Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak, Lanbiderekin elkarlanean, 47 langaberen kontratazioa bultzatuko du, herriko enpresei 254.900 euroko dirulaguntza emanez

2019/10/11

Deialdi berri honetarako iaz baino 60.000 euro gehiago bideratuko dira, 9 pertsona gehiago kontratatu ahal izateko. Enpresek abenduaren 2ra arteko epea dute dirulaguntzak eskatzeko.

Eibarko Udalak martxan jarri du beste behin herriko enpresek langabeak kontratatzeko dirulaguntzen programa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak enplegua sustatzeko ekimenetarako dirulaguntzen esparruan kokatzen dena. Aurtengo programak 47 langabetu kontratatzea ahalbidetuko du eta aurrekontua 254.900 euroko izango da; horietatik 150.000 euro Udalak jarriko ditu eta gainerako 104.900 euro Lanbidek.

Diruz lagunduko diren kontratuak honako hauek izango dira:  6 hilabeteko 34 kontratu, lanaldi osoz; 3 hilabeteko 10 kontratu, lanaldi osoz; 3 hilabeteko kontratu 1, lanaldi partzialean; eta 6 hilabeteko 2 kontratu, lanaldi osoz kolektibo berezientzat. Azken atal horretan sartzen dira DBE jasotzen duten titularrak, 35 urtetik beherakoak, luzaroko langabeak (Lanbiden enplegu-eskatzaile gisa inskribatuta egon behar dira kontratazioa baino 540 egun lehenago, betiere aldi horretan langabezian egon badira gutxienez 360 egunetan), edo 55 urtetik gorako pertsonak.

Edozein kasutan ere, kontratatutako pertsonak langabezian eta Lanbiden izena emanda egon beharko dira kontratatzeko unean; diruz lagunduko diren kontratuak 2019ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean egindakoak izango dira.

Enpresen kontratazioek baldintza batzuk bete beharko dituzte. Kontratuen gutxieneko iraupena hiru hilabetekoa izango da eta edozein eratakoak izan ahalko dira, formaziorako eta ikaskuntzarako kontratuak izan ezik. Lanaldi osokoak edo partzialekoak izan ahalko dira; azken horiek lanaldiaren % 50 izan beharko dute gutxienez.  Horrez gain, kontratatutako pertsonak 2019ko urtarrilaren 1a bano lehen Eibarren erroldatutakoak izango dira.

Diruz laguntzeko modukoak direla irizteko, kontratu horiek enplegu-sorrera garbia ekarri behar dute enpresan dagoen plantillaren batezbestekoan, diruz lagundutako kontratuak egin zaizkien pertsona horiek lanean hasi aurreko 3 hilabeteetan. Halaber, ez da lau kontratutik gorako dirulaguntzarik emango enpresa onuradun bakoitzeko.

Dirulaguntzaren zenbatekoa, gehienez ere, soldata kostuen eta gizarte segurantzaren % 75ekoa izango da, muga hauekin: 6.000 euro kontratu bakoitzeko, sei hilabete edo hortik gorako iraupena duten lanaldi osoko 34 kontratuetan; 3.000 euro kontratu bakoitzeko, hiru hilabete edo hortik gorako iraupena duten lanaldi osoko 10 kontratuetan.  Eta lanaldi partzialeko kontratuari dagokionez, gutxienez lanaldiaren % 50ekoa izango da eta dirulaguntzaren zenbatekoa kontratuaren lanaldi-portzentajearen proportzionala izango da, eta gutxienez 1.500 eurokoa.

DBE jasotzen duten pertsonak, 35 urtetik beherakoak, kontratatu aurreko 540 egunetatik gutxienez 360etan Lanbiden izena emanda egon diren pertsonak badira, edo 55 urtetik gorakoak, diru-laguntzaren zenbatekoa gizarte segurantzaren eta soldata-kostuen % 100 izango da, gehienez ere 9.000 euroraino.

Enpresek eskabideak egiteko epea zabalik da dagoeneko, eta aurtengo abenduaren 2an amaituko da. Dirulaguntza jasotzeko eskabideak elektronikoki egin beharko dira udal webgunearen bidez www.eibar.eus. Iaz ez bezala —eskaerak Pegoran egin zitezkeen—, oraingoan elektronikoki egin behar dira eskaerak nahitaez. Dirulaguntzak eskabideak sartzen diren hurrenkeraren arabera emango dira, zuzenean emateko araubidean eta ebaluazio bakoiztuaren sistema bidez.

Deialdi berri honekin, eta formazioko zein enpleguko beste programa batzuekin, Eibarko Udalak eutsi egiten dio sustapen ekonomikoa bultzatzeko eta enplegua sortzeko konpromisoari.

Enpresek langabeak kontratatzeko dirulaguntzen programa honek hainbat urte daramatza martxan eta urtetik urtera handitzen ari da dirlaguntzen zenbatekoa. Hala, 2018an, 193.000 euro bideratu ziren 38 langabe kontratatzeko.