Udalak izapideak egiten dihardu 1932an Niceto Alcalá Zamorari oparitutako pistola berreskuratzeko
Udalak berak piztu zuen alarma, armaren tasazioari buruzko korreo bat jaso ondoren, eta pistolaren ikerketan laguntzen hasi zen. Armagintzaren Museoa da lekurik egokiena hura gorde eta erakusgai jartzeko.
Eibarko Udala izapideak egiten ari da ondare-balio handiko pieza historiko bat berreskuratzeko: STAR markako pistola, D modeloa, 9 mm laburreko kalibrekoa, eta damaskinatua, zeina 1932ko irailaren 23an oparitu zitzaion Niceto Alcalá Zamora Espainiako II. Errepublikako lehen presidenteari. Udalak berak eman zuen alarma, arma bat tasatzeko eskabide arraro bat jaso ondoren. Interesdunek objektuaren argazkiak bidali zituzten, eta, horri esker, arma historikoetan aditua den Armagintzaren Museoko laguntzaile batek ohartarazi zuen pistola hori Alcalá Zamorari Eibarrera egindako bisitan oparitu zitzaiona izan zitekeela. Era berean, aurkeztutako dokumentazio grafikoan delitu-zantzuak hauteman ziren, armaren jatorriari buruzko datu garrantzitsuak ezkutatu ziren-eta.
Gertakari horiek direla eta, Udalak Guardia Zibilari pasa zion informazioa, eta une horretatik aurrera haien esku laga zuen ikerketa. Prozesuan zehar, Udalak aktiboki hartu du parte ikerketan, piezari buruzko txosten tekniko eta historikoak eginez. Guardia Zibilaren eta Frantziako Jendarmeriaren arteko lankidetzari esker, 2025eko urtarrilaren 7an aurkitu eta berreskuratu zen pistola Frantzian, legez kanpoko bildumagile talde bat desegin ondoren.
Arma Star Bonifacio Echeverría SA enpresak fabrikatu eta Jacinto Olave tailerreko Luciana Larreateguik damaskinatu zuen. Pistola Eibarko Talde Errepublikanoaren Emakume Sozialistek oparitu zioten “al primer ciudadano de la República”, pistolaren inskripzioan ageri den bezala. Horrekin batera, II. Errepublikaren eta Eibarko hiriaren armarriak ageri dira, eta baita hitz hauek ere: "MUY EJEMPLAR CIUDAD DE EIBAR". Armaren eskuinaldeko “NAZ” inizialek egiaztatu egiten dute armak Alcalá Zamorarekin duen lotura zuzena.
Jon Iraola Eibarko alkateak nabarmendu duenez, "pistola hau berreskuratzea garrantzi historiko handiko gertakaria izateaz gain, gure hiriaren nortasunaren sinboloa ere bada, uztartu egiten baititu gure arma-tradizioa, damaskinatuaren artea eta II. Errepublikaren Aldarrikapenean izan dugun protagonismoa. Hura Eibarrera itzultzea pauso bat da gure memoria kolektiboaren berreskurapenean eta aitortza bat gure hiriak izan zuen paper historikoari”.
Andoni Zabala Kultura zinegotziak: “Armagintzaren Museoa prestatuta dago pieza hau modu seguruagoan gordetzeko eta erakusgai jartzeko. Horrek aukera emango die eibartarrei eta bisitariei gure historiaren eta Eibarko armagintzaren eta damaskinatuaren lekuko izan zen elementu hau lehen eskutik ezagutzeko”.
Pistola hau Eibarrera itzultzeak aparteko garrantzia dauka, gure hiriaren memoriaren eta identitatearen hiru elementu funtsezko irudikatzen baititu. Armagintza Eibarko historiaren zutabeetako bat da XV. mendetik, izan ere, gure herria Europako arma ekoizlerik nagusienen artean egon zen XX. mendeko Europan. STAR pistola maisutza tekniko horren eta Eibarri nazioarte mailan izena eman dion industriaren isla da.
Damaskinaturen arteak, Jacinto Olaveren taillereko lanari eta Luciana Larreateguiren esku finari esker, artearen eta industriaren arteko lotura sinbolizatzen du. Lanbide honek metalaren lana arte bihurtu zuen, eta balio estetiko aparta ematen dio pistolari.
Azkenik, II. Errepublikaren Aldarrikapenak garrantzi handiko testuinguru historikoan kokatzen du pistola. Eibar izan zen lehen hiria errepublika aldarrikatzen 1931eko apirilaren 14an, eta horregatik eman zion “Muy Ejemplar Ciudad” titulua Alcalá Zamorak. 1932an, pistola hau presidenteari ematea Eibarko hiriak eta Errepublikak elkarri egindako keinu bat izan zen, hiriak gorpuzten zituen aurrerapenaren, askatasunaren eta justizia sozialaren idealak islatzen baitzituen.
Eibar ezaguna da bere armagintza eta arte-tradizioagatik, eta jakin izan du bere ondarea kontserbatzen eta zabaltzen Armagintza Museoaren bitartez, zeinak dagoeneko mila arma baino gehiago eta hiriko industria-objektu ugari baititu. Pistola berreskuratzea museoaren bilduma aberasteaz gain, lagungarri izango da haren ondare historiko eta industriala gordetzeko erreferentzialtasuna sendotzen.