Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Zientzia eta Berrikuntzako ministro andrea Eibarren izan da, Gobernu zentralak hiriarekin eta haren industriarekin egindako apustua sendotzeko bi ekitalditan parte hartzeko

Ezkerretik eskumara, Jesús María Iriondo Teknikerreko presidentea, Jon Iraola alkatea eta Diana Morant ministroa.

Ezkerretik eskumara, Jesús María Iriondo Teknikerreko presidentea, Jon Iraola alkatea eta Diana Morant ministroa.

2023/02/16

Diana Morant ministroak Espainiako Gobernuak Teknikerri milioi bat euro ematea sinatu du, Erisonoko Parke Teknologikoaren II. Eremua sustatzeko. Ondoren, Teknikerren dagoen enpresa-inkubagailuaren gune berrien irekiera-ekitaldian hartu du parte, Teknikerren kokatuta dagoena eta BIC Gipuzkoak kudeatuko duena. Han izan dira, halaber, Jon Iraola alkatea, Jesús María Iriondo Teknikerreko lehendakaria eta Luis Uriarte Teknikerreko zuzendari nagusia.

Diana Morant ministroa buru duen Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren ordezkaritza bat Eibarren izan da gaur, ekitaldi bitan parte hartzeko, zeinetan Gobernu zentralak Eibarrekiko eta bere industriarekiko egin duen apustua berretsi eta sendotu duen.

Goizeko 10:00etan, Jon Iraola alkatea aurrean zela, Morant ministroak eta Jesús María Iriondo Teknikerreko presidenteak Espainiako Gobernuak zentro teknologikoari milioi bat euro emateko akordioa sinatu dute Parke Teknologikoaren II. Eremua sustatzeko. Dirulaguntza joan den azaroan onartu zuen Ministroen Kontseiluak Erisonoko eremu horretako hirigintza-eraldaketa sustatzeko, Alkatetzak Ministerioarekin egindako gestioen ondorioz.

Horrela, hirirako industria-lurzoru berria sortu ahal izango da, bai eta teknologia berritzaile eta aurreratuko enpresa-ekimenak bultzatzeko ekosistema berri bat ere, horretan ari baitira lanean Eibarko Udala eta Tekniker.

Sinadura-ekitaldiaren ondoren, agintariek enpresa-inkubagailuaren gune berriak irekitzeko ekitaldian hartu dute parte. Inkubagailu hau Teknikerren dago kokatuta eta BIC Gipuzkoak kudeatuko du. Duela gutxi, Udalak 200.000 euro jarri zituen enpresa-inkubagailua handitzeko. Gune berri horren irekiera irudikatzeko, zinta moztu du Jon Iraola alkateak.

Zehazki, lau inkubagailu-gune berri sortu dira enpresentzat, bai eta bi laborategi ere. Horrela, zerbitzu berri bat garatu ahal izango da teknologia-arloko enpresentzat, eta, gainera, haien hasiera erraztuko duten baldintza ekonomikoak eskainiko dira.

Azkenik, ekitaldietan parte hartu duten guztiek Teknikerren instalazioak bisitatu dituzte, hango proiektu teknologiko garrantzitsuenak ezagutzera emateko; besteak beste, MuVacAS, IFMIF-DONES eraikitzen lagunduko duena, partzuergo zientifiko-teknologikoari laguntzen dion proiektua. 

Ekitaldia amaitu denean, Diana Morant Zientzia eta Berrikuntzako ministro andreak nabarmendu duenez, “pertsonen bizitza hobetzeko konponbide teknologikoak hartzeko orduan, Tekniker erakusten ari da zientzia nola egin eta balio erantsia nola eman daitekeen”.

Horren haritik, hauxe gaineratu du: “Zientzia eta Berrikuntza Ministeriotik, Eibarko alkatearen deia jaso genuenez, lagundu egin diogu Teknikerri hazten, eta, gaur, bisita honetan, egiaztatu ahal izan dut  Ministerioak martxan dituen hainbat baliabide ari dela erabiltzen zentro teknologiko hau. Horren adibide da Espainian lau lekutan garatzen ari garen fusio-energiaren nazioarteko proiektua. Horietako leku bat Tekniker bera da.”

Eta, bukatzeko, zera adierazi du: “Proiektu hauek erakusten dute tresnak eta finantzazioa jartzen direnean emaitzak etortzen direla, zientzia, garapen teknologikoa eta berrikuntza etorkizunean giltzarri izango direla frogatuta geratu den une honetan. Eta aurrean dauzkagun erronketan eta eskaini nahi dugun laguntza horretan, gaur Teknikerri ari gara laguntzen, Eibarri laguntzen ari gara, eta, hemendik aurrera ere, horretan jarraituko dugu” 

Eibarko alkateak, Jon Iraolak, eskerrak eman dizkio ministroari “Eibarrera etortzeagatik, eta Gobernu zentralak gure hiriaren alde egin duen apustuagatik, hori argi eta garbi geratu delako Ministerioak egindako ahalegin ekonomiko handiarekin eta hartu dituen finantzazio-konpromisoekin.”

Iraolaren iritziz, Parke Teknologikoa sustatzeak eta enpresa-inkubagailua handitzeak zera erakusten dute: “Eibarko industria-garapenean eta enpleguaren sustapenean, inplikatutako eragile nagusiek —publikoak zein pribatuak— norabide berean egiten dugula arraun”.

 “Udalak garatzen eta bultzatzen edo babesten dituen programen bidez —gaineratu du alkateak — egiazta daiteke ekimena apustu argia dela”, eta, ildo horretatik, zera adierazi du: “Dagoeneko gauzatuta dauden proiektuei eustea eta horiek indartzea garrantzitsua da, baina, hori bezain garrantzitsua da ekintzailetzaren aldeko apustua erakargarri egingo duen ekosistema bat sortzea”. 

Bestalde, Jesús Iriondo Teknikerreko lehendakariak adierazi duenez, “Erisonoko Parke Teknologikoko II. Eremuaren garapena, albiste ona izateaz gain, premiazkoa da eskualdeko industria- eta teknologia-ehuna lehiakortasunez mantendu eta hobetzeko”.  “Erakundeen laguntzarekin eta Teknikerrek —bere espezializazioan aitzindari den  

Europako zentroetako bat— egindako ekarpenarekin, nazioarteko proiekzioa duen euskal industriaren lurralde-ardatz nagusietako bat izatea lortu behar dugu", adierazi du.   

Bestalde, Teknikerreko Luis Uriarte zuzendari nagusiak nabarmendu duenez, “II. eremu honen urbanizazioa abian jartzea lehen urrats garrantzitsua da, eta espero dugu, datozen urteetan ere, erakundeen laguntza jasotzen jarraitzea.”

Azkenik, zuzendari nagusiak nabarmendu du garrantzitsua dela oinarri teknologikoko enpresak jartzeko gune berriak izatea, eta zera azpimarratu du: “Teknikerren ustez, enpresa-inkubagailua handitzea funtsezko mugarria dela goi-mailako teknologiako manufaktura-startupak sortzeko.”   

Zentroko zuzendari nagusiak hauxe azaldu du: “Horren adibide garbia MuVacAS proiektua da,  40 urtez baino gehiagoz,  Tekniker une bakoitzeko erronka sozioekonomikoetara egokitzeko gai izan dela erakusten duen proiektua”. “Oraingo kasu honetan, IFMIF-DONES instalazioari laguntzen diogu, amaitu ondoren, fusio- energiaren ikerketan nazioarteko erreferente izango dena”, zehaztu du zuzendari nagusiak.

Inkubagailuarenirekiera.jpg
Inkubagailuaren irekieraren irudia.