Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak online-galdetegi batean parte hartzeko epea ireki du, herriko soinu-kalitateari buruz herritarrek duten balorazioa jakiteko

Zarata-mapa.

Zarata-mapa.

2024/06/10

Formularioa datorren ekainaren 25era arte bete ahal izango da webgune honen bidez. Tokiko Gobernu Batzarrak, 2022ko urriaren 28an egindako bilkuran, Eibarko Zarataren Mapa onartu zuen.

Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretua betez, Eibarko Udalak zarata-mapa berria egin eta aurkeztu du. Mapa hori 10.000 biztanletik gorako udalerriek duten konpromisoaren parte da, eta udalerrietan dagoen soinu-maila ebaluatzeko egiten da.

Mapa jendaurrean jartzeko izapidea egin zen eta, ondoren, herritarrei aurkezteko jardunaldi ireki bat ere antolatu zen. Lortutako emaitzek erakusten dutenez, bide-trafikoa da etxebizitzei eragiten dieten zarata-maila handien eragile nagusia, bereziki AP-8ra begira dauden fatxadetan, Iparragirre eta Urki Kurutzekua kaleetan. Hiri-trafikoari dagokionez, eragin gehien jasotzen duten kaleak honako ardatz hau osatzen dutenak dira: Otaola hiribidetik Barrena kalera, Isasi kaletik, Urkizu hiribidetik eta Karmen kaletik pasatuz.  San Andres pasealekuak ere zarata-maila altua du.

Trenbideko trafikoak, bestalde, Euskal Trenbide Sarearen (ETS) trenbideko lehen lerroko fatxadei eragiten die bereziki, eta eragin hori nabarmenagoa da estali gabeko eremuetan.

ETSk pantaila fonoxurgatzaileak jarri ditu duela gutxi Ardantza eta Amaña arteko trazatuan (kilometro bat), eta laster egingo da toki horren zarata-mailaren egiaztapen bat.

Industria-jarduerak industrialdeei bakarrik eragiten die, bai eta Eibarko Ospitaleari eta Alfa inguruari ere, nahiz eta azken horretan zarata-mailek ez dituzten kalitate akustikoaren helburuak urratzen.

Zaratak eragindako biztanleriaren azterketak adierazten du gaueko aldia dela okerrena. Izan ere, gauez eragindako biztanleria % 3,4koa da, egunez % 0,8koa eta arratsaldez % 0,6koa.

Trenbideetatik, errepideetatik eta bide-ardatz nagusietatik gertu dauden eremuetan eta industria-eremu batzuetan izan ezik, udalerriaren % 57k eremu lasaiei dagozkien zarata-mailak ditu.

2009ko aurreko zarata-maparekin alderatuta, zaratak eragindako populazioa nabarmen murriztu da; biztanleriaren ia erdia izatetik % 7,3ra igaro da (4 metroko altueran),  Hobekuntza hori mugikortasunean ezarritako aldaketei eta azpiegituren hobekuntzari zor zaie.

Araudiaren arabera, udalek ekintza-plan bat egin behar dute, datozen bost urteetan hots-kutsadura kudeatzeko estrategiak eta neurri zuzentzaileak zehazteko. Horretarako, Eibarko Udalak online-formulario bat jarriko du ekainaren 7tik 25era udal-webgunean, herritarren iritzia jasotzeko.

Gainera, datozen hilabeteetan herritarrentzako jardunaldi/tailer bat planifikatuko da, eta jendaurreko izapidea egin ondoren, azkenik, Ekintza Plana behin betiko onartuko da.