Txaltxa Zelaiko parke estaliaren inguruko auzian auzitegiek arrazoia eman diote Eibarko Udalari

2015/09/10
Udalak diru-laguntza bat galdu zuen enpresa adjudikaziodunak ez zituelako bete obra egiteko konpromisoak.

Justizia Auzitegiek arrazoia eman diote Eibarko Udalari umeen jolasleku izateko Txaltxazelaiko parke estali hura egiteko lanak esleitu zitzaizkion aurreneko enpresaren eta Udalaren artean izandako auzian. Auzi-ebazpenaren ondorioz “Ravi Obras, Transportes y Excavaciones” etxeak 285.360 euroko kalte-ordaina eman beharko dio udalari.

Proiektua lehiaketara atera zen eta Castelloko enpresa hori izan zen adjudikazioa eskuratu zuena. Hala ez zuen ezer egin -lanak egiten hasi ere ez- udalak eskatutako epe horren barruan eta adjudikazioan jasotako konpromisoak ere ez zituen bere gain hartu, beraz, udalak kontratu hura moztea erabaki zuen. Obra egun edo fetxa jakin baterako eginda ez edukitzean udalak 235.756 euro galdu zituen: Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza.

Udalak beti eutsi dio gai honen inguruan duen iritziari: obraren adjudikazioduna bera da laguntza hori jaso ez izanaren erruduna. Udalak, herriaren alde egitearren, kasu hori Auzitegira eraman zuen.  Aldez aurretik, lehengo kontratu hura eten edo moztu ondoren, Udalak lizitazio-prozesu berri bat ireki zuen. Horrela ibili behar izatean proiektua asko atzeratu zen, baina hala ere, 2013. urtearen amaiera aldean, estalpea eginda zegoen, lana beste etxe bati egiteko enkargua egin ondoren.

Sasoi Eraikuntzak izan zen obrak egin zituena 295.349 euroan eta sei hileko epe barruan. Txaltxa zelaian jolasean aritzeko eta eguraldi txarrarekin han egoteko estalpea sortzeko asmoa aspaldikoa da, eta herritarrek, udalari, eguraldi txarra denean –batik bat, neguan- leku gorde bat izateko egin izan dizkioten hainbat eta hainbat eskaeratan funtsatzen da.

Obra hori egitean izandako atzerapenak -eta, horren ondorioz, Eusko Jaurlaritzak hitz emandako diru-laguntza galtzea- oposizioko talde batzuen kritikak piztu zituen gobernu-taldeak zeraman kudeaketaren kontra. Orain ikusi den bezala, udalaren jarduna beti zuzena izan zen. 

 

 

 

Txaltxa Zelaiko parke estaliaren inguruko auzian auzitegiek arrazoia eman diote Eibarko Udalari

Txaltxa Zelaiko parke estalia.