Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak errekerimendua egin dio EIPC enpresari beharrezkoak diren neurriak har ditzan ke eta usain txarren arazoa konpontzeko

Artxiboko irudia. EIPC enpresa.

Artxiboko irudia. EIPC enpresa.

2022/07/29

Denbora batetik hona, inguruko auzotarrek kexa ugari jarri dituzte usain txarrengatik eta keen igorpenengatik. Enpresa lanean ari da neurri zuzentzaileak hartzeko; egiten ari diren analisien eta azterlanen emaitzak ezagutu ondoren, neurriok irailean jarriko dira martxan.

Udala Eibar Precision Casting SL (EIPC) enpresari zuzendu zaio, behar diren neurriak har ditzan aspalditik gertatzen ari diren ke-isuriei eta usain txarrei amaiera emateko; usain txar horiek kexa ugar eragin dituzte Torrekua eta Barrenengua artean dagoen lantegi-inguruneko auzotarren aldetik.

Herritarrei eragindako eragozpenek zerikusia dute inguruko  kearekin eta usainarekin, bai eta isurien maiztasunarekin ere. Udal-teknikariek Alfa inguruko industria-nabeetan kokatutako instalazioetara hainbat bisita egin zituzten eta ondorioztatu zuten EIPC dela eragozpen horiek sortzen dituen enpresa.

Egoera ezagututa, Udalak hasieratik helarazi zion enpresari auzotarren kezka isuri horiengatik, eta harrezkeroztik segimendu bat egiten ari da arazo hau lehenbailehen konpontzeko.

Lehen analisien arabera, EIPCk hainbat isurketa-foku ditu; enpresak bidezkoa den baimena du atmosfera kutsa dezaketen jardueretarako, eta, beraz, Eusko Jaurlaritzaren kontrol eta jarraipen zorrotzeko araubidea bete behar du, eta, aldian-aldian, fokuen isuriak kontrolatu.

Bestalde, Udalak jasotako kexa guztien berri eman dio Eusko Jaurlaritzako Ikuskapen Zerbitzuari, eta enpresari eskatu dio azterlan bat egin dezala molestia horien arrazoiak identifikatzeko eta herritarrek salatutako usainen kausak desagerrarazteko eta ke-isuriak murrizteko beharrezkoak diren neurri zuzentzaileak inplementatzeko.

Arazoari soluzioa ematen saiatzeko, epe batzuk ezarri dira EIPCk beharrezkoak diren jarduerak egin ditzan. Eta horren harira, enpresak borondatea erakutsi du arazoa lehenbailehen konpontzeko eta herritarrei eragozpenik ez eragiteko.

Berriki egindako neurketen emaitzak aurkezteaz gain, enpresak uztail honetan bertan aurkeztu du bere instalazioen azterketa egin dutenen kontratuaren kopia, eta iragazketa-ekipoen, mahuka-iragazkien eta ikatz aktibozko iragazkien sistema bat instalatuko du, usainak eta eragozpenak sortzen ari diren arazoari irtenbidea emateko.

Udal-errekerimenduaren arabera, irailaren 30a baino lehen, egindako azterlanaren emaitzak aurkeztu beharko ditu enpresak, bai eta ezarri beharreko neurri zuzentzaileen deskribapena eta kronograma ere. Azterlana aurkeztu ondoren, bertan jasotako lanei ekingo zaie; haien egikaritze-epea hamar bat astekoa izango da, betiere urte honetako abenduaren 31 baino lehen amaitzeko konpromisoarekin.