Udala elizaren eskura jarri da, San Andres parrokia birgaitzeko lanetan laguntzeko

San Andres parrokiako artxiboko irudia.

San Andres parrokiako artxiboko irudia.

2023/05/05

Jon Iraola alkateak gutun bat bidali du Gotzaindegira, lan horiek ahalik eta bizkorren hasteko eskatuz, eraikinaren osotasuna eta babesa bermatzeko. Parrokiako arduradunek jakinarazi dute eliza itxita egon behar dela denbora luze baterako, egitura konpondu eta sendotzeko, kalte handiak baititu, eta horrek arriskua dakar.

Jon Iraola Eibarko alkateak gutun bat bidali dio Donostiako Gotzaindegiari eta bertan zera dio: “Alkatetza eta, hedaduraz, Udala zuen esanetara gaude San Andres parrokiako eraikina konpondu eta zaharberritzeko lanak egiten hasteko eta burutzeko behar den guztian laguntzeko.” Idatzi berean Iraolak eskatzen du “ahalik eta lasterren hastea eliza konpondu eta/edo zaharberritzeko lanak, eraikinaren osotasuna eta babesa bermatu eta eliza berriro zabaldu ahal izateko.”

Iraola alkateak dioenez “aste honetan, Alkatetza honek jakin du, San Andres parrokiako parrokoaren bidez, eliza urte batzuetarako ixteko erabakia hartu dela, denbora horretan eraikinaren egitura konpondu eta sendotzeko premiazko lanak egin ahal izateko; izan ere, gaur egun kalte handiak ditu, eta horrek erorketak izateko eta behera etortzeko arriskua dakar.”

Alkateak bere idazkian gogorarazi duenez, nahiz eta Udalak ez duen inolako erantzukizunik eraikin honen inguruan, “Eliza hau dugu Eibarko arkitektura-, arte- eta ondare-balio handieneko eraikinetako bat, baita hiriaren ikur eta erakargarri turistiko nagusietako bat ere.” Gaineratzen du “eibartar guztiek lotura emozional eta sentimentala dutela erreferentziako gurtza-leku horrekin”.

Hala, alkatea Gotzaindegiaren eskura jarri da, lanak finantzatzeko bideak bilatzen laguntzeko, beste erakunde batzuekin bitartekari-lanak egiteko eta, azken finean, lan horiek egiten hasteko eta burutzeko behar duen guztian laguntzeko.

Jon Iraolak uste osoa du elizako agintariak bat etorriko direla “urgentziaz jokatzeak eta eraikinaren egitura sendotzeko lanak egiteko behar diren izapideak hasteak  garrantzi handia duela esaterakoan".