Eibarko Udala
obrak

Udalak Arragueta kaleko berrurbanizaziorako lizitazioa hasi du

2025/09/30
Arragueta kalea.
Arragueta kalea.

Obrak erabateko eraldaketa ekarriko du 1 zenbakiaren eta Urkizuko pasealekuaren artean. 1,2 milioi eurotik gorako aurrekontua du proiektuak; hobekuntzak egingo dira irisgarritasunean, argiztapenean eta konexio urbanoan.

Eibarko Udalak abian jarri du Arragueta kalearen berrurbanizazio integralaren aurreko lanen lizitazio-fasea. 1.235.539,71 euroko aurrekontua (BEZa barne) duen proiektuak ingurune enblematiko honen eraldaketa osoa ekarriko du.

Lehenengo lana izango da 16 zenbakia botatzea. Eraikin hori udalak eskuratu zuen, egingo den esku-hartzea errazteko. Lan hauek hasiera emango diote 2025eko lehen hiruhilekoan egingo den birmoldaketa bati, eta jarraipena izango dute Arragueta kaleko 1 zenbakiaren eta Urkizu pasealekuaren arteko zatiaren obrekin.

Proiektuak berrurbanizazio orokor bat aurreikusten du, Errebal kalearen estetikari jarraituko diona. Espaloiek bi metroko zabalera izango dute alde bakoitzean, zorua berriztuko da galtzada-harrizko asfalto inprimatuarekin, eta hobekuntza nabarmenak egingo dira argiztapenean eta irisgarritasunean. Gainera, konexio berri bat egingo da Bidebarrieta kalearekin, eraitsitako eraikinaren ondotik.

"Arraguetarekin pauso bat gehiago ematen dugu gure hirirako dugun asmoan:  espazio seguruak, erosoak eta pertsonentzat pentsatuak. Proiektu hau ez da urbanismoa bakarrik, kohesio soziala eta bizi-kalitatea ere bada”, adierazi du Jon Iraola alkateak.

Bestalde, Pedro Escribano Obretako zinegotziak lanen garrantzia azpimarratu du: "Esku-hartzeak diseinu moderno eta irisgarria emango dio Arraguetari.  Obra honek kalea ez ezik, auzotarrek espazio publikoarekin duten harremana ere hobetu egingo du”.