Eibarko Udala
trafikoa eta mugikortasuna

Eibarko Udalak San Kristobal auzoa koexistentzia-eremu bihurtuko du, abuztua amaitu ondoren egingo diren asfaltatze-lanen ostean

2026/07/22
San Kristobal kalea.
San Kristobal kalea.

Eibarko Udaleko Trafiko eta Mugikortasun Sailak San Kristobal auzoan koexistentzia-eremu bat sortzea bultzatu du. Jarduketa irailaren bukaeran amaituko da, San Cristobal auzoko asfaltatze-lanekin. Ekimen hau Trafiko eta Mugikortasun Sailak sustatutako bide-segurtasuna hobetzeko planaren barruan kokatzen da, eta auzoa oinezkoentzat irisgarriagoa, seguruagoa eta erosoagoa izatea ahalbidetuko du.

Koexistentzia-eremu berria auzoaren goiko aldetik Sostoatarren kaleko bidegurutzeraino hedatuko da, Xania tabernaren pareraino. Jarduketaren barruan, dagokion seinaleztapena jarriko da, galtzada zoladura inprimatuarekin asfaltatuko da, eta ibilbide osoan zehar eskubanda bat instalatuko da, segurtasuna indartzeko eta oinezkoen joan-etorria errazteko.

Alberto de la Hoz Trafiko eta Mugikortasuneko zinegotziaren hitzetan, “auzotarrek auzoan egiten duten ohiko ibilbidea aitortu dugu. Herritarrek egunero erabiltzen dute galtzada jaisteko eskailerak saihesteko, eta koexistenetzia-eremu hau sortuz, argi eta garbi bermatzen dugu oinezkoek lehentasuna dutela ibilgailuen aurrean. Gainera, duela gutxi instalatutako igogailuekin, San Kristobalen mugikortasuna benetan hobetzen duen neurri baten aurrean gaude.”

Lanek sei asteko iraupena izatea aurreikusten da, eta Trafiko eta Mugikortasun Sailak sustatzen duen mugikortasun jasangarriaren estrategiaren barruan kokatzen dira. Estrategia horren helburua espazio publikoa herritarren beharretara egokitzea eta oinezkoen joan-etorriak lehenestea da.

Jarduketa aurtengo asfaltatze-programaren barruan dago, eta horren bidez Urki eta San Kristobal auzoetako galtzadak berriztuko dira. Era berean, koexistentzia-eremu berriak auzozainak egindako txosten teknikoaren babesa jaso du. Auzozaina apirilaren hasieratik ari da Trafiko eta Mugikortasun Sailean lanean, eta proposamenaren bideragarritasun teknikoa baloratzeko aukera eman du.

“Auzozain berrien lanari esker, herritarren eskaerak eta iradokizunak hobeto bideratzen ari gara. Jarduketa hau sailen arteko koordinazio onaren eta egiten ari diren lan bikainaren erakusgarri da”, adierazi du Alberto de la Hozek. “Espero dut norabide honetan lanean jarraitzeak eibartarrek beren auzoetan ikusiko dituzten hobekuntza gehiago ekartzea”.

Obrek irauten duten bitartean, trafikoan eta aparkalekuan aldizkako afekzioak izan daitezke jarduketa-eremuan. Udalak aldez aurretik emango du beharrezkoak diren aldaketen berri, eta, lanak behar bezala gauzatu daitezen laguntzeko, herritarrek egoera ulertzea eta haien lankidetza izatea eskertu nahi du.