Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Enpresen ekintzailetza, finkapena eta ondorengotza laguntzeko diru-laguntzak (2018)

Deskribapena: Enpresen ekintzailetza, finkapena eta ondorengotza laguntzeko diru-laguntzen eskaera egitea.

Hartzailea: Diru-laguntza ildo guztien onuradunak ezingo dira egon inolako zehapen administratibo edo penala betetzen, sexuagatiko diskriminazio arau-haustea egiteagatik, ezta Gizonen eta Emakumeen Berdintasunerako legea dela-eta zehapena izateagatik ere.

Diru-laguntza hauek eskuratzeko aukeratik kanpo geratzen dira: partaidetza publikoa duten enpresak, sozietate publikoak, zuzenbide publikoko entitateak eta diru irabazi asmo bariko fundazioak eta elkarteak. Ostera, diru-laguntza hauek eskuratzeko aukera dute Eusko Jaurlaritzak laneratze-enpresatzat kalifikatutzat dituen enpresek eta laneratze-enpresen erregistroan inskribatutakoek, baldin eta sortu berriak badira.

Diru-laguntza ildo bakoitzari dagokionez, hauek dira bete behareko betekizunak;

EKIN diru-laguntza: Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorreko 13.2 artikuluak aipatzen duen debeku horietako bat bera ere ez duten pertsona fisiko eta juridikoek, sozietate zibilek eta ondasun-erkidegoek jaso ahal izango dituzte diru-laguntza hauek. Gainera, baldintza hauek bete beharko dituzte:

  • Lantokia Eibarren egotea, eta baita enpresaren egoitza sozial eta fiskala ere.
  • Proiektuak lanpostu berri bat sortzea ekarri behar du 12 hilabetetan zehar, lanaldi osokoa edo partzialekoa; lanpostu hori proiektuaren sustatzaileena ere izan daiteke.
  • Dagoeneko existitzen den enpresa baten barne-ekintzailetzaren kasuan, proiektuak gutxienez lanpostu zuzen baten sorrera ekarri behar du (lanaldi osoan edo partzialean) eta enplegu garbiaren sorrera eragin. Lanpostu hori gutxienez 12 hilabetean zehar mantendu beharko da.
  • Bideragarritasun plan bat eginda eduki izana, DEBEGESAko pertsonal teknikoaren aldeko ebaluazioa jasotakoa.
  • Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan eta Gizarte Segurantzan dagokion Erregimenean emandako altak Eibarko udalerrian egitea.
  • Eskatzaileak ez dira matrikulatuta egongo Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan jarduera berean edo horren antzekoan, diruz laguntzea eskatu duen enpresa sortu aurreko sei hilabeteetan.
  • Jarduera Ekonomikoen Gaineko Zergaren hasierako alta 2017ko abenduaren 1etik 2018ko azaroaren 30era bitartean egingo da.

 

IRAUN diru-laguntza: Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorreko 13.2 artikuluk aipatzen duen debeku horietako bat bera ere ez duten pertsona fisiko eta juridikoek, sozietate zibilek eta ondasun erkidegoek jaso ahal izango dituzte diru-laguntza hauek. Gainera, baldintza hauek bete beharko dituzte:

  • Enpresa-jarduerak Eibarren izan beharko du egoitza sozial eta fiskala eta lantokia ere bertan egongo da. Baldintza hau, gutxienez, diru-laguntzaren epea amaitzen den arte mantendu beharko da.
  • Jarduerak indarrean dagoen araudiak ezarritakoa bete beharko du Udalaren jarduera-lizentziei eta jarduerari eragiten dioten balizko beste batzuei dagokienean. Baldintza hau, gutxienez, diru-laguntzaren epea amaitzen den arte mantendu beharko da.
  • Enpresaren instalazioak lekuz aldatzea edo handitzea Eibarko udalerriaren barruan, edo Eibarrera etortzea 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera. Baldintza hau, gutxienez, diru-laguntzaren epea amaitzen den arte mantendu beharko da.
  • Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta emanda egotea, 2017ko urtarrilaren 1a baino lehen.

 

OSTEKO diru-laguntza: Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorreko 13.2 artikuluak aipatzen duen debeku horietako bat bera ere ez duten pertsona fisiko eta juridikoek, sozietate zibilek eta ondasun-erkidegoek jaso ahal izango dituzte diru-laguntza hauek.  Gainera, baldintza hauek bete beharko dituzte:

  • Lan-jarduna Eibarren finkatuta egongo da.
  • Enpresa-ondorengotza/erreleboa gertatu izana 2017ko abenduaren 1etik 2018ko azaroaren 30era bitartean.
  • Enpresa-ondorengotza/erreleboa pertsona fisiko edo juridikoek egin ahalko dute.
  • Bideragarritasun/Ondorengotza plan bat eginda eduki izana, DEBEGESAko pertsonal teknikoaren aldeko ebaluazioa jasotakoa.
  • Lanpostu kopurua mantentzen dela egiaztatzea, jubilatzen diren pertsonena sartu gabe, salbu eta arrazoi ekonomiko, tekniko, antolamenduzko edo produkziokoetan justifikatutako kontrako txostena badago.
  • Pertsona fisiko edo juridiko horiek enpresaren kapital sozialean parte-hartze handiena lortu dutela egiaztatzea.
  • Jarduerak indarrean dagoen araudiak ezarritakoa bete beharko du Udalaren aurretiazko komunikazioei eta jarduera-lizentziei dagokienean, eta jarduerari eragiten dioten balizko beste batzuei dagokienean.

 

Eskaera egiteko epea: 2018ko ekainaren 8tik abenduaren 3ra (biak barne).

Eskaera egiteko tokia: PEGORA, Herritarren Zerbitzurako Bulegoa.

Diru-laguntzaren zenbatekoa:

  • EKIN diru-laguntza: Diru-laguntzaren zenbatekoa diruz lagundu daitezkeen gastuen % 90ekoa izango da, 2.000 euroko gehieneko zenbatekoarekin pertsona juridikoentzat eta 1.000 eurokoa pertsona fisikoentzat eta ondasun-erkidegoentzat.
  • IRAUN diru-laguntza: Diru-laguntzaren zenbatekoa diruz lagundu daitezkeen gastuen % 90ekoa izango da, 3.000 euroko gehieneko zenbatekoarekin.
  • OSTEKO diru-laguntza: Diru-laguntzaren zenbatekoa diruz lagundu daitezkeen gastuen % 90ekoa izango da, 5.000 euroko gehieneko zenbatekoarekin.

 

Aurkeztu beharreko dokumentazioa:

  • Eskatzailearen nortasun juridikoa egiaztatzen duten agiriak:
    • Pertsona fisikoek: NANaren fotokopia, edo beste agiri baliokide batena.
    • Pertsona juridikoak: eskrituraren edo entitatea eratzea jasotzen duen agiri baten fotokopia, eta estatutuen fotokopia (estatutuek behar bezala inskribatuta egon behar dute Merkataritza Erregistroan, edo dagokion Erregistroan).
    • Sozietate zibilek: sozietate zibila eratzearen kontratuaren fotokopia, IFZren fotokopia, eta sozietate zibila osatzen duten pertsona guztien NANaren edo baliokidea den beste agiri baten fotokopia.
  • Legezko ordezkari batez aurkeztuz gero, legezko ordezkariaren NANaren edo baliokidea den agiri baten fotokopia, eta ordezkaritza frogatzen duen agiri bat. Zuzenbidean baliozkoa den edozein bitartekoz egin daiteke egiaztapena.
  • Banku-kontuaren titulartasuna frogatzen duen dokumentua; eskatzaileak izan behar du kontuaren titularra. Dokumentu hauetako edozeinek balio du horretarako: kontuaren laburpenaren kopia, libretaren kopia, banketxeak egindako egiaztagiria, edo “Titular-kontua” izeneko orria behar bezala beteta banketxeak emandako zigiluarekin.
  • Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean edukitzearen ziurtagiriak, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak eta eskumena duen Ogasunak eginak.
  • Ekonomia-Jardueren Gaineko Zergaren egiaztagiria (altaren dokumentua, ordaindutako azken ordainagiriaren kopia, etb.).
  • Hala badagokio, diruz lagungarri diren egindako gastuen fakturen fotokopiak eta frogagiriak.
  • Garatu beharreko proiektuaren diseinu globala erakutsiko duen azalpen-memoria.
  • Diru-laguntzaren eskaeraren xede den jarduerarako beste diru-laguntzarik eskatu edo lortu bada, beste erakunde edo instituzio batzuetan jarduera berbererako egindako diru-laguntza eskabideen zerrenda, edo, hala balegoke, jasotako diru-laguntzena, bakoitzaren zenbatekoa eta helburua zehaztuta.

 

EKIN diru-laguntzak eskatuz gero, dokumentazio hau ere aurkeztu behar da:

  • DEBEGESAK aldeko irizpena eman dion bideragarritasun-plana; bere Inbertsio-Plana jaso behar du modu argi eta zehatzez.
  • Hala badagokio sortutako lanpostua Gizarte Segurantzan alta emanda egotearen fotokopia eta lan-kontratuarena.
  • Egingo den jarduera egiteko beharrezkoak diren lizentzien edo aurretiazko komunikazioen kopia.

 

OSTEKO diru-laguntzak eskatuz gero, dokumentazio hau ere aurkeztu behar da:

  • Enpresaren kapital soziala eskualdatu dela modu fidagarrian egiaztatzen duen dokumentazioa; horretan zehaztuta egon behar du zeintzuk diren oraingo titularrak eta zer partaidetza-ehuneko duten.
  • Enpresa-ondorengotza edo erreleboa behar bezala egiaztatzen duen dokumentazioa.
  • Lanpostu kopurua mantentzearen akreditazioa, sartu gabe jubilatu/erretiratzen diren pertsonena; eta, hala badagokio, justifikazio-txostena, ondorengotza/erreleboaren arrazoi ekonomiko, tekniko, antolamenduzko eta produkzio alorrekoak azalduz.

 

Sail arduraduna: Eibarko udaleko Garapen Ekonomikoa, Enplegua eta Berrikuntza.

Ebazpen organoa: Tokiko Gobernu Batzarra.

Ebazteko gehieneko epea: eskaera egiten den egunetik zenbatuta, bi hilabetekoa izango da.

Diru-Laguntzen Datu-Base Nazionalean argitaratutako informazioa: http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/convocatoria/401195

Udalak emandako diru-laguntzaren justifikazioa edo zuriketa:

Diru-laguntza emateko helburua bete duela justifikatzeko eta jasotako dirua zertan erabili den justifikatzeko onuradunak duen epea 2019ko azaroaren 29an amaituko da.

Diru-laguntza hauek JUSTIFIKAZIO-KONTUAren bidez justifikatu beharko dira. Horretarako, PEGORAn, Herritarren Zerbitzurako Bulegoan, dokumentu edo agiri hauek aurkeztu beharko dira:

  • Enpresen ekintzailetza, finkapena eta ondorengotza laguntzeko diru-laguntzaren justifikazioaren inprimakia, behar bezala beteta.
  • Diru-laguntzaren xede diren gastuetan izandako diru-sarreren eta gastuen zerrenda sailkatua, hartzekodunaren eta dokumentuaren identifikazioarekin, zenbatekoa eta jaulkipen-data jarrita GASTUEN ETA SARREREN ZERRENDA ereduaren arabera.
  • Diruz lagundu diren gastuen frogagirien fotokopiak eta gastu horiek ordaindu izanari buruzko frogagiriak: fakturak edo horien ordezkoak, ordainagiriak, baita nominak, tributuak zein Gizarte Segurantzako kuotak eta egindako gastua egiaztatuko duten merkataritzako trafiko juridikoan froga-balio baliokidea edo eraginkortasun administratiboa duten gainerako agiriak, betiere modu korrelatiboan ordenatuta eta aurreko atalean aipatutako GASTUEN ETA SARREREN zerrenda zenbakitu horretan emandako ordena-zenbakiaren arabera.
  • Ziurtagiri egiaztatzaileak, zerga-betebeharretan eta Gizarte Segurantzakoetan egunean dagoela adierazten dutenak, Gizarte Segurantzako Diruzaintzak eta horretan eskumena duen Ogasun Sailak emandakoak.
  • Diruz lagundu daitezkeen gastuen zerrenda horretan BEZagatik ordaindutako zenbatekoa sartuz gero, diru-laguntzaren onuradunaren legezko ordezkariak sinatutako aitorpena, ordaindu den BEZa ez dela kengarria esaten, entitate onuraduna ez dagoelako behartuta zerga horren aitorpena egitera.
  • EKIN eta OSTEKO diru-laguntzen kasuan, Jarduera Ekonomikoaren gaineko Zergan alta eman denetik 12 hilabete pasatuta, oraindik alta emanda egotearen egiaztagiri berria.
  • Diru-laguntzaren eskaeraren xede den jarduerarako beste diru-laguntzarik eskatu edo lortu bada, beste erakunde edo instituzio batzuetan jarduera berbererako egindako diru-laguntza eskabideen zerrenda, edo, hala balegoke, jasotako diru-laguntzena, bakoitzaren zenbatekoa eta helburua zehaztuta; horrela, ez da bikoiztasunik gertatuko diru-laguntzak ematean eta baliabideen esleipena modurik egokienean izatea ahalbidetuko da.

 

Deskargatu dokumentuak
Deialdia 2018: Enpresen ekintzailetza, finkapena eta ondorengotza laguntzeko diru-laguntzak  
Ikusi | Deskargatu ( PDF, 252 KB)
Enpresen ekintzailetza, finkapena eta ondorengotza laguntzeko diru-laguntzaren eskaera-orria  
Ikusi | Deskargatu ( PDF, 175 KB)
Titular-kontua  
Ikusi | Deskargatu ( PDF, 63 KB)
Enpresen ekintzailetza, finkapena eta ondorengotza laguntzeko diru-laguntzaren justifikazioa  
Ikusi | Deskargatu ( PDF, 140 KB)
Gastu eta diru-sarreren zerrenda (word formatuan)  
Ikusi | Deskargatu ( DOCX, 21 KB)
Gastu eta diru-sarreren zerrenda (formatu irekian)  
Ikusi | Deskargatu ( ODT, 16 KB)
Nabigazioa