Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

200 eibartar baino gehiagok hartu du parte Eibarko Hiri Antolamendurako Plan Nagusiaren berrikusketaren esparruan egin den inkestan

HAPOren (Hiri Antolamendurako Plan Orokorra) webgune berriaren 'Parte hartu' atalaren irudia.

HAPOren (Hiri Antolamendurako Plan Orokorra) webgune berriaren 'Parte hartu' atalaren irudia.

2021/09/16

Urriaren 3ra arte dago epea herritarrek beren ideiak —dagoeneko 800 jaso dira— proposatzeko, proiektuari forma ematen lagunduko duen prozesu parte hartzaile honetan. Gai hauek izan dira proposamen gehienen ardatz: espazio libreak eta ekipamenduak, ingurumenaren babesa, biztanleria eta etxebizitzak.

Uztailaren amaiera aldera prozesu parte hartzaile bat jarri zen abian herritarrek beren ekarpenak egin ziezazkioten Hiri Antolamendurako Plan Nagusiaren berrikuspenaren proiektuari, horretarako propio sortutako webgunean jarritako inkestaren bidez. Orduz geroztik, 200 bat herritarrek (203 zehazki) 800 inguru proposamen egin dituzte. Eibarko Udalak espero du kopuru hori handitzen joatea, izan ere, iradokizunak egiteko epea zabalik egongo da urriaren 3ra arte. 

Orain arte jaso diren ekarpenen edukia askotarikoa izan da. Proposamen gehienak espazio libreak eta ekipamenduak atalari dagozkio, guztira 140; jarraian ‘Ingurumenaren babesa’, 132 ekarpenekin.  Biztanleriari eta etxebizitzari dagozkienak 118 izan dira; kultur ondarearekin lotutakoak 105; jasangarritasunari eta klima aldaketari buruzkoak 104; eta ekonomia-jarduerari buruzkoak 99. Gainera, 103 gogoeta orokor egin dira beste alderdi batzuei buruz.

Parte hartu duten 203 pertsonei dagokienez, orain arte % 54 gizonak izan dira eta % 46 emakumeak.  % 91 Eibarren bizi dira eta gainerako % 9a beste herri batzuetan.  Auzoei dagokienez, % 38 erdigunean bizi dira. Hurrengo guneak, bakoitza % 10arekin, Urkizu eta Ipurua izan dira.  Parte hartzaileen % 7 Amañakoak izan dira, Jardiñetakoak % 6, Urki eta Azitaingoak % 5, bakoitza, San Kristobalgoak % 4, eta Txonta-Urkikoak % 1.  Gainerako % 10a beste leku batzuetakoa da.

Prozesu parte hartzaile hau HAPOren berrikuspenaren Aurrerapen Faseari dagokio. Horren harira, gogorarazten da proposamenak https://planorokorra-eibar.eus/eu/galdetegia webgunearen bidez egin daitezkeela.  Jarduera honen bidez jakin nahi da zein den HAPOk arautzen dituen alderdiei buruz herritarrek duten iritzia.

Webgunera sartu ondoren, pertsona bakoitzak aukeratu ahal izango du, bere interesen eta kezken arabera, proposatutako sei atalen artean zeini buruz eman nahi duen iritzia; hautatu ahalko du atal bati, bat baino gehiagori edo guztiei erantzutea, modu anonimoan, betiere. Eta, interesdunak bere ekarpenak egiteko atala edo atalak aukeratzen duenean/dituenean, lehenik, datuen babesari buruzko legezko baldintzak onartu beharko ditu, eta, azkenik, galderei erantzun.

Atal bakoitzari erantzuteko denbora hiru minutukoa da gutxi gorabehera, eta sistema bat jarri da herriko plano batean erantzunetako batzuk geokokatzeko.  Bildutako informazioa proiektuaren ekipo teknikoak kudeatuko du, eta haren emaitzak Aurrerapenaren dokumentuan sartuko dira.  

Hiri Antolamendurako Plan Nagusiaren berrikuspen prozesua

Eibarko Udalak iazko urtean Hiri Antolamendurako Plan Nagusia (HAPO) berrikusteko prozesuari ekitea erabaki zuen eta, aldi berean, herritarren parte hartze programa bat onartu, proiektuari  behin betiko forma emateko. Hiri Antolamendurako Plan Nagusia hirigintza antolatzeko herriak duen tresna nagusia da, eta lurzoruaren erabilerak eta herriko eraikinak arautzen ditu. Arau juridiko gisa, eskubideak eta betebeharrak ezarri, eta subjektu publiko eta pribatu guztiak horretara lotzen ditu.

Berrikuspenaren erabakia hartzeko arrazoi nagusiak hainbat izan ziren. Lehenik eta behin, lau laurtekotan banatzen zen indarraldiko legezko epea amaituta zegoen. Bigarrenik, oraingo HAPOren dokumentua hedapen handiko garai batean idatzi zen, "adreiluaren burbuila" izenez ezagutu izan dena, eta, hortaz, ez da egokitzen 2008az geroztik izan diren aldaketa ekonomiko, sozial eta ingurumen arlokoetara; eta, azkenik, Plan hori ez dago Euskadiko Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko indarraldiko Legeari egokituta.

HAPOren berrikuspena aurrera eramateko, Udalak TRION, Planes y Servicios SLP enpresaren zerbitzuak kontratatu zituen, Aurrerapena idatz zezan. Prozesuak bost fase ditu: hirigintzari buruzko informazioa eta diagnostikoa; irizpide eta helburu orokorren formulazioa, hasierako onarpena, behin-behineko onarpena, eta behin betiko onarpena.

Aurrerapenaren Fasean, dokumentua idatzi duen taldeak Udalari igorri zizkion, haien ustez, eta, herriaren egoera aztertu eta gero, agirian sartu beharko liratekeen proposamenak.  Halaber, Udalean ordezkaritza duten alderdiek beren ekarpenak egin zituzten.  Aldi berean, TRION enpresak bilerak egin zituen hainbat sektorerekin, eragile sozialekin eta herritarren ordezkariekin zenbait alderdi aztertzeko, hala nola ingurumena, eraikinen edo auzoen zaharberritze premiak, espazio libreak.