Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak baserri-bideetako segurtasuna indartu du, Mandiola, Agiñaga eta Arrate bailaretan 400 metro jarrita

Mandiola bailara. Argazkia: www.egoibarra.eus

Mandiola bailara. Argazkia: www.egoibarra.eus

2023/06/14

Gainera, Izuatik Usartzarako pistan eta Arratetik Iturburura doan errepidean 200 metro bide-babes inguru konpondu dira. Bi jarduketen inbertsioa 40.000 eurokoa da eta Udalak eta baserritarrek landa-eremuen hobekuntza-lanak egiteko hartutako akordioaren parte da.

Eibarko Udalak, landa-eremuen ingurunea hobetzeko planarekin jarraituz, 400 metro lineal inguru bionda edo metal egitura jarri ditu, baserrietara doazen pisten segurtasuna bermatzeko eta hobetzeko asmoz.

Hiru landa-eremutan gauzatu da jarduketa. Mandiola bailaran 72 metro bionda jarri dira Amazalegigoikoko jaitsieran; Sagarbieta inguruan 38 metro lineal jarri dira, eta Matxaria industrialdearen jaitsieran, 52 metro. Agiñaga auzoan 72 metro bionda jarri dira Arandoguena baserritik behera, eta Oregizar baserriaren jaitsieran beste 56 metro. Arrate bailaran 110 metro jarri dira Argiñao inguruan.

Gainera, aldi berean, Udalak baserri-auzoetako beste leku batzuetan dauden 200 metro inguru bionda konpondu ditu. Izuatik Usartzarako bidean 180 metroko baranda-zatia konpondu da, eta beste 12 metro Arrateko bidetik Iturburura doan bidean.

Horrela, Udalak, guztira, 40.000 euro inguru inbertitu ditu jarduera horietan; horietatik 28.212 euro bionda berriak jartzeko izan dira eta beste 12.000 euro lehendik jarrita zeudenak konpontzeko.

Lan hauek joan den urteko azaroan Udalak eta Andirao Baserritarren Elkarteak Eibarko landa-ingurunea hobetzeko ekintzetarako hartu zuten akordioaren barruan sartzen dira. Akordioaren arabera, bost urtean 1.750.000 euro ematea erabaki zen, 350.000 euro urteko, baserritarrek une bakoitzean lehentasunezkotzat jotzen dituzten lan edo egitekoetarako.

Zehazki, ekitaldi honi dagokionez, orain baserri-bideen segurtasuna bionda bidez indartzeko jarri diren 40.000 euroei Udalak aurtengo bigarren seihilekoan Arrateko errepidearen eta Mandiolagainekoa, Azpiri eta Agirreazpikoa baserrien arteko pisten zati batzuk asfaltatzeko prestatutako 300.000 euroak gehitu zaizkie.

Jarduketa bietan (asfaltatzea eta biondak edo bide-babesak jartzea), Udalak kontuan hartu ditu Andirao Elkarteak egindako proposamenak; izan ere, baserritarrek berek ezartzen dituzte kasu bakoitzean jarduteko lehentasunak, Udalarekin batera adostutako aurrekontu-akordioaren arabera.

Alde horretatik, Jon Iraola jarduneko alkateak zera gogorarazi du: “Bere garaian hitzeman genuen bezala, eta baserritarrek ezartzen dizkiguten lehentasunen arabera, urte bakoitzerako planteatutako inbertsioak gauzatzen joango gara”.