Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

‘Umeak Eskolara’ eta ‘Dirulaguntzak Ikasleei’ izeneko laguntza-programen beste edizio bat martxan

Eibarko Udala.

Eibarko Udala.

2021/09/02

Programaren aurrekontua 410.000 eurokoa da, eta ikasle bakoitzak 60,10 eurorainoko laguntza jaso ahalko du Eibarko dendetan egindako erosketengatik. Aurtengo berritasuna da 120,20 eurorainoko laguntza izango dutela Dirusarrerak Bermatzeko Errentaren titular diren edo Elikagaien Bankuko programan dauden familietako umeek.

Eibarko Udalak ‘Umeak Eskolara’ eta ‘Dirulaguntzak Ikasleei’ programen edizio berri bat onartu eta martxan jarri du. Laguntza hauen bidez, ikasleen familiei 60,10 euro emango zaizkie ikasle bakoitzeko herriko establezimenduetan egindako erosketengatik. Kanpaina honen hartzaileak eskola-adina duten edo araututako irakaskuntzan edo irakaskuntza okupazionalean ari diren seme-alabak dituzten familiak dira.

Programa honek, 21 urtetik hona egiten ari dena, “herritarrengana hurbiltzea” du xede, “familiek ikasturte-hasieran egin behar duten gastuari apalki lagunduz", eta, aldi berean, Eibarko merkataritzan salmentak handitzea ahalbidetuz. Dirulaguntza horiek finantzatzeko, Udalak 410.000 euroko zenbatekoa esleitu du aurtengo aurrekontuetan (272.500 euro ‘Umeak Eskolara’ programarako eta 137.500 euro ‘Dirulaguntzak Ikasleei’ programarako).

Iaz, pandemiaren ondorioz, familien zailtasun ekonomikoei aurre egiteko, dirulaguntzen kopurua handitu egin zen 120,20 euroraino; aurten, ordea, aurreko formulara itzuli da, eta 60,10 euro emango dira ikasleko.

Hala ere, eta familia jakin batzuen premia bereziei erantzunez, berritasun bat sartu da aurten: 120,20 euro emango zaizkie ikasleei, baldin eta 2021eko apirilaren 30an, Dirusarrerak Bermatzeko Errentaren titular diren edo Elikagaien Bankuko programan dauden gurasoak, tutoreak edo harrerako familiak dituzten umeak badira.

Azken talde horretan dauden familiak salbu, eskabide bakoitzeko gehienez ere 60,10 euro eskuratuko dira, honako hauen erosketa-gastu hauek laguntzeko: arropa, oinetakoak, kirol-materiala, eskola-materiala (testu-liburuak izan ezik), betaurrekoak eta lentillak. Gainera, Eibarko dendetan salmentak sustatzeko asmoz, erosketak Eibarko dendetan egin beharko dira, aurtengo irailaren 1etik urriaren 29ra arte.

‘Umeak Eskolara’ programa honako baldintza hauek betetzen dituzten umeen guraso, tutore edo harrerako pertsona/familientzat da: 2006ko urtarrilaren 1etik 2019ko abenduaren 31ra bitartean jaiotako haurrak izan behar dira; eta Eibarren etenik gabe erroldatutakoak, 2021eko urtarrilaren 1etik 2021eko maiatzaren 31ra bitartean.

‘Dirulaguntzak Ikasleei’ programaren kasuan, irakaskuntza arautu edo okupazionaleko ikasketak (gutxienez 600 orduko iraupena), eta master edo doktorego homologatuak (ikasturtearen antzeko iraupena) dituzten ikasleak izango dira hartzaileak, eta, gainera, honako baldintza hauek bete beharko dituzte: 1996ko urtarrilaren 1etik 2005eko abenduaren 31ra bitartean jaiotakoak izatea; eta Eibarren etenik gabe erroldatuta egotea, 2021eko urtarrilaren 1etik 2021eko maiatzaren 31ra bitartean.

Laguntza hauek jasotzeko eskabideak aurkezteko epea irailaren 1ean hasi eta 2021eko urriaren 29an amaituko da, eta bakarrik onartuko dira irailaren 1etik urriaren 29ra bitartean egindako erosketen fakturak. Laguntza eskatzeko dokumentazioa Eibar Merkataritza Zentro Irekiaren (EMZI) bulegoan entregatu beharko da, Isasi kaleko 26, behean zenbakian.

Irailaren 1etik 14ra, EMZIren bulegoko ordutegia hauxe izango da: astelehenetik ostiralera, 8:00etatik 14:00etara; eta irailaren 15etik urriaren 29ra, astelehenetik ostegunera, 9:00etatik 14:00etara, eta 16:00etatik 18:30era; eta ostiraletan, 8:00etatik 15:00etara.

Eskatzaileek dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte: eskabide-orria beteta; matrikularen egiaztagiria; saltokiak egindako fakturak dirulaguntzaren titularraren izenean, non argi eta zehatz jasoko diren erositako produktuak; eta libretaren edo banku-kontuaren titulartasuna egiaztatzen duen dokumentua. Ikaslea adin txikikoa bada, eta kontuaren titulartzat azaltzen dena tutorea edo harrerako pertsona/familia bada, hori egiaztatzen duen dokumentazioa.

60,10 euro baino gehiagoko laguntza eskatzen bada, 120,20 euroraino jaso dezaketen kasuren bateko kide izateagatik,  Eibarko Udaleko Gizarte Zerbitzuen Sailak emandako idazki bat ere aurkeztu beharko da, ezarritako baldintzetako bat betetzen dela egiaztatuz (DSBEren onuradunak eta titularrak, Gizarte Larrialdietarako Laguntzak edo Elikagaien Bankuaren programa).