lituania, Kolonbia, Alemania, Frantzia, Estatu Batuak, Irlanda, Herbehereak eta Australiatik etorritako jokalariek parte hartuko dute, Espainiaz gain.

Ekitaldiaren azken xehetasunak gaur aurkeztu dira prentsaurreko batean, eta bertan izan dira Jon Iraola Eibarko alkatea eta Arima Galduak Eibarko Jugger kirol-taldeko ordezkari bat.

Jon Iraolak azaldu duenez, “Eibar Arima Galduak taldeak txapelketa hau Eibarrera ekartzea planteatu zigunean, ez genuen zalantzarik izan, batetik, kirol hau ezagutzera emateko aukera oso ona zela ulertu genuelako, eta, bestetik, Eibar 2023ko Kirolaren Europar Hiria izendapenaren helburuekin bat egiten duelako, sari horren bidez beste urrats bat eman nahi baitugu Eibar kirol-jardueraren erreferentziazko toki gisa berresteko bidean".

Mundu mailako txapelketa hau Alemanian egin ohi da, kirol hau sortu zen herrialdea delako; baina oraingoan Espainiak antolatzeko eskubidea irabazi du, kirolaren hazkundeagatik eta Espainiako taldeek nazioarteko txapelketetan lortutako emaitza bikainengatik. Izan ere, azken urteetan, Estatuko hainbat talde txapeldun izan dira eta Europako ekitaldi garrantzitsuenen podium osoa ere irabazi dute, mundu osoko kluben aurka lehiatuz.

Bezperako jardunaldian, uztailaren 20an, harrera egingo zaie taldeei, materiala berrikusiko da, zelaiak muntatuko dira eta lagunarteko zenbait partida jokatuko dira.

Talde bakoitzeko 7 jokalarik hartzen dute parte, eta txapelketa hiru faseko lehiaketa gisa planteatzen da: sailkapena, berrantolaketa eta kanporaketak. Taldeak jardunaldi bakoitzean (uztailak 21, 22 eta 23) hiru instalaziotan banatuko dira, bakoitza sei jugger zelairekin, non aldi berean jokatuko baita 9:00etatik 17:00etara arteko ordutegian, gero eta paretsuagoak diren norgehiagokak bilatuko dituen sistema batekin; eta uztailaren 23an (igandea) finala jokatuko da 15:00etan.

Gainera, munduko txapelketa honekin, inpaktu sozial eta ekonomiko garrantzitsua aurreikusten da.  Horrela, jarduera eta ekitaldi sozialak antolatuko dira, jokalarien loturak lehiaketatik haratago indartzeko; aldi berean, parte-hartzaileek inguruetan turismoa egiteko aprobetxatu ahal izango dute.

Juggerrari buruzko datuak

Juggerra bost jokalariko bi talderen arteko kontaktu-kirol mistoa da, 1990eko hamarkadaren hasieran Alemanian sortutakoa. Funtsean errugbiaren oso antzekoa izan arren, esgrima-elementuak gehitzen ditu, horrela jokalarien arteko kontaktua minimizatuz. Talde bakoitzaren helburua da pilota zelai-erdian eskuratzea eta aurkako eremura eramatea tanto bat markatzeko.

Talde bakoitzeko bost jokalarietatik lauk beren aurkariak neutralizatzeko tresnak daramatzate, eta beste jokalariak, korrikalariak, berriz, pilota hartu eta puntua egin dezake. Partidak 40x20 metroko jokaleku batean jokatzen dira, eta 30 minutuko iraupena izaten dute, non puntu bakoitza 10 segundora murriztu daitekeen.