51.173 bidaia egin ditu Eibarko bus urbanoak 2025ean
Joan-etorrien % 78 MUGI txartelarekin ordaindu ziren, ordainketa elektronikoaren sistemaren erabilera kontsolidatuz. Udalak harreman hurbila du Diputazioarekin, kexak eta kezkak partekatzeko eta zerbitzua hobetzen jarraitzeko.
Eibarko bus urbanoaren zerbitzuak 51.173 bidaia egin ditu 2025ean zehar, eta horrek erakusten du herritarren eguneroko joan-etorrietarako aukera nagusienetako bat dela.
Bidaia guztietatik, 40.062 MUGI txartelaren bidez ordaindu ziren, alegia, bidaien % 78; gainerako bidaiak, 11.111 (% 22), esku-diruarekin ordaindu ziren. Kopuru hauek ordainketa elektronikoaren bidezko sistema kontsolidatuta dagoela erakusten dute, baita garraio urbanoa pixkanaka lurraldeko tarifa-sisteman sartzen ari dela ere.
Jon Iraola Eibarko alkatearen iritziz, datuak positiboak dira, eta azpimarratu du zein garrantzitsua den garraio publikoa indartzen jarraitzea, herritarren eguneroko mugikortasunerako oinarrizko zerbitzu gisa. “Autobus urbanoa funtsezko zerbitzua da Eibar barruko eguneroko joan-etorrietarako. Kopuru hauek argi uzten dute gero eta pertsona gehiagok dutela konfiantza gure udal-garraioan. Udalean iradokizunak eta kezkak jasotzen jarraitzen dugu, zerbitzua hobetu eta herritarren benetako premietara egokitzeko”, azaldu du.
Bestalde, herrien arteko Lurraldebus zerbitzuak inoizko daturik onenarekin itxi du 2005 urtea Debabarrenean, argi utzita eskualdean gero eta joera handiagoa dagoela garraio publikoa erabiltzeko.
Igoera hau Lurraldebusek herri arteko joan-etorrietan duen garrantziaren isla da; izan ere, langileen, ikasleen edo bestelako erabiltzaileen mugikortasuna hobetzeaz gain, garraio pribatuarekin lotutako pilaketak eta ingurumen-inpaktua murrizten laguntzen du. Gehien erabiltzen diren ibillbideak Eibar, Elgoibar, Zarautz eta Pasaia artekoak dira, Debabarreneko leku giltzarriak zerbitzuekin, heziketa zentroekin eta merkataritza guneekin lotzen dituztenak.
Trafiko eta Mugikortasun zinegotzi Alberto de la Hozen hitzetan, “garraio publikoa lehen aukera izan behar da, aukerarik jasangarriena baita. Hala ere, Udalean anbizioz jokatu behar da, badago-eta hobetzeko tartea. Aurten, Trafiko eta Mugikortasun Sailak goizetan auzo eta poligonoetara doan Udalbus zerbitzua indartzeko lan egingo du, eta, horrez gain, asteburuetan gaueko zerbitzu berri bat jarriko da martxan, erdigunetik urrun dauden auzoetan bizi direnentzat.
Jon Iraolak nabarmendu nahi izan du Gipuzkoako Foru Aldundiarekin koordinatzeak duen garrantzia, eta Azahara Domínguez herrien arteko garraoioaren arduradunari eskerrak eman nahi izan dizkio lurraldeko mugikortasuna hobetzeko duen inplikazioagatik. “Lurraldebus ezinbesteko zerbitzu bihurtu da Debabarreneko eguneroko bizitzarako. Diputazioarekiko koordinazioari eta lankidetzari esker, ibilbideak, ordutegiak eta zerbitzuak optimizatzen jarraitu dezakegu, eta, horrela, herritarren joan-etorriak erraztu eta garraio jasangarriago eta eraginkorragoa sustatuko dugu.