Udalak hainbat hobekuntza egin ditu Miraflores auzorako sarbideetan

14.000 euroko kostuarekin, bideak hiru tokitan zabaldu dira, ibilgailuak gurutzatzea erraztu eta segurtasuna bermatzeko. Auzotarrek udal-arduradunei egindako eskaeraren ondorio dira lanak.
Eibarko Udalak hainbat hobekuntza egin ditu azken egunotan Miraflores auzoko sarbideetan. 14.000 euroko kostua izan duten lanak joan den astearen amaieran hasi eta aste honetan amaitu dira. Auzoan sartzeko bi bideak zabaldu egin dira hainbat tokitan, ibilgailuen pasabidea errazteko eta segurtasuna bermatzeko.
Obra horiek auzotarrek udal-ordezkariekin izandako bileratan egindako eskaerei erantzuten diete. Horren harira, zera adierazi du Jon Iraola alkateak: “Obra hauekin erosoagoak egin nahi ditugu auzorako sarbideak; era berean, zirkulazioaren segurtasuna handitu eta bizilagunen eskaerari erantzun nahi diogu".
Lanak hiru tokitan egin dira. Auzora sartzeko igoerako bidean, Itziotik hurbil –gaur egun bizilagunek ibilgailuen igoera eta jaitsiera gisa erabiltzen duten bidea—, galtzadaren errodadura-eremua zabaldu egin da bihurgune oso itxi baten ondoan, maniobrak errazteko; izan ere, bidearen pendiza zela eta, ibilgailu batzuek zailtasunak izaten zituzten bihurgunea hartzeko. Horretarako, maldaren zati bat jan eta hormigoia bota da; 30 bat metro kuadroko azalera batean egin dira lanak.
Bestetik, Arrateko bidean, Estixako parketik gertu —hori da auzora sartzeko bigarren tokia eta auzotarrek irteera eta sarrera gisa erabiltzen dutena—, bi tokitan egin dira obrak.
Lehenengoan, Arrateko bidetik gertu, 128 metro kuadroko azalera bat egin da galtzadaren ondoan, sasiak kenduta eta lursaila garbituta; eta ondoren, zabor-legarra bota da. Halaber, bide horretan, metro batzuk gorago, mendi-magalaren zati bat jan da galtzada 5,50 metroraino zabaltzeko, 7 metroko luzera batean, eta ondoren hormigoia bota da.
Hiru puntu horietan egindako lanei esker, hemendik aurrera, kontrako noranzkoan zirkulatzen duten ibilgailuek gurutzatzeko aukera izango dute eta baita sarbide seguruagoak ere.
Azkenik, aipatu behar da Mirafloreserako sarbide horiek egin eta hobetu zirenean, asmoa zela bideak zirkuito moduan erabiltzea, alegia, alde batetik sartzea eta bestetik irtetea. Hala ere, auzotarrak bi noranzkotan ibiltzera ohitu dira; hortaz, bideak hiru tokitan zabaltzeko obra hau ibilgailuen gurutzaketa errazteko egin du Udalak.