Udalak dirulaguntza jarri du martxan enpresa-proiektu berriak abiarazten eta dauden enpresak sendotzen laguntzeko

Aurten deialdi bakarrean batu ditu Udalak laguntza biak: edozein sektoretako ekintzailetza babesteko laguntza eta merkataritza-, ostalaritza- eta zerbitzu-sektoreko enpresak sendotzea helburu duena. Deialdiak 200.000 euroko partida du, eta eskaerak aurkezteko epea irailaren 1ean hasi eta urriaren 1ean amaituko da.
Eibarko Udalak deialdi bakar batean batu ditu ekintzaileentzako eta dagoeneko martxan dauden enpresentzako laguntzak, Eibarko enpresa-sarea dibertsifikatzea, dinamizatzea eta indartzea helburu. Gainera, hainbat aldaketa egin dira, laguntzaren eraginkortasuna eta inpaktua handitze aldera.
Dirulaguntzak 200.000 euroko partida du, eta erabilgarri dagoen kredituak baldintza guztiak betetzen dituzten eskaeren gastua estaliko ez balu, proportzionalki banatuko da, onartutako eskaera bakoitzaren zenbatekoaren arabera.
Eskaerak aurkezteko epea irailaren 1ean hasiko da eta urriaren 1ean amaituko da eta udal webgunearen bitartez (www.eibar.eus) izapidetu beharko dira elektronikoki, kasu bakoitzeko oinarrietan eskatzen den dokumentazioa aurkeztuta.
Enpresa-proiektu berrientzako babesa
1. laguntza-lerroaren (1 eranskina) helburua da ekintzaileei laguntzea beren enpresak sortzeko orduan, gastuen zati bat finantziatuz. Barne-ekintzailetzako prozesu baten edo jarduera-eskualdaketa baten ondorioz sortutako ekimenak ere babestuko dira.
Laguntza eskatu ahal izateko, besteak beste, baldintza hauek bete beharko dituzte interesa duten pertsonek zein erakundeek: lantokia Eibarren izatea; EJZn alta eman izana 2024ko azaroaren 1etik 2025eko irailaren 30era bitartean; Debegesan baliozkotutako jardueraren bideragarritasun-plana edo memoria-proiektua izatea; jarduera/enpresa gutxienez urte betez izatea altan; eta, 2025eko irailaren 30aren aurretik aurkeztea Udalean dagokion gaitze-titulua.
Onartutako eskaera bakoitzak, gehienez, 6.000 euro jaso ahal izango ditu, baina kopuru hori 10.000ra arte handitzeko aukera egongo da, betiere, baldintza hauetako batzuk betez gero: jarduera Eibarko sektore estrategikoen inguruan garatzea – Industria aurreratua, Sportech eta Trantsizio ekologikoa –; Errebaleko postu finkoetakoren edo Udaleko inkubagailuetako batean kokatzea; enplegua sortzea (sustatzaileak aintzat hartu gabe); edo sustatzaileen edo bazkideen erdiak emakumeak izatea.
Diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira lokala lehen urtean alokatzea, lokala erostea, jarduera eskualdatzearen ondoriozko gastuak eta negozioa abian jartzeko bestelako gastu eta inbertsioak, % 10 eta % 50 arteko mugekin.
Dirulaguntzaren % 70 laguntza ematen den unean ordainduko da, eta gainerako % 30a justifikatu ondoren. Justifikazioa bi hilabeteko epean egin beharko da, EJZn alta eman zenetik urtebetera.
Enpresak sendotzeko babesa, lekualdaketagatik edo modernizazioagatik
2. lerroaren xedea (2 eranskina) da Eibarko merkataritza-, ostalaritza eta zerbitzu-sektoreko enpresen lekualdatzea edo modernizazioa babestea.
Dirulaguntza hau eskuratu nahi duten enpresek, besteak beste, baldintza hauek bete beharko dituzte: enpresa-jarduerak Eibarren izatea lantokia, eta instalazioak 2025eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean Eibarren/Eibarrera lekuz aldatu/modernizatu izana. Era berean, EJZn alta emanda egon beharko du 2024ko urtarrilaren 1 baino lehenagotik.
Udal-dirulaguntzaren zenbatekoa diruz lagundu daitezkeen gastuen % 50ekoa izango da, eta gehieneko kopurua 3.000 eurokoa. Zenbateko hori 2.000 eurotan handitu ahal izango da JEZ nagusia deialdiaren 2.1 eranskinean zehaztutako epigraferen batean duten enpresen kasuan.
Diruz lagundu daitezkeen gastuei dagokienez, 2025eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitarteko fakturak dituzten jarduerak sartzen dira. Zehazki, honako hauek lagunduko dira diruz: lekualdatzeko edo modernizatzeko beharrezkoa den aholkularitza; jarduera ekonomikorako lokalak erosteko inbertsioa; lokalak eraberritzeko eta egokitzeko obrak, betiere profesionalek egiten badituzte; oinarrietan zehaztutako inbertsioak; eta kalitate-arauak ezartzeko edo araua ziurtatzeko aholkularitza.
Eskaera onartzen bada, justifikazioaren ondoren ordainduko da, zeina 2026ko martxoaren 2aren aurretik egin beharko baita.