Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak lizitaziora atera du Unbeko padel- eta tenis-pistetako estalkia konpontzeko lanak

Unbeko padel pista bateko artxiboko irudia. Irudia: www.euskadi.eus

Unbeko padel pista bateko artxiboko irudia. Irudia: www.euskadi.eus

2023/05/18

Jarduketa 378.462 euroan atera da lizitaziora eta egiteko epea 16 astekoa da. Lan hauekin, Udalak estalkiaren maila ezberdinetan gaur egun dauden ur-sarrerak konponduko ditu.

Eibarko Udalak lizitaziora atera du Unbeko kirolguneko padel- eta tenis-pisten estalkia konpontzeko obra. Aurrekontua 378.462 eurokoa (BEZa barne) da eta lanak egiteko epea 16 astekoa. Interesa duten enpresek ekainaren 12ra arteko epea dute eskaintzak aurkezteko,  egun hori barne.

Lan hauekin, Udalak estalkiaren maila ezberdinetan gaur egun dauden ur-sarrera guztiak konpondu nahi ditu. Horrela, eraberritze-proiektuak estalkia eta hura osatzen duten elementu guztiak konpontzea aurreikusten du, gaur egun estalkiak duen polikarbonatoa kenduz eta dagoen azpiegituraren gainean polikarbonatozko panel berri bat jarriz.

Gainera, lehendik dauden teilatu-hodien ordez beste hodi berri batzuk jarriko dira teilatu-hegalari itsatsita; eta estalki berriak zeharkako aireztapena emango duten saretak izango ditu, kondentsazioak saihesteko. Era horretan, moteldu egingo da materialen hondatze-prozesua.

Jarduketa honen bidez, eta Jon Iraola alkateak adierazi duenez, “erabiltzaileei begira dihardugu lanean eta bermatu nahi dugu Unbeko instalazio hauetan kirola ahalik eta baldintza onenetan egitea; aldi berean, ur-iragazketen arazoa ezabatzea lortuko dugu, eta egitura eta hura osatzen duten materialak iraunkorragoak izan daitezen bermatu.”

Horrela, Jon Iraolak gaineratu duenez, “lanean segitzen dugu hainbat kirol-diziplinatan Eibarren dugun bete-beteko jardun zabalaren pareko instalazioak izateko”.