Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Gardentasunaren ataria eta Kulturako mikrositea, biak udal webgunean

2015/07/23

Agintaldi berri honetan sortutako Gobernua Zabalik Ordezkaritzaren egitekorik nagusienetakoa da Gardentasunaren pegora edo ataria eratzea. Udalaren jarduerari buruzko informazio guztia, egiazkoa eta erabilgarria herritarrei eskaintzea da helburua. Kulturako mikrositeak bere aldetik, Udaleko kultura eragile guztiak gune bakar batean biltzea du helburu.

Eibarko Udalak, udal webgunea hobetzearren eta erakundeak eskaintzen dituen zerbitzuak ontzearren,  bi atal berri  jarri ditu herritarrengandik gertuago egon nahian. Horrela, udal webgunearen azal nagusian hobekuntza nabarmenak egiteaz gain (www.eibar.eus) bi atal berri gehitu dizkio: bata, udal gardentasunarekin dago lotua; bestea kulturarekin, euskararekin, oroimenarekin edota herriko jaiekin.

Gobernua Zabalik

Agintaldi honetan jaio berri den Gobernua Zabalik Ordezkaritzaren apusturik sendoenetakoa Gardentasunaren pegora edo ataria sortzea eta martxan ipintzea izan da: Udalaren jarduerari buruzko informazio guztia, egiazkoa eta erabilgarria eskaintzea du helburu eta xede nagusi. Hartara, herritarrek, erakundeari buruz, antolamenduaren aldetik, plangintzaren inguruan, ekonomiaz, aurrekontuez edo beste zerbaitxoz jakiteko nahi beste datu eskuratzeko aukera izango dute. Horri esker, herritarrak gertuen duen erakunde horretatik, udaletik, hartu eman hurbilago bat izango du; udalak eta herritarrak elkarri dioten konfidantza sendotu egingo da.

Gardentasunaren pegora edo ataria udal webguneko menu nagusian dago txertatuta (http://www.eibar.eus/eu/gardentasuna) eta Gipuzkoa Irekia plataformaren barruan ere badago sartuta(http://www.gipuzkoairekia.eus/eu/web/eibar/hasiera). Hiru dira pegora edo atari berriak menu nagusian dituen atalak: datu irekiak, gardentasuna eta albisteak.

Lehenengoak, datu irekien atal horrek, datu-katalogoa -10 dataset baino gehiago argitaratu dira- eta datu irekiak eskatzeko formularioa batzen ditu. Era horretan, herritarrak, Udalari buruz eta haren funtzionamenduaren inguruan, datu publiko gehiago eskatu eta kontsultatu ahal izango ditu. Bigarren atalak, gardentasunarenak, gardentasunaren katalogoa biltzen du dokumentuen laguntzarekin –beste agiri batzuen artean hortxe daude 2015eko aurrekontuak, Udalbatzak eta Tokiko Gobernu Batzarrak hartutako erabakiak edo akordioak eta udalak duen ondasun higiezinen zerrenda-. Atal horrek ere badu informazio publikoa eskatzeko formularioa, nahi duenak bete eta Udalari bidal diezaiokeena.

Azkenik, gardentasuna eta udal kudeaketarekin lotutako albistegia aurkituko du erabiltzaileak. Gardentasuneko ataria erabilita, pixkanaka, herritarren eskaerak asetzeaz gain, Estatu mailan herri erakundeen betekizunak ezartzen dituen Gardentasuneko, Informazio Publikoa eskuratzeko eta Gobernu Oneko 19 / 2013 Legea betetzea da helburua.

Kulturako mikrositea

Kulturako mikrositearen helburua da www.eibar.eus/kultura udaleko kultur eragileak batu eta kultura, euskara eta gazteriaren arloetan, besteak beste, gauzatzen diren ekimenen berri ematea.

Web gune berriak batzen dituen atal nagusiak honako hauexek dira: Portalea Kultura Etxea, Coliseoa, Juan San Martin Udal Liburutegia, Udal Eskolak –“Juan Bautista Guisasola” Herriko Musika Eskola, Margo Eskola, Zeramika Eskola eta Udal Euskaltegia- Euskara eta Gazteria. Gainera, Arrateko Aterpetxea, Armagintzaren Museoa, Egoibarra Batzordea, Eibarko euskara edota herriko jaiekin lotutako informazio eta dokumentu interesgarriak herritar ororen esku jarriko dira.

Kulturako atariak bere albistegi propioa izango du, eta bertan plazaratutako edukiak, automatikoki, udal webgunean ere agertuko dira. Horrez gain, web guneak batzen ditu orrialde nagusian ‘Agenda’ atala eta Coliseo Antzokiko zine karteldegia.

Aurrerantzean, herritarrek gune edo plataforma bakarrean topatuko dute Eibarko kulturarekin lotutako nahi beste eduki: ikastaroak, matrikulak, ordutegiak, ekitaldiak, kanpaina bereziak, hitzaldiak eta abar.

etiketak: Gardentasuna, Kultura