Udalak aldatu egin ditu gizarte-larrialdietako dirulaguntzen irizpideak, premia handiena dutenengana iristeko
Egokitu egin dira dirulaguntzak zaurgarritasun-egoeran dauden familiei hobeto erantzuteko. Tramite arinagoak eta gardentasun handiagoa GLLetan.
Eibarko Udalak eguneratu egin ditu Gizarte Larrialdietarako Dirulaguntzen irizpideak, prestazio horiek zaurgarritasun ekonomiko handiena duten pertsonei eta familiei iritsiko zaizkiela bermatzeko. GLLak helburu konkretu baterako laguntzak dira, gastu jakin batzuetarako (arruntak edo bereziak) eta gizarte-bazterkeriako edo -arriskuko egoerak prebenitzeko eta saihesteko.
Jon Iraola alkateak hauxe nabarmendu du: “Irizpideak aldatzea eta errealitate sozial berrietara egokitzea funtsezkoa da momentu gogorrak pasatzen ari diren herritarrengana ailegatzeko. Laguntza hauek aldi baterako babesa dira, eta beste akonpainamendu batzuekin osatzen dira, betiere helburua pertsonaren egoera hobetzea izanik.
Sonia Archeli Gizartekintzako zinegotziak: “Berrantolatu egin dugu zerbitzua, eskabideak erosoago eta arinago egin ahal izateko. Murriztu egin dira bisita presentzialak eta online erako gestioa ere eskaintzen da, hala, irispide errazago eta gardenagoa bermatze aldera”.
Sonia Archeli Gizartekintzako zinegotziak hauxe gehitu du: “Irizpide hauek eguneratzeak oreka bat bilatu nahi du baliabide publikoen erabileraren erantzukizunaren eta Eibarrek betidanik izan duen sentsibilitate sozialaren artean. Nahi duguna da dirulaguntzek beren funtzioa betetzea: erantzun azkarra ematea larrialdietako egoerei, baina baita pertsonak orientatzea eta laguntzea ere, oreka eta autonomia berreskuratu dezaten”.
Alberto de la Hoz 2. alkateordeak adierazi duenez, "koalizio gobernutik laguntzak esleitzeko irizpideak berrikusteko konpromisoa hartu genuen tasen negoziazioan, eta, beraz, bere garaian herritarrei egindako promesak betetzen jarraitzen dugu".
Aldaketen artean, nabarmendu behar da etxebizitzarekin lotutako gastuak doituko direla, eta mugatu egingo direla eskabideak, babes ofizialeko etxebizitzen edo bestelako etxebizitza-laguntza ekonomikoen onuradunen kasuan. Halaber, gehieneko zenbatekoak ezarri dira alokairuetarako, baterako errentamendurako, azpierrentamendurako edo apopilotzarako, eta berrikusi egin da eskatzaileen ondare-egoera indarrean dagoen araudiaren arabera.
GLLek jarraitzen dute honako gastu hauek bermatzen: etxebizitza, etxebizitzaren mantentzea, energia, lehen mailako premiak eta araudien araberako beste gastu batzuk, hala nola zorpetzea, altzariak edo konponketak. Gainera, onuradunek urtean zehar lau alditan justifikatu beharko dituzte gastuak, presentzialaki edo Udalaren webgunearen bidez telematikoki, kontuak behar bezala egiaztatuz eta espedienteen jarraipena egiten dela ziurtatuz. Justifikazio hau aurrez aurre egin ahal izango da, Portaleko Gizartekintzako bulegoetan edo gll.eibar.eus webgunearen bidez, espedientea beharrezkoak diren datuekin lotuz: NANa, GLL kontzeptua eta justifikatu beharreko hilabetea; horrek jarraipen arinagoa eta erosoagoa ahalbidetzen du.
Eskabideak egiteko epea 2026ko urtarrilaren 7tik urriaren 23ra bitartean izango da, eta laguntzari eragiten dion edozein aldaketa Gizartekintzari jakinarazi beharko zaio, 15 eguneko epean. Gainera, iazko errekerimendu eta minorazioak maiatzaren 19a baino lehen ebatziko dira.
Gardentasuna bermatzeko eta herritarrek baldintza eta prozedura guztiak ezagutu ditzaten, informazio-dokumentu bat egin da, Udalaren webgunean eta Gizarte Zerbitzuen Sailean bertan eskuragarri egongo dena.