Eibarko Udala
irisgarritasuna

Udalak Egogain eta Isasi kaleak lotuko ditu, igogailu baten bitartez

2024/12/04
Artxiboko irudia.
Artxiboko irudia.
Proiektuaren idazketa 2025eko aurrekontuak onartu ondoren enkargatuko da. Igogailua Egogain kaletik abiatu eta Isasi kaleraino iritsiko da, Armeria Eskolaren parean. Proiektuak berraktibatu egingo du gaur egun geldirik dagoen El Corte Ingles ondoko igogailua.

2025 urtearen hasieran, behin aurrekontuak onartuta, Eibarko Udalak proiektu baten idazketa enkargatuko du, igogailu bidez, Egogain eta Isasi kaleak lotzeko,  Armeria Eskolaren ondoan. Irisgarritasuna hobetzen duen proiektu hau herritarrek gehien eskatu dutenetako bat da. Hori horrela,  Jon Iraola Eibarko alkateak erabaki du indarrean dagoen gobernu-programan aurreikusitako hiria hobetzeko obren artean sartzea. 

“ Herritarrek behin eta berriro eskatzen dute kale hauek igogailu bidez lotzea . Izan ere, azaroan egindako auzo-bileran ere berriz atera zen gaia. Bileran bertan esan nuen, eta oraingoan berretsi egiten dut: 2025 urtearen hasieran obra egiteko proiektuaren idazketa enkargatuko dugu.

Proiektuak berraktibatu egingo du gaur egun geldirik dagoen El Corte Ingles ondoko igogailua, merkataritza-gunea itxi zenetik zerbitzuz kanpo dagoena.

“Ez dakigu kale biak oraingo igogailuaren bidez bakarrik lotuko diren, haren altuera handituta, edo ibilbidea osatzeko beste igogailu bat jarri beharko den. Enkargatuko dugun proiektuak argituko digu hori. Azpimarratu nahi dut, era berean, Isasi kalera irtengo dela Armeria Eskolaren eta La Salle Ikastetxearen arteko lorategi ingurutik. Izan ere, duela zenbait astetatik hona, dagozkion kudeaketa-lanak egiten ari gara Eusko Jaurlaritzarena espazio hori erabiltzeko aukera izateko, eta erabilera publikoa izateko”, gehitu du Iraolak.   

Igogailu hau egungo udal-gobernuaren beste ahalegin bat da, Eibarko hainbat kaletako irisgarritasuna hobetzeko. Hain zuzen ere, Obra Sailetako aurrekontuaren kopuru handi bat horretara bideratzen da. Horren adibide dira azkenaldian egindako igogailuak: batetik, Ubitxa eta San Kristobal kaleak lotzen dituena, eta, bestetik, inauguratu berri den Mekolakoa.

Egogain eta Isasi kaleak lotuko dituen proiektu berri honek bat egiten du udal-gobernuak epe labur/ertainera egitea aurreikusten duen irisgarritasun-hobekuntzekin, hala nola Barakaldo kaleko igogailuarekin. Igogailu horrek Estaziño eta Azitain kaleen arteko trenbidearen gaineko pasealekurako (eraikitzen ari dira) sarbidea emango du. Jardiñeta auzoko goialdeko bi igogailuak ere, 29-31 eta 33-35 zenbakien artean, 2025eko aurrekontuaren barruan daude aurreikusita. Horrez gain, Torrekua kalea Berdintasunaren Pasealekuarekin lotzen duen igogailua ere egingo da, Tiburtzio Anitua 30 kalearen inguruan, IES Ermua-Eibar ikastetxearen parean (lehengo Unibertsitate Laborala).