Udalak gizarte izaerako ezohiko laguntza-lerro bat egokitu du, egoera eskasean dauden kolektiboei eta langabeei zuzendua
COVID-19ren pandemiaren ondoriozko alarma-egoeraren ondorioak arintzeko xedez Eibarko Udalak martxan ipini duen txoke-planaren barruan 100.000 euroko ezohiko lerro bat ezarri da, osasun-krisiaren ondorioz egoera okertu zaien kolektibo ahulei eta lanik gabe geratu diren eibartarrei laguntzeko.
Dirulaguntzaren zenbatekoa 200 eurokoa izango da deialdiaren oinarrietan ezarritako baldintzak betetzen dituen pertsona bakoitzarentzat.
Horrela, honako hiru baldintza hauek betetzen dituzten pertsonek jaso ahal izango dute laguntza: martxoaren 14tik ekainaren 21era bitartean LANBIDEn izena eman duten langabetuek —gutxienez ekainaren 21era arte jarraitu beharko dute langabe izaten, etenik gabe—; maiatzaren 31n Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE) baten titularrak izan, Eibarko udalerrian erroldatuta egotea, eta benetako bizilekua bertan edukitzea, gutxienez eskaerak egiteko ezarritako epearen hasiera-egunaren aurreko 6 hilabeteetan.
Salbuespen gisa, laguntza honen onuradun izan daitezke, halaber, Eibarren erroldatutako pertsonak, martxoaren 14tik ekainaren 21era honako programa hauetakoren batean sartuta egon badira: Eibar-Ermua Gurutze Gorriaren eta Udalaren arteko lankidetza-hitzarmena, baztertuta geratzeko arriskuan dauden familientzako premia biziko ondasunak erosten laguntzeko programa bat garatzekoa; edo Elikagaien Bankuaren programa.
Laguntza hauek jasotzeko izenak emateko epea ekainaren 29an hasiko da, astelehenean, eta uztailaren 23an amaituko da, egun biok barne.
Gurutze Gorriaren eta Udalaren arteko lankidetza-programetan sartutako pertsonei dagozkien eskaerak —hau da, baztertuta geratzeko arriskuan dauden familiei premia biziko ondasunak erosten laguntzeko programan eta Elikagaien Bankuan sartutakoak—, Gizartekintza Sailean entregatu beharko dira (Portalea eraikina, 4. solairua). Gainerako eskabideak herritarren zerbitzurako bulegoan, Pegoran, aurkeztu beharko dira.
Laguntza hauek eskuratzea errazteko,, Gurutze Gorriaren eta Udalaren arteko hitzarmenaren (bazterketa-arriskuan dauden familientzako premia biziko ondasunak erosten laguntzeko) edo Elikagaien Bankuaren programaren onuradun diren pertsonek Gizartekintza Sailaren gutun bat jasoko dute bete beharreko inprimakiekin eta aurkeztu beharreko dokumentazioaren informazioarekin, bai eta dokumentazio horrekin Gizartekintzara joan beharko duten eguna eta ordua ere.
Deialdian zehaztutako gainerako egoera guztietarako, laguntzak jasotzeko baldintzak betetzen dituzten eta diru-laguntza hauek jaso nahi dituzten pertsonek aldez aurretik hitzordua eskatu beharko dute Pegoran (010 edo 943708400 telefono zenbakietara deituz). Bete beharreko inprimakiak eskuragarri egongo dira Pegoran eta Udalaren webgunean (www.eibar.eus, "Bekak, Dirulaguntzak eta Laguntzak" atalean).
Hau da hitzorduaren egunean Pegoran aurkeztu beharko duten dokumentazioa:
- Dirulaguntzaren eskaera behar bezala beteta eta sinatuta.
- Eskatzailearen NANaren edo horren balio bereko beste dokumenturen baten fotokopia.
- Legezko ordezkapenaren kasuan, legezko ordezkariaren NANaren fotokopia edo horren balio bereko beste dokumenturen bat, eta ordezkapena dokumentu bidez egiaztatua. Egiaztapen hori zuzenbidean baliozkotzat har daitekeen edozein bitartekoren bidez egin daiteke (notario-ahalordez, eskritura bidez...)
- Banku-kontuaren titularitatearen frogagiria, eskaera egin duen pertsonaren identitatearekin bat etorri behar dena. Ondoko dokumentu hauetatik edozein da balioduna: Laburpen bankarioaren fotokopia; aurrezki-libretaren fotokopia; banketxeak luzatutako ziurtagiria edo “Titular-kontua” izeneko orria behar bezala beteta banketxeak emandako zigiluarekin.
- Udalari DSBEren titularra eta langabea dela egiaztatzeko agiriak eskuratzeko baimena emateko inprimakia, behar bezala beteta eta sinatuta.
Dirulaguntza hau bateraezina da 'Baliabide ekonomiko urriak dituzten pentsiodunentzako eta langabeentzako laguntzak' deialdiarekin. Deialdi hori irailean jarriko da martxan, eta Udalak izapidetuko du. Edozelan ere, laguntza-programa berri hau apartekoa da, ezohikoa, Udalak ematen dituen ohiko laguntzetatik bereizia.
Laguntza-programa berri hau txoke-planean jasotako gizarte-ekintzaren arloko laguntzen atalean sartzen da, eta orain arte 690.000 euroko aurrekontua bideratu da horretarako.