Eibarko Udala
azoka

Urriaren 11n Kontsumo Arduratsu eta Ekologikoaren Azoka egingo da

2025/10/06
Kontsumo Arduratsu eta Ekologikoaren Azoka.
Kontsumo Arduratsu eta Ekologikoaren Azoka.

Aurten “Kontsumoa Kontzientziarekin, Kontzientzia Kontsumoan” lelopean egingo da. Untzaga plazan egingo da azoka 10:00etatik 14:30era, produktu eta jarduera aukera zabalarekin.

Urriaren 11n (larunbata), Eibarko Untzaga plazan, Kontsumo Arduratsu eta Ekologikoaren Azoka egingo da, herritarrei beste kontsumo modu bidezkoago, jasangarriago eta ingurumenarekin konprometituago bat ezagutzeko aukera emateko xedez.

Biolur Gipuzkoako Nekazaritza Ekologikoaren Elkarteak, Egoaizia GGKEak, Eibarko Udalak, Debemen Debabarreneko landa-garapenerako elkarteak eta ENNEK-Ekolurra Euskadiko nekazaritza eta elikadura ekologikoaren kontseiluak antolatu dute azoka, hirugarren urtez jarraian, Eibarren tradizio handia duten azokekin jarraitzeko asmoz. 

Azokaren antolaketaren bidez, ekoizpen ekologikoari eta kontsumo arduratsuari balioa eman nahi zaie, baita egunero pertsonekiko eta ingurumenarekiko elikagai jasangarriak eta errespetuzkoak eskaintzeko lan egiten dutenen zereginari ere. 

Urtez urte hazten ari den ekimen honek eredu kontzienteago eta hurbilagoaren aldeko apustua egiten duten saltokiei eta proiektuei ere ikusgarritasuna eman nahi die, eta helburua da ekoizleentzako, ekintzaileentzako, kontsumitzaileentzako eta herritar konprometituentzako topagune bihurtzea. 

Azokak euskal lurraldeko, eta, batez ere, Gipuzkoako elikagai ekologikoen hogei ekoizle baino gehiago bilduko ditu. Aukera paregabea izango da 0 Km-ko produktuak eskaintzeko lan egiten dutenak gertutik ezagutzeko. Kontsumo-eredu kontzienteago eta arduratsuago baten alde lan egiten duten eskualdeko 21 bat saltoki edota ekintzailetza-elkartek hartuko dute parte, jasangarritasunari, hurbiltasunari eta komunitatearekiko konpromisoari balioa ematen dioten alternatibak hurbilduz. 

Bisitariek, nekazaritza eta elikadura ekologikoari eta Biolur eta Egoaiziaren lanari buruzko erakusketez eta informazio-panelez gain, Eibar Eraldatuz tokiko ekimena ere ezagutu ahal izango dute, zeinak mapa digital berritzaile bat eskaintzen duen herriko 30 saltoki eta alternatiba ekonomikoari buruzko informazioarekin, kontsumo solidarioa eta zirkularra sustatzeko helburuz. 

Aurreko urteetan bezala, urriaren 10a baino lehen udaletxeko Atezaintzan (Untzaga plazatik sartuta, 8:00etatik 14:00etara, astelehenetik ostiralera) 5 euroko bonu bat jaso ahal izango da, doan eta agortu arte. Bonu hori ENNEK-Ekolurrak jartzen ditu eskuragarri azoka ekologikoko postuetan trukatzeko, betiere gutxienez 15 €-ko euroko erosketa bat egiten bada. Azokaren egunean, gainera, bi saski zozketatuko dira, merkatu ekologikoan parte hartzen dutenen produktuekin osatutakoa. 

Aurten ere, 12:00etatik 14:00etara, sukaldaritza erakusketa bat antolatuko da produktu ekologikoekin, Miriam Chefintegrativaren eskutik, eta sagardo-ekodastaketa bat Lizagasarrekin, kontsumo ekologikoa bultzatze aldera; horretarako azokan aurki daitezkeen elikagaiak prestatu eta dastatzeko aukera ezberdinak eskainiz. 

Erakunde antolatzaileek, halaber, jendea animatu nahi dute erabiltzen ez diren mugikorrak, bizikletak eta ordenagailuak eramatera, bigarren bizitza bat emateko eta kontsumo zirkularragoa sustatzeko.  

Azkenik, Kartel Lehiaketan aurkeztutako lanak erakutsiko dira azokan. Aurten, Malak Mouahidik (11-15 urtekoen kategorian) eta Oihana Lasuenek (16 urtetik gorakoen kategorian) irabazi dute. 

Jardueren programa:

  • 10:00 h. – Azokaren irekiera. 
  • 11:30 h. – Haurrentzako tailerra, EkoOiz-en eskutik.
  • 12:00 h. – “Ekoizpen duina, kontsumo arduratsua”
    • EKOerrezetak Miriam Chefintegrativaren eskutik
    • Sagardo-ekodastaketa Lizagasarren eskutik.
  • 14:15 h. – Kartel Lehiaketaren VII. edizioko sari-banaketa.
  • 14:30 h. – Produktu-saskien zozketa eta azokaren amaiera.