Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak dirulaguntzen programa berri bat jarri du martxan Eibarren finkatutako enpresek langabeak kontrata ditzaten

Eibarko Udala

Eibarko Udala.

2021/12/09

Lanbiderekin lankidetzan, programak 260.000 euroko diru-partida bat du eta eskabideak aurkezteko epea atzo hasi zen, abenduak 1, eta urtarrilaren 14an amaituko da. Berrogeita hamar bat kontratu finantzatuko dira eta emakumeen kontratuek beste % 10eko dirulaguntza bat izango dute.

Eibarko Udalak, Lanbide Enpleguaren Euskal Zerbitzuaren lankidetzarekin batera, dirulaguntzen programa berri bat jarri du abian, herrian finkatutako enpresek langabeak kontrata ditzaten. Laguntza hauen helburua da herriko enpresei diruz laguntzea, Eibarko pertsona langabeak lan-merkatuan kontrata ditzaten errazteko.

Programa honek 260.000 euroko diru-partida bat du; 251.250 euro Lanbidek finantzatuko ditu eta gainerakoa Udalak. Programaren bidez berrogeita hamar bat kontratu formalizatuko dira hiru eta sei hilabetekoak, lanaldi osoan edo lanaldi partzialean.

Jon Iraola alkateak dirulaguntza hauen garrantzia nabarmendu du, “eta are justifikatuago daude, pandemiak enpleguan izan dituen ondorio negatiboak direla-eta; dirulaguntza hauek ahalbidetu egingo dute Eibarko langabeak lan merkatuan sartzea eta herriko enpresek kontratatzea erraztea”.  Dirulaguntza hauek Udalak azken urteotan bultzatu dituen enplegu- eta formakuntza-programei gehitu behar zaizkie, eta “guztiak ere Udalak enplegua sortzen duen inplikazioaren adierazle”.

Iazko deialdiari dagokionez, aurten bi berrikuntza daude. Batetik, kontratuen % 40, gutxienez, emakumeei egin beharko zaizkie, eta halakoen dirulaguntza % 10eko handiagoa izango da. Eta, bestetik, kontratu guztiak dirulaguntza eskatzeko unean jada formalizatuta egon beharko dira.

Dirulaguntza jasotzeko baldintza batzuk bete beharko dira. Kontratatutako pertsonak Eibarren erroldatuta egon beharko du 2021eko urtarrilaren 1etik, gutxienez; kontratazioaren unean langabetua izan eta LANBIDEn enplegu-eskatzaile gisa izena emanda egon beharko du; ez du enpresaburuarekin ahaidetasun-harremanik izan beharko; eta, gainera, ez da diruz lagunduko enpresa berak langile bera kontratatzea, aurreko deialdietan dirulaguntza jaso badu.

Diruz lagunduko diren kontratuak 2021eko urtarrilaren 1etik 2021eko abenduaren 31ra bitartekoan egindakoak izango dira. Kontratuen gutxieneko iraupena hiru hilabetekoa izango da eta edozein kontratazio modalitateren bidez formalizatu ahalko dira, salbu eta formakuntza eta ikaskuntzarako kontratuarekin.  Kontratuak 2021eko urtarrilaren 1etik 2021eko abenduaren 31ra bitartean egindakoak izango dira eta diruz lagunduko den epea 2022ko ekainaren 30ean amaituko da, eragotzi gabe kontratuen iraupena epe horretaz haragokoa izatea.

Kontratuak dagokion sektorearen arabera egin beharko dira; eta ez dira diruz lagunduko onuradun bakoitzeko lau kontratu baino gehiago. Gutxienez hiru hilabeteko iraupeneko kontratuak finantzatuko dira; kontratuak lanaldi osokoak eta partzialekoak izango dira (lanaldiaren % 50 gutxienez).

Eskabideak eta dokumentazioa aurkezteko epea abenduaren 1ean ireki zen eta 2022ko urtarrilaren 14an amaituko da. Eskabideak elektronikoki egin beharko dira Udalaren webgunean (www.eibar.eus).

Programa honekin hainbat modalitatetako 50 bat kontratu finantzatuko dira. Hamar kontratu hiru hilabetekoak izango dira lanaldi partzialean, gutxienez % 50eko lanaldiarekin, eta dirulaguntzaren zenbatekoa kontratuaren lanaldi-portzentajearen proportzionala izango da, eta gutxienez 1.500 eurokoa. Beste hamar bat kontratu hiru eta sei hilabete artekoak izango dira eta lanaldi osokoak, eta dirulaguntzaren zenbatekoa kontratuaren lanaldi-portzentajearen proportzionala izango da, eta gutxienez 3.500 eurokoa.

Halaber, 25 kontratu formalizatuko dira sei hilabetekoak edo gehiagokoak, lanaldi osoan, kontratuko 6.000 euroko dirulaguntzarekin; eta bost kontratu sei hilabete edo gehiagokoak, lanaldi osokoak, kolektibo berezientzako (DSBE kobratzen dutenak, 35 urtetik beherakoak, iraupen luzeko langabeak, 55 urtetik gorakoak), eta dirulaguntzaren zenbatekoa kontratuko 9.000 eurokoa izango da gehienez.

Dirulaguntzaren zenbatekoa, gehienez ere, Gizarte Segurantzaren eta soldata-kostuen % 80koa izango da. Hala ere, kolektibo berezietako pertsonak kontratatuz gero, dirulaguntzaren zenbatekoa soldata-kostuen eta Gizarte Segurantzaren % 100era iritsi ahal izango da.

Onuradunak 2022ko uztailaren 15era arteko epea du, dirulaguntza emateko helburua bete duela justifikatzeko eta jasotako dirua zertan erabili duen justifikatzeko.