Eibarko Udala

300 bat pertsonak hartu dute parte Eibarko Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren Berrikusketaren harira egin den inkestan

2021/12/03
HAPOren (Hiri Antolamendurako Plan Orokorra) webgune berriaren 'Parte hartu' atalaren irudia.
Ekarpen gehienak gai hauen ingurukoak izan dira: espazio libreak eta ekipamenduak, kultur ondarea, enplegua eta industria-jarduera, ingurunearen babesa eta etxebizitza. Emaitzen ebaluazio-txostena dagoeneko eskuragarri dago www.planorokorra-eibar.eus webgunean eta www.eibar.eus udal webgunean.

Proposamenak edo iradokizunak aurkezteko epea amaitu ondoren, 274 pertsonak egin dizkiote orotariko ekarpenak Udalari, horretarako sortutako webgunean jarritako inkestan, Eibarko Hiri Antolamendurako Plan Orokorra berrikusteko proiekturako.

Gizonen eta emakumeen parte hartzea antzekoa izan da. Adin-tarteen arabera, gehien parte hartu dutenak 24-40 urte bitartekoak (% 46) eta 41-65 artekoak (% 47) izan dira. Gazteenen eta nagusienen artean, partaidetza txikiagoa izan da. Parte-hartzaile gehienak Eibarren bizi dira (% 93) eta % 7 herritik kanpo.

Erregistratutako ekarpenen edukiari dagokionez, askotariko gaiak egon dira.  Adostasun handiena eragin duten gaien artean dago espazio libreen eta berdeguneen kopurua handitzeko beharra, parte-hartzaileen % 86ren ekarpenekin; eta % 82k ekipamendu-kopurua handitzeko proposamenak egin dituzte, nahikoak ez direla iritzita.

Kultur ondarearen gaia garrantzitsutzat jotzen dute inkestako parte hartzaileen % 85ek; eta % 84 ados dago industria-eraikin bereziak kontserbatzeko eta babesteko beharrarekin.  Gainera, % 89k garrantzitsutzat jotzen du jasangarritasunaren gaia eta klima-aldaketarena; % 80k uste du zarata arazo bat dela Eibarren, eta % 93k inportantea deritzo energia garbiak eta berriztagarriak erabiltzeari.

Enpleguaren eskaintza eta aukerari dagokienez, parte-hartzaileen % 89k uste dute ez dela nahikoa; eta % 95ek Eibarren industria-jarduera bultzatu behar dela.  Bestalde, herrian dagoen etxebizitza-kopurua nahikoa dela uste du % 83k; % 80k pentsatzen du etxebizitza gehiegi daudela hutsik, eta % 91k dio etxebizitzen eraberritze integralari eman behar zaiola lehentasuna.

Auzoei dagokienez, parte-hartzaileen % 39 erdigunekoak dira; % 10 Urkizu aldekoak; % 10 Ipuruakoak; % 9 Amañakoak; % 6 Jardiñetakoak; % 5 Azitain eta Urkikoak; % 3 Legarre eta San Kristobalekoak; eta % 1 Txontakoak.  Gainerako % 10a beste leku batzuetakoa da.

Inkesta errazteko, HAPOren edukiak sei helburutan egituratu ziren. Hauexek ziren helburuak: lurraldearen babesa (ingurumena eta paisaia), lurzoru publikoak eta esku-hartzea aztarna planifikatuan (espazio libreak eta ekipamenduak); hirugarren eta laugarren helburuek zeharkako gaiak jorratzen zituzten, hala nola kultur ondarea balioan jartzea eta hiri jasangarri bat lortzea klima-aldaketari egokitua; eta bosgarren eta seigarren helburuek honako gaiak lantzen zituzten: eraikuntzak, oreka ekonomikoa eta herri atsegin eta erakargarriago bat egitea.  Sei helburu horiez gain, zazpigarren espazio bat ireki zen ondorioetarako beste gai orokorrago eta irekiago batzuekin.

Oro har, parte hartu duten pertsonek gai guztietan hartu dute parte eta galdera guztiei erantzun diete; hortaz, ondorioa da HAPOk lantzen dituen gaiekiko interesa askotarikoa dela eta heterogeneoa. Interes gehien piztu duten gaiak hauek izan dira: ‘Espazio libreak eta ekipamenduak’ eta ‘Lurraldearen babesa’, eta jarraian ‘Biztanleria eta Etxebizitza’, ‘Kultur ondarea’, ‘Jasangarritasuna eta klima-aldaketa’.  ‘Jarduera ekonomikoa’ izan da erantzun gutxien izan dituena.

Inkestaren emaitzen ebaluazioa bildutako ekarpenen laburpenean eta txosten bat idaztean datza, zeinaren emaitzak kontuan hartuko diren HAPOren Aurrerapen fasean. Emaitzen ebaluazio-txosten hori dagoeneko eskuragarri dago www.planorokorra-eibar.eus webgunean eta www.eibar.eus udal webgunean.

Emaitza horiek sartu ondoren, laster amaituko da HAPO berriaren Aurrerapenaren dokumentua idazteko prozesua, eta jendaurrean jartzeko fasea irekiko da. Fase horretan, herritarrek iradokizunak eta alternatibak aurkeztu ahal izango dizkiote Eibarko hiriaren etorkizuneko hirigintza-garapena planifikatuko duen dokumentuari.