Eibarko Udala
Udaltzaingoa

Udaltzaingoak hiru patruila-kotxe berri eskuratu ditu

2024/11/05
Udaltzaingoaren logotipoa.
3 ibilgailu berriak BMW markakoak izango dira, horixe izan baita lizitazioaren irabazlea. Lizitazioa 192.000 euroan esleitu da, BEZa barne, 48 hilabeterako.

Eibarko Udaltzaingoa bere ibilgailu-flota berritzen ari da, % 100 elektrikoak diren hiru auto berri eskuratuta. Datorren abendutik aurrera egongo dira operatibo ibilgailuak.  Auto hauek lizitazio-prozesuaren barruan hainbat eskaintza jaso ondoren eskuratu dira, eta lau urteko iraupena duen renting-kontratu bat izango dute.  BMW autogintza-enpresa izan da kontratuaren adjudikazioduna, diru aldetik proposamen lehiakorrena aurkeztu du-eta.

Eibarko Udalak, jasangarritasunarekin eta karbono-aztarna murriztearekin duen konpromisoaren haritik, erabaki du Udaltzaingoaren flotaren elektrifikazioaren aldeko apustua egitea, mugikortasun jasangarria eta klima-aldaketaren aurkako borroka sustatzeko estrategiaren barruan. Ibilgailu berriek, % 100 elektrikoak izanik, ez dute gas kutsagarririk isurtzen, eta, horrela, udalerriko airearen kalitatea hobetzen eta biztanleentzat ingurune garbiagoa lortzen laguntzen dute.

Ibilgailu elektriko hauen adjudikazioa Eibarko Udalak baliabideak modernizatzeko eta hiriaren eta herritarren behar berrietara egokitzeko egindako ahalegin zabalago baten parte da.

Gaur egun Eibarko Udaltzaingoak 3 patruila-kotxe, 3 motozikleta eta 49 udaltzain ditu.

Udalak garrantzitsutzat jo du ibilgailu jasangarriagoetara igarotzeko emandako pausoa, eta azpimarratu du mugikortasun elektrikoaren alde egiteak ingurumen-abantailak ez ezik, Udaleko automobil-parkearen kudeaketan ere eraginkortasun handiagoa lortzen laguntzen duela, erregai-kontsumoari eta ibilgailuen mantentze-lanei lotutako kostuak murrizten baititu.