Eibarko Udala
dirulaguntza humanitarioa

Udalak 6.000 euroko dirulaguntza humanitarioa bideratuko du Valentziako DANAk kaltetutako biktimei laguntzeko

2024/11/04
Artxiboko irudia. Eibarko Udala.
Artxiboko irudia. Eibarko Udala.
Dirulaguntza Gurutze Gorriaren bidez bideratuko da, zeina bertan ari baita lanean hondamendiaren ondorioak arintzeko eta herritarrei laguntza emateko.

Eibarko Udalak, Alkatetzaren proposamenez, 6.000 euroko partida bat bideratzea erabaki du, laguntza humanitario gisa, urriaren 29an Valentziako Erkidegoa, Gaztela-Mantxa, Andaluzia eta Murtziako Eskualdea gogor astindu zituen DANAk kaltetutako pertsonei laguntzeko. DANA bat (Depresio Isolatua Maila Altuetan) fenomeno meteorologiko bat da, euri jasa gogor eta bortitzak eragiten dituena; horren arrazoia da altueran aire hotza metatzen dela aire beroago batez inguratua, eta horrek ezegonkortasuna sortzen duela atmosferan eta ekaitz eta uholde handiak eragiten.

Hondamendi natural horrek kalte larriak eragin ditu, 221 heriotza, eta galera material handiak uholdeen, luizien eta beste efektu suntsitzaile batzuen ondorioz. Hala, Eibarko Udalak erantzun egiten dio kaltetuei laguntzeko egindako deiari. DANAren euri-jasa handien ondorioz, ibaiek gainezka egin dute; etxebizitzak, dendak eta azpiegiturak urez bete dira; errepideak moztuta geratu dira, eta kalte larriak izan dira kaleetan. Gainera, pertsona asko aldi baterako isolatuta eta larrialdi-egoeran egon dira.

Eibarko laguntza Eibar-Ermua Gurutze Gorriaren bidez bideratuko da; erakundearen boluntario eta langile taldea mobilizatu egin da larrialdietarako hainbat laguntza entregatzeko: elikagaiak, mantak eta kaltetuei arreta emateko beharrezkoak diren beste oinarrizko baliabide batzuk. Ekarpen ekonomiko hau ‘Hondamendi naturaletarako dohaintzak’ izeneko partidaren kontura egingo da, Udalak urtero bere udal-aurrekontuetan Lankidetza Sozialeko Proiektuetarako gordetzen duen diru-kopuruaren barruan. Aurreko urteetan, Udalak premiazko laguntzak ere bideratu ditu krisi humanitarioetarako, hala nola 2021ean La Palma uhartean izandako erupzio bolkanikoaren kasuan.