Udalak deialdi berri bat ireki du prestakuntza-ekintzak diruz laguntzeko

Diruz lagunduko da Lanbide Heziketako gradu ertain edo goi-graduak egitea, eta enplegagarritasuna handitzen duten ekintzak, hala nola atzerriko hizkuntzen ikastaro ofizialak edo gidatzeko karneta ateratzea. Onartutako eskabide bakoitzak gehienez 500 euroko laguntza jaso ahal izango du; kopuru horretan sartzen dira formazio-ekintzaren gastuak, beharrezko materialak edota prestakuntza-zentrora joateko garraioaren kostuak.
Enplegagarritasuna handitzeko formazio-jarduerak egiten dituzten Eibarko langabeek zein lan hobe baten bila ari diren pertsonek aurten ere udal-dirulaguntzak eskatu ahal izango dituzte. Udalak programa honen beste edizio bat jarri du abian, eta 10.000 euroko partida bat esleitu du horretarako. Dirulaguntzen onuradun izango dira Eibarren erroldatuta egon eta unibertsitate mailakoak ez diren prestakuntza-jarduerak egiten dituzten pertsonak, baldin eta jarduerak 2024ko irailaren 1etik aurrera hasi eta 2025an zehar amaitzen badira; edo 2025an hasi eta 2026eko ekainaren 30a baino lehen amaitzen badira. Ez dute dirulaguntzarik jasoko 2024ko deialdian jada eskatu ziren prestakuntza-jarduerak, salbu eta ikastaro desberdinak badira edo goragoko maila batekoak.
Jon Iraola alkatearen hitzetan, “prestakuntzarako laguntzen deialdi berri honekin, Eibarko Udalak berretsi egiten du lan bila ari diren edo beren lan-egoera hobetu nahi duten hiriko pertsonekin dugun konpromisoa. Badakigu prestakuntza dela, gaur egun, aukera profesional berriak irekitzeko tresna nagusietako bat, eta horregatik nahi dugu inor atzean ez geratzea, arrazoi ekonomikoengatik. Dirulaguntza honen bidez, lanbide-heziketako ikasketetara, hizkuntza-ikastaroetara edo gidabaimena lortzera iristea erraztu nahi dugu. Izan ere, horiek aldea eragin dezakete lana aurkitzeko.”
Dirulaguntza honek enplegagarritasuna hobetzea eta lan-merkatuan sartzeko aukera gehiago ematea du xede. Horren harira, diruz lagunduko da Lanbide-Heziketako gradu ertain edo goi-gradu bat egitea, eta enplegagarritasuna hobetzen duen beste edozein kurtso egitea, baita atzerriko hizkuntza-ikastaro ofizialak ere. Dirulaguntza eskatu ahal izango da baita ere gidatzeko karneta ateratzeko kurtsoetarako, A motakoak izan ezik (motozikletak). Dirulaguntza formazio-jarduera batengantik bakarrik eskatu ahalko da, hau da, pertsona batek ezingo du dirulaguntza-eskaera bat baino gehiago egin.
Udal-laguntza hau eskuratzeko baldintzak hauexek dira: Eibarren erroldatuta egotea, gutxienez, 2022eko urtarrilaren 1etik aurrera; 23 urte edo gehiago izatea, 2025ko urtarrilaren 1ean; langabezian egotea edo lan hobe baten bila aritzea eskabidea egiteko unean, alegia, urtebetetik beherako eta iraupen jakineko kontratuak izatea, lanaldi partzialeko kontratuak izatea eta 1.200 eurotik beherako hileko ordainsari garbia —aparteko ordainsarien hainbanaketa barne— duten kontratuak edukitzea.
Beste baldintza bat da eskatzaileak formazio-jarduera erabat gainditzea, hau da, formazio-jarduera eta hura osatzen duten ikasgai guztiak gainditu behar ditu. Hizkuntza-ikastaroen kasuan, formazio-jarduera erabat gainditutzat emateko titulazio ofizial bat eskuratu beharko da. Gidabaimena eskuratzeko ikastaroen kasuan, baimena lortzea izango da baldintza.
Eman daitekeen gehieneko dirulaguntza pertsonako 500 eurokoa izango da. Diruz lagunduko dira formazio-ekintzaren kostua, hura egiteko beharrezkoak diren materialak eta formazio-zentrora joateko garraio-gastuak, Eibarren kokatutako zentroetara egindako joan-etorriak salbu.
Eskabideak eta dokumentazioa aurkezteko epea hasi da dagoeneko eta 2025ko urriaren 31ean amaituko da. Eskabideak modu presentzialean aurkeztu ahal izango dira (Pegorako bulegoetan), elektronikoki www.eibar.eus udal webgunearen bidez, edo Administrazio Publikoen erregistroetan.
Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak hauexek dira: eskabidea bera, behar bezala beteta (Pegoran eta Udalaren webgunean dagoen ereduaren arabera); eskatzailearen NANa; eskatzailearen banku-kontuaren titulartasunaren justifikazio-agiria; prestakuntza-jardueraren matrikula-orria; langabezian egonez gero, Lanbidek emandako inskripzio-aldien ziurtagiria; enplegua hobetzeko egoeran egonez gero, lan-kontratua eta azken hiru nominak eta Gizarte Segurantzak emandako lan-bizitzaren dokumetua.