Eibarko Udala

Eibarko Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren 7. Aldaketa, Txonta eta Errekatxu kaleko eremuari buruzkoa

Txontako eremuan eta Errekatxu kaleko 17, 19 eta 21 eraikinetan Eibarko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren 7. Aldaketaren espedientea 2023ko irailaren 22ko Gobernu Batzordearen akordioaz hasi zen.

Eibarko Herriaren Antolamendurako Plan Orokorrari (aurrerantzean HAPO) behin betiko onespena eman zion Gipuzkoako Foru Aldundiaren Diputatuen Kontseiluak 2006ko abenduaren 12an egindako bilkuran; testu batera-tua 2007ko abenduaren 18ko Diputatuen Kontseiluak onartu zuen eta 2008ko urtarrilaren 22ko Gipuzkoako Buletin Ofizialean argitaratu zen.

HAPOk Txonta eremuari Txonta 125 JI izena eman eta haren erabilera aldatzea erabaki zuen: industria-erabileratik bizitegi-erabilera trinkora pasatzea, alegia. Hala ere, 2009ko otsailaren 24an, Euskal Herriko Justizia Auzitegi Gorenak, Eibarko HAPOk Txonta eremurako zituen aurreikuspenak baliogabetzeko epaia eman zuen.

Eremurako aldaketa puntual bat idatzi eta onartu egin zen, eta berriz ere indargabetu zuen Euskal Herriko Justizia Auzitegi Gorenak, 2017ko apirilaren 21ean emandako sententziaren bidez.

Bi deuseztapen horien ondorioz, Txontako eremuak ez du hirigintza-antolamendu eguneraturik indarrean, eta nahitaezkoa da eremu-rako hirigintza-antolamendu berri bat onartzea, HAPOren aldaketa puntual bat eginda.

Hainbat akordio egin dira Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailarekin eta eremuko jabeekin, bertako erabilera eta gestioari dagokienez. Zehazki, 2021eko maiatzean hitzarmen bat sinatu zen Etxebizitza Sailarekin, zeinaren bi-dez Sailak konpromisoa hartu zuen Txonta Hegoaldeko eremuan babes sozialeko etxebizitza-promozioak garatzeko eta eraikitzeko.

Ondorioz, aldaketaren helburu nagusia izango da Txonta eremuan, erabiltzen ez diren industria-instalazio zaharrek okupatzen dituzten gu-neetako industria-erabilera aldatzea, eta ingurua lehengoratzea, bizitegi-erabilera berriak ezarriz. Horretarako, jarduera integratuko bi esparru zedarrituko dira AP-8ko bidezubiaren iparraldean eta hegoaldean.

Era berean, aldaketa puntualean Errekatxuko 17, 19 eta 21 zenbakietako eraikinak ordezteko eta berreraikitzeko behar den antolamendua ere sartu nahi da, eraikin horiek oso egoera estruktural txarrean baitaude eta berreraikitzeak auzoa berroneratzen lagun dezake.