Udalak hainbat tailer antolatu ditu 'Neska eta Emakume Zientzialarien Nazioarteko Eguna’ ospatzeko

Udalak hainbat tailer antolatu ditu 'Neska eta Emakume Zientzialarien Nazioarteko Eguna’ ospatzeko.

Kartela.

2023/02/09

Jarduera ostiral honetan egingo da (urriak 10) Errebaleko plaza estalian eta 8 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzenduta dago. Tailerrek aukera emango diete haurrei izen handiko hiru zientzialariren ikerketetatik eratorritako ezagutzak praktikan jartzeko eta emakume horiek zientziari egin dioten ekarpena hobeto ezagutzeko.

‘Neska eta Emakume Zientzialarien Nazioarteko Eguna’ ospatzeko,  Eibarko Udalak hiru tailer antolatu ditu ostiral honetarako (otsailak 10). Tailerrak dibulgatiboak eta praktikoak izango dira, eta haietan  hainbat emakume ikertzaileren bizitza eta obra nabarmenduko da, bai eta emakume horiek zientziari egindako ekarpenak ere.

‘Neska eta Emakume Zientzialarien Nazioarteko Eguna’ larunbatean, hilak 11, ospatzen bada ere, Udalaren Ekonomia-Garapen, Enplegu eta Berrikuntza Sailak antolatutako tailerrak ostiralean izango dira Errebaleko plaza estalian, arratsaldeko 17: 00etatik 19:00etara, eta 8 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzenduta egongo dira.

Tailerretan, modu praktikoan, eta sormenaren eta irudimenaren bidez, hiru emakume zientzialariren ikerketetan oinarritutako prototipoak diseinatuko dira eta, horretarako, parte-hartzaileek kimika, fisika edo zinematika bezalako printzipioak erabiliko dituzte.

Ildo horretan, Jon Iraola alkateak hauxe adierazi du: “Jarduera hau oso baliagarria eta aberasgarria izango da parte hartzen duten haur eta gazteentzat, interes handiko alderdi zientifikoak ezagutzeaz gain, emakumeek zientziaren arloan egin dituzten ekarpen baliotsuen lekuko izango baitira”.

Lehenengo tailerra Rosalind Franklinen figuran zentratuko da (Erresuma Batua, 1920-1958). Rosalind kimikan doktorea izan zen eta X Izpien difrakzioaren erabileraren bultzatzailea, alegia, ADNrekin eta haren egiturarekin lotutako lan bat. Tailer horretan, parte-hartzaileek maketa bat egingo dute.  

Bigarren tailerraren protagonista Mae Jemison izango da (Estatu Batuak, 1956), kimikan ingeniaria, medikua, eta lehen emakume afroamerikarra espaziora bidaiatu zuena. Zientzialari horren lana goraipatzeko antolatutako jardueran, bertaratutakoek espazio-suziri bat diseinatuko dute, propultsioan eta erreakzio-printzipioan oinarritua.

Eta hirugarren tailerrak Maria Goeppert-Mayer (Polonia, 1906-1972) izango du ardatz; zientzialari teoriko fisikoa izan zen eta 1953ko Fisikako Nobel sariaren irabazlea, geruzen konposizio nuklearrarekin lotutako aurkikuntzengatik. Tailerrean modelo atomikoak azalduko dira, eta haur bakoitzak atomo baten maketa egingo du.

Tailerrak Eibarko Itzamna akademiako kideek emango dituzte, eta haur bakoitzak aukera izango du tailer batean, bitan edo hirutan parte hartzeko. Ez da beharrezkoa izango aldez aurretik izena ematea; nahikoa izango da umeak Errebalera joatea jarduerak hasteko ordurako.   

Halaber, tailerrak egiten diren bitartean, hiru panel jarriko dira ‘Neska eta Emakume Zientzialarien Nazioarteko Eguna’ ospatzeko aukeratutako zientzialariei buruzko informazioarekin, eta, hala, emakume horien bizitza eta obra sakontasun handiagorekin ezagutarazteko.   

Horrela, Udalak Eibarko neska eta gazteen artean ere STEAM bokazioak sustatzen lagundu nahi du.