Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak asfaltatu egingo ditu Arrateko errepidea Agirreazpikoa baserriarekin lotzen duen landa-bidearen zati bi

Argazkia: www.egoibarra.eus

Argazkia: www.egoibarra.eus

2023/06/05

Laster aterako da obra lizitaziora; inbertsioa 330.000 euro ingurukoa da eta aukera emango du Mandiola eta Gorosta bailaretako baserrietarako sarbideak hobetzeko. Jarduera Udalak eta Andirao baserritarren elkarteak lortutako akordioaren parte da, eta hari esker bost urtean 1.750.000 euroko inbertsioa egingo da landa-bideak hobetzeko.

Eibarko Udalak hil honen amaieran edo uztailaren hasieran aterako du lizitaziora Arrateko errepidetik Agirreazpikoa baserrira doan pistaren bi zati asfaltatzea xede duen proiektua; zehazki, Arrateko bidetik Mandiolagainekoa baserriraino doan zatia eta Azpiri baserritik Agirreazpikoa baserriraino doana.

Egingo diren lanen kostua 330.000 euro ingurukoa da, eta adjudikatu ostean, aurtengo bigarren seihilekoan zehar egingo dira. Azpimarratu behar da Arrateko bidearen eta Mandiolagaineko baserriaren arteko zatiaren asfaltatze-lanetarako, Udalak 35.000 euroko dirulaguntza bat duela, lurraldeko udalerrietako landa-bideetarako Gipuzkoako Foru Aldundiaren programaren barruan, eta horixe dela Udalak eskura zezakeen gehieneko dirulaguntza.

Landa-bideak hobetzeko jarduera hau Udalak Andirao baserritarren elkartearekin 2022ko azaroan lortutako akordioaren barruan sartzen da; akordio horren bidez erabaki zen bost urtean 1.750.000 euro bideratzea, alegia, urtean 350.000 euro, Eibarko landa-ingurunea hobetzeko jardueretarako.

Akordio horretan oinarrituta, Andirao arduratuko da lehentasunak ezartzeaz, egin beharreko obrei dagokienez. Zentzu horretan, erabaki da aurten egin beharreko proiektua Arrateko bidearen eta Agirreazpikoaren arteko bi zati hauen hobekuntza izatea.

Proiektu honen lizitazioa dela eta, Jon Iraola Eibarko jarduneko alkateak zera esan du: "Bere garaian hitzartu genuen bezala, baserritarrek ezartzen dizkiguten lehentasunen arabera, urtero 350.000 euro inbertituko ditugu landa-bideak hobetzen”.

Akordioa indarrean sartzen den lehen urte honetan, aipatutako zatiak egingo dira, "erantzuna emanez Eibarko baserritarrei; izan ere, aspalditik ari dira hobekuntzak eskatzen, baina kasu batzuetan ezin izan zaie aurre egin, inbertsio handia egin behar zelako”.