Udalak eta Ertzaintzak herrian izandako lapurretak direla-eta egindako ikerketetan berreskuratutako produktuak jendaurrean jarriko dituzte

Erakusketa Errebaleko erabilera anitzeko gelan izango da, urriaren 8, 9 eta 10ean. Ekimenaren helburua da herritarrek lapurtutako objektuak identifikatzea eta berreskuratzea.
Eibarko Udalak, Ertzaintzarekin lankidetzan, erakusketa publiko bat antolatu du azkenaldian herrian izandako hainbat lapurretatatik berreskuratutako objektuekin. Ekimena Errebaleko erabilera anitzeko gelan egingo da hilaren 8, 9 eta 10ean, eta lapurretak jasan dituzten pertsonek euren gauzak identifikatzea eta berreskuratzea du helburu. 16:00etatik 20:00etara egongo da zabalik.
Jardunaldi hauetan, herritarrek Errebalera joateko aukera izango dute, non poliziek antzemandako produktu ugari egongo diren ikusgai. Artikulu horien artean erramintak, ekipo elektronikoak, bizikleten piezak, patineteak eta erabilera arrunteko bestelakoak daude.
Identifikatutako produktu jakin bat eskuratzeko ezinbestekoa izango da bere garaian lapurretagatik jarritako salaketa aurkeztea, baita produktuaren jabetza egiaztatzen duen dokumenturen bat ere, hala nola erosketa-fakturak, argazkiak edo proba gisa erabil daitekeen bestelako dokumentazioa. Udaleko beharginak eta Ertzaintzako agenteak egongo dira erakusketan, prozesuan lagundu eta beharrezkoak diren administrazio- eta lege-tramiteak bideratzeko.
Jon Iraola Eibarko alkateak elkarlanaren garrantzia azpimarratu du: “Instituzioen betebeharra da biktimen ondoan egotea eta eskura ditugun tresna guztiak eskaintzea, ahal den neurrian, jasandako kaltea konpontzeko.
Iraolaren hitzetan, “erakusketa hau objektuak itzultzetik haragoko neurri operatiboa da, herritarren eta poliziaren arteko kolaborazioaren garrantziaren isla argia ere bada-eta. Inoiz lapurretarik jasan dutenak animatu nahi ditugu Errebalera hurbiltzera; izan ere, baliteke han erakutsitako produktuen artean galdutzat ematen zuten objekturen bat aurkitzea. Ekimen erabilgarria eta beharrezkoa da, Eibar seguruago bat eraikitzeko dugun konpromisoa erakusten duena.”